Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Ziminoaren hizkuntza

 

Kontakizuna aurrera eramateko orduan, ziminoaren berbetaren enigma onuragarri izan zaio zenbait artistari, poxelu beste zenbaiti.

 

        1.— Edgar Allan Poek etekin ederra atera zion ziminoaren mintzo gizakiontzat nahasgarriari. Morgue karrikako hilketak ipuinean, Madame L'Espanaye eta bere alaba basatiki hilik agertu dira. Amaren lepoa hain gogor izan da ebakia dilin-dalan gelditu baitzaio burua. Alaba berriz bortizki bultzatu dute tximinian gora. Hilketaren lekukoek hiltzailea hizketan entzun omen zuten. Ahots karrankaria zuen. Lekuko batek dioenez, «karrankaria baino gehiago latza, gordina». [71]

        Dena den, hiltzailearen hizkuntza zehazteko orduan, hotsen lekukoen bertsioak ez datoz bat. Frantsesen ustez, hegoaldekoa zen: jendarmearentzat gaztelera, eta zilargilearentzat berriz italiera. Lekuko holandar batek dioenez, frantsesez mintzo zen. Jostun ingelesaren iritziz, alemanez. Alfonzo Garcio espainolak ingelera zela ziurtatuko du. Alberto Montani gozogile italiarrak aldiz errusiera zela. Alegia, lekuko guztiei irudituko zaie ezezaguna zaien hizkuntza batean mintzo zela hiltzailea, modu karrankari, latz eta gordinean.

        Auguste Dupin detektibe argiak ondorioztatuko du ez zutela inongo giza hotsik entzun. Orangutan bat izan baitzen hiltzailea.

 

        2.— Max, mon amour filmean, Margaret protagonistaren familia hizkuntza ingelesa da, frantsesez ere badakiten arren. Bere amorante Max txinpantzea ere elebiduna da (soilik pasiboa). Hala ere, Margaretek eta bere sendiak frantsesez egingo diote txinpantzeari, semeari ez bezala baina Victoria Abril neskameari bezala. Hegoaldekoari hegoalderaz behar baitzaio mintzatu. Eta anitz ingelesentzat da txinpantzea neskame espainola bezain hegoaldeko.

 

        3.— Filmak baino krudelagoa izaten da errealitatea, eta Espainiak ere baditu bere morroiak, baditu bere txinpantzeak, badu bere hegoaldea, mapetan behealdean ageri ez bada ere beti. Valentziar Herrialdeko Agullent herrian, Rafael Espí eta Josepa Ibáñez senar-emazteek ume txinatar bat alabatzat hartu nahi izan dute. Debekatu egin diete.

        Bikotearen hizkuntza katalana da. Ordea, txosten ofizialak hitzez hitz dioenez, «no saben hablar». Zergatik? Katalanez primeran mintzatu arren, espainolez ez baitira hain ondo moldatzen: «dificultades en la comprensión verbal, ya que normalmente se expresan en catalán»; ondorioz, «cuentan con pocos recursos personales para asimilar contenidos». Víctor Aleixandrek jakinarazi digunez, «iritzi horiek nahikoa izan ziren, senar-emazte haiei adopzio-izapide orotan ezinbestekoa den egokitasun-ziurtagiria ukatzeko». [72]

 

        4.— Gisakoetan, kultura indartsura lerratzeak dirudi erosoena. Baina asimilazioak ere baditu bere arazoak. Franz Kafkak, Akademia batentzako txostena ipuinean, zimino bat erakusten digu, Kepa Gorria, gizakiek bezala jokatzen ikasi duena. Akademia baten aurrean, zimino izatetik gizaki izatera nola igaro zen kontatzera doa. Berak dioenez, dena den, aldaketa hain izan da sakona, ezingo baititu modu egokian deskribatu zimino zenean zeuzkan emozioak eta esperientziak.

        Urre Kostako oihan batean bizi zela, ehiztari batzuek tiro egin eta harrapatu zuten. Itsasontziz eramango dute Europara, kaiolaturik. Jaio zenez geroztik lehenbizikoz aurkitzen du bere burua nahi bezala mugitzeko aski tokirik gabe. Ihesbideren baten bila, marinelen ohiturak aztertu eta imitatuko ditu, aise. Alkohola edateko beharko du ikasbiderik gogor eta luzeena. Kontakizunean zehar zimino ohiak behin eta berriro azpimarratuko du, giza jokabidea ikasi zuela ez gizaki izan nahi zuelako, baizik kaiolatik ihes egiteko aukeraren baten bila.

        Behin Hamburgen, ohartu da aukera bi baino ez duela: Zoora edo bestela Variete-etara, Music Hallera. Azken hau hobetsiko du, ez baitu berriro kaiolan nahi. Goitik behera emango zaio gizatiar bilakatzeko ahaleginari, antzeztearen bidez «ihesbidea» aurkitzeko lain bai behintzat. Hainbat irakasleren laguntzaz lortu egingo du. Orain giza europarraren batez besteko heziketa maila du. Eta sekulako arrakasta bere ikuskizunak.

        Ipuina aldi berean da groteskoa eta jasoa, kontraste bizia egiten dute idazkera zientifikoak eta eduki irrigarriak. Kafkaren adiskide Max Brodek idatzi zuen, eta Kafkak ez zuen egundo ukatu, Akademia batentzako txostena «asimilazioaz inoiz idatzi izan den satirarik jenialena» dela. José Rafael Hernández Arias berezilaria eta Kafkaren biografo Nicholas Murray ere, besteak beste, bat datoz Brodekin: ipuinak, Europan kokatzen alferrik ahalegintzen ari zen judu belaunaldi baten desesperazioa islatzeaz gain, Kafkaren uste oso hau ere nabari du: erabateko asimilazioa ezinezkoa da. [73] Gizakirik higuingarrienak sarituko du hain zuzen ziminoa, giza endara hurbiltzeko ahaleginengatik.

 

        [71] «Harsh rather than shrill», «The Murders in the Rue Morgue», The Portable Poe, New York, Penguin, 1983, 357 or.

 

        [72] Hitza hormaren kontra, Pamiela eta Nabarralde, Iruñea, 2007, 125 or. Jon Oyanguren, Joseba Ossa eta Maitane Ugarte itzultzaile.

 

        [73] José Rafael Hernández Arias, Cuentos completos, Valdemar, Madrid, 2001; Nicholas Murray, Kafka, New Haven, Yale University Press, 2004.