Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

EXKIXU

 

Tribuaren aldeko gorrotoa

 

Exkixu-n eta Putzu-n protagonistek lehenbiziko pertsonan kontatuko dizkigute beren gorabeherak, baina hil eta gero; denboratik at, mundualditik berex, gogoratuko dizkigute mundualdi denborazkoari dagozkienak. Aurreko eleberrikoena ez bezalako mundu batera garamatzate, gatazka historiko-militarretan kokatuko gaituzte tanpez. Exkixu eta Putzu pertsonaien senide eta nortasun egiturak ere antzekoak dira: anaia gazteagoarekin lo egiten dute gela berean, arreba bat ere badute, Izeba Emili eta osaba Felipe bat datoz, militar arrotzek ezarririkoa zulatzen ahaleginduko dira...

        Bestalde, ziminoa desagertu egin da.

        Badira oihartzun ahulak: Exkixu, kasurako, Hendaiako Txita tabernara joaten da, muslariek euskara pixka bat erabiltzen dutelako, eta bertan izango du eztabaida garrantzitsu bat Monique ETAko lagunarekin, beste etakide batzuen abertzaletasunaz zehazki.

        Exkixu-n euskaldun mota bi ageri da gaztelera besterik gabe erabiltzen, egitez espainolaren aldeko: batetik, jeltzalea: gazteek dena nahi duzue berehala lortu, «es que queréis que el niño nazca con barba, pues no, despacito y con buena letra» (41); eta bestetik polimilia: «déjate de ese idioma con tufillo a ikuilu» (17, 32); edota «qué hay gudari, ya hemos cenado con los aitatxus?» (124).

        Sutan jartzen dute Exkixu. Eta, Moniquek halakoak erakundetik bota egin behar direla diotsolarik, «bota» eleaz pentsatzen du Exkixuk: «kanporatu», «egotzi», erran nahi du; baina baita «garbitu» ere, «akabatu». Eta bera bigarren aukeraren alde dago, hots, euskara aintzat hartzen ez duten ETAko burkideak hiltzearen alde (129-130). Txillardegiren pertsonaien ukoaren ohiko kutsu satanikoak Exkixurekin joko du gailurra eta amildegia.

        Zer da haatik gorroto txundigarri hori?

        Exkixuren familia Altzako betiko baserria uztera behartu zuten eta Antxon bizi dira orain, Pasaian. Exkixuk erbestean sentitzen du bere burua, erdararen nagusikeriak itorik.

        Igande goizetan bizikleta hartu eta Lezoko Santo Kristora joaten da, federik ez izan arren, baserritarrei euskaraz hizketan entzutera, haurtzaroa berpiztera, gureak oraindik ez duela zeharo egin egiaztatzera.

        Eleberriaren lehenbiziko atalean, Exkixuk mezaren ondoren San Juanera hartu eta itsasoaren aurrean zin ikaragarri bat egingo du: «Guretzat dena galdua badago ere, alu nazkagarri horiek ere baten bat galduko ditek, eta Exkixuz amorrazio ezinduan gogoratuko! Gorroto eta herra honi eutsiko zieat eta pairaturiko mina ordainaraziko» (21).

        Txillardegik antropologo batena dakar ez dakit non: euskaldunak oso irribarretsu dira, desagertzera doazen herri guztietako kideak bezala.

        Ordea, Exkixuk ez du Euskal Herria «en alegre biribilketa» desager dadin nahi, mendeku gosea aserik baino.

        Bada lagun mota bat, herra eta gorrotoa bizigarri duena: Schopenhauer, Oteiza, Exkixu.

        Bestalde, kanpokoren baten aurkako gorrotoa azken aukera izaten da, nork bere burua gorrotatzen hasi baino lehen. Buru-suntsitzea saihesteko zoritxarreko baliabidea ematen du, aski hauskorra.

        Ezaguna da euskaldun askok beren euskaltasuna gorrota dezaten erdietsi dutela etsaiek, euskaltasuna ongi bizitzeko (are soilik eroso) eragozpen izan dadin lortuz. Lasai xamar bizi ahal izateko, ondorioz, makina batek bere euskaltasuna hil egin behar izan du. Halatan, baliteke herrari eutsi-nahi exkixutar hori, mendeku gosea zaindu behar harrigarri hori, hain deserosoa, suizidioa geroratzeko trikimailu bat ere izatea.

        Bere baitan erruki izpi bat haziz doala sumatzen duelarik, Bilboko dendari heldua belauniko berari begietara ikaraz so oroitzen duenean esaterako, «ez zegok beste biderik, ez ditek egurra baizik ulertzen» errepikatzen dio bere buruari. Eta, «azken batean, Espainia inperialak zapalduriko herri batenganako errukiak jarri naik ni abian» (173).

