Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Ziminofiloen ustezko pudoreaz

 

Zoofiliaren unibertsoan bada ziminoari loturiko datu deigarri bat: antropoideak eta gu oso gara hurbilak, ia berdina dugu genoma, hibridazioaren hipotesiaren arabera behiala ziurrenik sexu harremanak elkarrekin eduki genituen...

        Hala ere, zoofiliarako oroz lehen zaldia eta zakurra maite ditugu. Epelago, baina ahuntza, sugea eta arraina ere bai. Ziminorik ez ordea, edo apenas. Hori erakusten du bederen Internetek. Zoofilia ziminoarekin, sarean aipatu egiten da, baina doinu nolabait esan zientifiko batez; ez dira haatik zoofiloak berotzeko moduko bideoak jartzen. [74]

        Deigarri gertatzen da bestalde bestialismo weborrietan «horse suck», «dog fuck», «snake sex» edo «Cicciolina inculata dal cavallo» lasai asko aipatzen diren bitartean, ziminofilia argazki eta bideo urriak «bestiality sex» edota «exotic porn» zehaztasunik gabeko izenburu engainagarrien pean agertzea.

        Zergatik azaltzen ote dira askoz ere sarriago (eta beraz, pentsa liteke, erabili ere bai) zakurra eta zaldia txinpantzea edo bonoboa baino, azken hauek hurbilago ditugun arren? Dauzkagun datuak aztertuta, zoofiloentzat ziminoak ematen du, animalia ororen artean, lotsagarriena. Edo baliteke zoofilo mota guztien artean ziminofiloa izatea berez herabeena. Zergatik ordea?

        (Gizonak Nietzscheri lotsa eragiten dio, gizona edozein zimino baino ziminoago omen baita. [75] Lotsa ospetsu hori ulertzekotan, Freudek Nietzscheren ziminofilia erreprimitua suposatzea aholkatuko liguke apika.)

        Ziminoen urritasun horretaz Eibartarrak foroan galdetuta Leire Narbaiza animaliazaleak erantzun duenez, preseski, gizona eta primatea «hain igualak izanda, ez dabe zoofilixia danik konsiderauko». [76] (Ildo berean, gogora dezagun Arnaldo Otegiren adierazpena: lesbiar batek aitortu zion gizon batekin oheratzea bestialismo hutsa zitzaiola.)

        Imanol Trebiño liburuzainak hurbiltasun genetikoa eta fisikoa bereizi ditu: «Neri gertutasun kontua emoten desta. Zer dago 'gure kulturan' gertuen? Ez genetikoki, fisikoki. Etxabereen artean ez da tximinoa sartzen, eta tximino bat lortzeko... zirku batean ez bada... zootan begittuta... Madrilen edo gertuen?». [77]

        Aldiz, anonimotasuna gorde nahi duen emakume batek berdintasuna funtsezkotzat jo du, Narbaizaren bidetik, ziminofiloen uzkurtasuna ulertzeko orduan. Baina bestelako ondorioak atera ditu. Anonimoaren iritziz, ahuntza, sugea, zakurra, zaldia eta arraina gu ez bezalakoak dira zeharo, eta urrutitasun horrek gizagabetu egiten ditu, erdi dardaragailu bihurtu. Aldiz, ziminoak gurekin duen antzak berak bilakatuko luke munstrotsu, intzestu eta izugarri harekiko txortaldia. Hipotesi honek ziminofiloen balizko lotsa ere azalduko luke.

        Nabaritzekoa da, ezusteko handia izan ez arren, hiru emakumeek —Leire Narbaizak, lesbiarrak eta anonimoak— gizonaren eta ziminoaren arteko antza azpimarratu izana eta Trebiño gizonak berriz urrutitasuna, bizilekuari dagokiona baizik ez bada ere.

        Trebiñorentzat, hortaz, «normala» litzateke hurbilen duguna, eskura, erabiltzea; emakume anonimoari berriz itxurari, jokabideari eta genomari dagokienez hurbilen duguna erabiltzea munstrotsu eta lotsagarri zaio. Hipotesi bateragarriak dira, arazo desberdinek elkar osa dezaketen heinean. Nolanahi ere, ideiok zehaztu nahi izanez gero, ikerketa eraman beharko genuke aldi berean zoofilia irrikaz hedatua eta zimino ugari luketen lurraldeetara, ez dago beste irtenbiderik. Eskainiko dute beharbada bekaren bat Jaurlaritzako Maitasun Sailean.

 

        [74] Bestalde, Ann Althouse-k bere blogean «datu zientifiko» gisa saldu nahi den ideia arraro bat eztabaidatzen du: gizona ez bezala, andrea berotu egiten ei da ziminoak larrutan ikusita:

        http://althouse.blogspot.com/2005/12/are-women-sexually-interested-in-apes.html

 

        [75] «Izaki guztiek sortu dute orain arte zerbait beren buruaren gainekoa dena: eta zuek marea handi horren izbehera izan nahi al duzue, eta animaliarengana itzuli gizakia gainditu beharrean?

        Zer da tximinoa gizonarentzat? Barre-algara edo lotsaizun mingarria. Bada gauza bera izan behar du gizonak gaingizonarentzat: barre-algara edo lotsaizun mingarri.

        Harragandik gizonaganainoko bidea egina duzue eta oraindik zuen baitako asko harra da. Behiala tximino zineten eta oraindik ere gizona edozein tximino baino tximinoago da». Honela mintzatu zen Zaratustra, Klasikoak, Bilbo, 1992, 32. or, Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzaile.

 

        [76] http://www.mail-archive.com/eibartarrak@postaria.com/msg10639.html

 

        [77] http://www.mail-archive.com/eibartarrak@postaria.com/msg10646.html