Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Zimino euskalduna

 

Historia azterturik, bistan da anabasa, txiripa, grina eta hondamendia izan dela nagusi, historialarien ahaleginak gorabehera arrazoiak, joerak eta hariak aurkitzeko zein asmatzeko.

        Hala ere, zenbaitetan ematen du hitza batera ala bestera erabiltzea garrantzitsua izan dela Historian, ondorio sakonak izan dituela; bestalde, ondoriorik sakonenak, kasu bitan bederen, ez ditu hitzen erabilera harrigarriren batek eragin, baizik gizakiok betidanik dakiguna zehazteak, Pernandoren egiei erne erreparatzeak.

        Lehenbiziko kasua: garai batean, oro har, uste zen izaki bat aldi berean beste bat ere izan zitekeela, gizaki bat aldi berean oilo, berbarako, edo zimino. Halatan, uste zen aztiek gizakia zimino bilakaraz zezaketela, substantzia bereziak irentsi ondoren «artxila murtxila!» oihukatu eta gorputz atalak bortizki astinduz ziminoaren arima gizakiaren baitan sar zezaketela. Haitin eta Brasilen, besteak beste, bizirik daude halako ikuspuntuak gaur egun ere.

        Edozein gisaz, aurrenekoz filosofo grekoek adierazi zuten burubidea nagusitu da munduan: gizakia gizaki da, eta ezin da aldi berean zimino ere izan. «Kontraesanezko hastapena» deitu zaio honi, baina, hain inportantea denez, baita «Ez-kontraesanezko hastapena» ere.

        Ondorioei dagokienez, askoz ere eragingarriagoa izan da grekoen ikuskera, garai magikoetako aztiena baino: «Ziminoa zimino da» perpausa oinarri duten zientziak eta teknikak lorturikoa miragarriagoa da aztirik abilenak oneski agindu lezakeena baino. Mendebaldeko gizarteetan, guk dakigula bederen, Txillardegi bezalako poetek atxiki dute gizakia zimino eta ziminoa gizaki bilakarazteko ahala, baina betiere «eremu erabakigarrietatik» at.

        Orobat, bigarren kasua: «Euskaldun fededun» aldarrikatzen zen behinola, edo euskaltasunaren funtsa kokatzen zen arrazan, foruetan, historian, deituretan eta auskalomortun.

        Baina halako batean Txillardegik egia apal bat azpimarratu zuen, beti bertan eskura izana zelako inork merezi bezala nabaritu gabea: «Euskalduna euskaldun». [89] Hots: deiturak, historiak, foruak eta arrazak gorabehera, euskarak, ez bestek, egiten gaitu euskaldun.

        Eta tautologia xume bezain mamitsu hori askoz ere sustatzaileagoa izan da eta izango, euskaldunaren funtsa beste ezerekin berdintzea baino.

        Izan ere, halako definizio apala behar genuen edonori emateko euskaldun izateko aukera, are giza enda gaindituz: zimino batek euskarazko zeinu hizkuntza ikasiko balu, geureago genuke edozein abertzale erdaldun baino.

 

        [89] Huntaz eta hartaz, Elkar, Donostia, 74. or.