        Honek ere harritzen gaitu: herriarenganako jorana sexu irrikari gailentzeak. Gurutzek gogor erakarriko du Exkixu artean birxina, bero-bero jarriko du. Gehienek, gose mota hori aseko lukete, eta gero gerokoak. Are gehiago, gertu geundeke gure joera politikoak bikotekidearenetara moldatzeko, pixka bat behintzat. Alegia, espeziearen iraun nahia, gizabanakoaren grina erabiltzen baitu bitartekari eta mozorro gisa, taldearenari nagusitzen ohi zaio.

        Esate baterako, behin batean, Ondarroako traineruan zebilen arraunlari batek, arras erradikala, Bartzelonako diskoteka batean ligatu egin zuen. Berehala sumatu zion neskari polizia usaina, baina desioa duintasunari gailendu eta poliziaren autoan larrutan egin zuten. Neskak eskularruen kutxan edo guanteran zeraman pistola, eta txorta-ostean arraunlariari erakutsi egin zion.

        Iraunkorragoa eta ospetsuagoa izan zen Lekunberriko emakume karismatiko baten (bertako ezker abertzalearen gidari naturala), eta autobiaren obra zaintzera etorririko gizonezko polizia baten artekoa. Harrigarri gertatu zen buruzagi abertzalea koartelillora ezkontzea.

        Hirugarren kasua: gure ikasleek beren burua abertzaletzat dute, hala diote, nahiz egunerokoan Torrente baino espainolagoak izan. Galdetu nien galdetu ea maitasunagatik noraino iritsiko ote ziren politikan amore ematera, eta neska zentzudun batek erantzun zuen berak gehienez ere PSEkoren bat onartuko lukeela, baina Odon Elorza eta Denis Itxasoren ildokoa.

        Alderantziz gertatzen da ordea Exkixurenean: politikan bat etortzea ezinbesteko baldintza da maitasuna behar bezala egiteko. Gurutzeren epeltasunak eta beldurrak Exkixuren zakila zimurtuko dute.

        Alabaina, Gurutzek zinez maite zuen Exkixu. Eta Gurutzeren hitzak Artze, Laboa eta Leteren kontzertuan entzuleak berotzen zirenean —«horrelaxe etortzen dira gero istiluak» (90)—, Exkixu bere ondoan atxikitzeko estrategiaren baitan daude, betebehar biologikoak txukun bete ditzan. Gurutzek igarri baitu, maiteminduaren zolitasunaz, Exkixu, darabiltzan ideiek eta sentimenduek ganorazko ugalketarako alferrik galdu duten arra dela.

        Euskara sexuaren gainetik jarriko du Exkixuk. Bakarrik erakundeko militante batekin, Amaia burkidearekin, egin ahalko du amodioa ederki.

        Edozein gisaz, lehen begiratuan zaila dirudien arren, Exkixurenak baino are jarrera muturrekoagoak irudika litezke. Altzako etakideari lepora lekioke euskararen aldeko bere engaiamendua aski sakona ez izatea. Izan ere, behin euskararen alde dena ematen hastekotan, euskara pasio fisikoaren gainetik jartzekotan, eragingarriagoa baita bikotekide erdaldun bat hartu eta euskalduntzea, ezen ez errazkerian jausi eta euskaldun batekin elkartzea, euskaldunen kopurua lehen bezalaxe utziz.

 

 

Lurraldearen defentsa

 

Dena dela, etologiaren ekarria ere erabil liteke Exkixuren, Gurutzeren eta Euskal Herriaren arteko gorabeherak azaltzen ahalegintzeko.

        Zakila nabarmen erakutsi, ziminoak helburu bi lortzeko egiten du: emea epatatu eta erakartzeko [55], eta lurraldea etsai sarkinarengandik babesteko. [56] Pistola zakilaren ordezko eta luzapena ote den auskalo, kontua da Exkixuk bere ingurua zaintzeko erabiliko duela iskilua, bere lurraldea defendatzeko. Joxe Azurmendik, Gizaberearen bakeak eta gerrak liburuko «Abereen agresibitate naturalaz» atalean, eremu edo jabego borroken berri eman digu. [57]

        Rousseauk uste ez bezala, eremu bat nork beretzat hartzeko eta zaintzeko irrika ez zuen gizakiak abiatu. Baditu ehunka milioi urte. Hezurdun guztietan ageri da: arrain, hegazti, narrasti zein ugaztun.

        Zertan datza zehazki? Azurmendiren hitzetan, «aberea eremu baten, 'aberriaren' jabe altxatzen da, eta bere kemen guztiekin ahaleginduko da eremua zaintzen. Eremu propio gabeko abereak ez du etorkizunik: ez janleku segururik, ez pausalekurik, ez haurgintzarako posibilitaterik». [58]

        Arrainak bere ur eremua zelan babesten duen aztertuta, zakur eta katuek lurra eta txoriek zerua, bistan da soilik eremu ziur batean ahalbidetu litekeela lasai elikatzea eta umegintza.

        Baina zer harreman mota ote du eremuaz jabetzeko senak jatekoarekin? Eta sexuarekin? Nahasten ote dira? Hierarkizaturik ote daude? Eta hala balitz, zein litzateke garrantzitsuena?

        Hona Azurmendiren erantzuna: «Sen honek [lurraldearenak] eta borrokok puntu askotan sexuaren senarekin bat egiten dute. Kumeak babesteko eta zaintzeko senarekin ere bai. Eta baita jateko senarekin ere. Baina 'eremu baten jabe izateko senari' aparteko sen independente bezala begiratu behar zaiola, dirudi. Ez beste haien funtzio soil bezala. Kainabera edo ihi-txoriek (akrokefaloek) nahi adina janari dute, baina eremu-borrokari latzak dira, janari urriko edozein abere bezalaxe. Kukuak ez dauka bere kumeez arduratzeko zergatik leku aproposik bilatu: habi arrotzean jartzen du bere arrautza. Ezta eme panpoxa bat irabazteko ere, ez du kukuak eremu baten jabe izan beharrik: kukuemeak, ezagunki, poliandria guztiz liberala praktikatzen baitu ('amodio librea'), inguruetako edozein arri, gainera igotzen gustura uzten diolarik. Beraz, ez sexuaren senak eta ez haurrak zaintzeko senak eragiten dio kukuari eremu batez jabetzera. Baina kukuen eremu-borrokak partikulazki gogorrak izaten dira. Howardek dioskunez, heltzaur-txolarreak, mehatxuaren aurrean, emea eta kumeak arriskuan abandonatzeraino defendatzen du, guztiaren gainetik, bere lur jabegoa: lehenengo norbere eremua, gero gerokoak». [59]

        Hagitz naturala dugu, horrenbestez, Exkixuren jokabidea Euskal Herriaren defentsa Gurutzeren gainetik paratzen duelarik. Izan ere, «senik oinarrizkoena 'aberriarena' edo lur jabegoarena litzateke. Abereek beren ahal eta ezin guztiekin babesten dutena [...] Bere 'aberriarengatik' abereok beste dena ahazten dute: emea eta kumeak berak. Areago, beste sen denen joko ordenatua nolarebait 'lur' honetan fundatzen eta finkatzen dela, esan liteke». [60]

        Hala ere, Azurmendik ñabardura garrantzitsu hau erantsiko du: «Sen guztiak elkarrekin josita daude, eta elkarren artean araberakatuta. Koordinatuta. Zorakeria dirudi, ordea, historiaren zenbait filosofiari jarraiki, eta ia beti haiexek egiaztatu nahirik bakarrik, sen guztiak oinarrizko sen bakarren baten adaxka moduan bururatzeak. Oinarrizko sustraia bizitza da. Senok bizitzaren agerpenak, tresnak eta euskarriak dira denak. Baina batasun hori egon arren, isuri edo sen diferenteok benetan diferentetzat eta autonomotzat har genitzake». [61]

        Azkenik, Exkixuren hats beherapena eta amorrua baserritik eta inguru euskaldunetik egozten dutelarik, bere lurraldea inbaditua eta zafratua kausitzen duelarik, eta ondoriozko oldarra, ohikoa duzu eta arrunta animalien erresuma zabalean: «Bizimolde sozial guztiz ordenatua zeramaten abereak, lurraldez aldatuz ('erbesteratuz') gero, anarkia izugarrian endreda-nahasten dira (deserrotuak ohi deritzegun lumpen gizataldeetan bezala), lur-jabegoen banakuntza berria atondu arte. Ama, kumeak elikatzeaz ahazten da; arrak sexuaren sena galtzen-edo du, inpotente. Eta janari faltarik denentzat egon ezta ere, ar eta eme, handi eta txiki, ezeren begirunerik gabeko elkar borroka absurduan korapilatzen dira. Puskatu egin zaie beren nongotasuna eta birregin egin behar dute borrokan. Gaurko primateek, abere sozialak eta barazki jaleak izaki, lurraldearen 'usadio komunista' izaten dute (alabaina, gizona, dudarik gabe, primate ehiztarien motatik sortu da, mota horretako biziraun duen bakarra orain bera dugularik). Ez zaie, beraz, lurra, propietate ekonomiko bezala interesatzen. Halere, primateei beren eremua kentzea, sozietatea hondatzea adina da. Desordena izugarrian katramilatzen dira, bat-batean denak neurasteniko baleude bezala.

        «Eremu jabegoaren sena konflikto artean endredatuta dabilen artean, ez da egoten atarramenturik. Ez dago beste senen funtzionamendu zuzenik. Hitz batean: giro asozial bat sortzen da, eta 'kriminalitatea' ugaltzen da, jokaera anomaloak eta 'gaiztoak', destruktiboak». [62]

        Guztiarekin ere, Azurmendik ohartarazten duenez, jakingarria izan dakiguke arrainaren, katuaren eta ziminoaren jokabidea, baina gizakiok ez gara ez arrain ez katu. Eszeptikoa da zenbait etologoren temaren aurrean, giza natura abereen analogian eta homologian oinarrituta definitzeko eta ondorio etikoak ateratzeko. Zehazki, Azurmendiren iritziz, etologiak ez du froga erabakigarririk aurkitu ezta gizakiak oldarkortasuna naturala duela finkatzeko ere. Horrenbestez, etologiak ezin duenez gizakia behar bezala definitu, ezingo dugu naturan oinarrituta Exkixuren erantzun biolentoa bidegabea edo morala ote den erabaki. Hots, ezin da aldarrikatu ziminoak, inbaditzen dutenean, lurraldea babesteko bortxaz ihardukitzen duenez, bidezkoa dela Exkixuren zizpoletaren desarratzea, «natura kontzeptu anbibalentea baita». [63]

 

 

Zuhaitza eta denda

 

Elias Canettiren ustez, gizakia oldarrean eta borrokan ez dabil ziminoarengandik gertuen. Ezta jatean ere, edo amodioan, edota lotan.

        Gizakiok salerosketan omen gabiltza inoiz baino ziminoago. [64]

        Zuhaitzaren adarretatik goiti doala, ziminoaren esku biek ez dute zeregin berdina: lehenbizikoak adar berri bati heltzen dion bitartean, bigarrenak aurreko adarrari oratu behar dio. Abiada arriskutsuz doalarik gora, sarritan oratze horrek salbatuko du erortzetik, bigarren esku horrek bakarrik eusten baitio gorputzaren pisu guztiari.

        Lehenbiziko eskuak adar berria hartu orduko, hori bai, ziztuan askatu beharko du bigarrenak adar euslea. Lasterrago, bizkorragoa igoera.

        Esku bakoitzak, hortaz, oratu eta askatu beharko du, arin-arin. Noski, ezkerrak eskuinekoaren aurkakoa egin beharko du, txandaka.

        Zuhaitzetik lurrera jaitsi ondoren ere ziminoak eskuen arteko txandakatze azkarrarekin jarraitu zuen.

        Eta Canettik jatorri horixe bera ikusi dio komertzioari.

        Izan ere, salerosketan, jasoriko zerbaiten ordainez beste zerbait ematen duzu. Lehenbiziko eskua nahi duzun salgaira abiatzen den bitartean, bigarrenak oraindik zurea duzun trukegaiari oratzen dio. Behin lehenbizikoak gutizia harturikoan, bigarrenak ordaindu egingo du. Ez lehenago. Estu zaindu beharra dago saleroskidea.

        Arbolatik erortzea duzu iruzurra: lehenbiziko eskua hutsik baina bigarrena jadanik sosa emana.

        Edonola ere, gizakiok salerostean sentitzen dugun poz fisikoak adieraziko luke arrakastaz errepikatu dugula antzinako igoera adarrez adar.

        Saltzaile zein erosle gisa gabiltza beraz gizakiok ziminoengandik hurbilen; aldiz, Exkixu aski urruti, Putzu Txillardegiren pertsonaia karlista bezalaxe, Canettiren irizpidearen arabera bederen.

 

        [55] Volker Sommer, Elogio de la mentira, Galaxia Gutenberg, Bartzelona, 1995, 186 or.

 

        [56] «Papio edo zakur-tximu taldeetan, amenazoa sumaturik, arrak elkarganatzen dira, borrokarako prestatzen dira korroan, eta adi-adi eta zakila atera eta jasorik itxaroten diote etsaiaren erasoari». Joxe Azurmendi, Gizaberearen bakeak eta gerrak, Elkar, Donostia, 1991, 192 or.; edota «beaucoup de singes, en sentinelles, exposent leurs organes sexuels aux couleurs vives: le pénis devient un porte-couleurs expressif et rythmé qui marque les limites du territoire». Deleuze eta Guattari, Mille plateaux, 387 or.

 

        [57] 180-186 orr.

 

        [58] 181 or.

 

        [59] 183 or.

 

        [60] 184 or.

 

        [61] 186 or.

 

        [62] 184-85 orr.

 

        [63] 228 or.

 

        [64] Masa y poder, Alianza Editorial, Madril, 1983, 249-50 orr.