Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Koko txatean

 

Primateen mintzoaz idatzi zuen Txillardegik 1978an. Horietako bat, Koko gorila emea, San Frantziskoko zoologikoan jaio zen 1971n. Izar ospetsu bilakatu zaigu hondar denboran, mila bat zeinu baitarabiltza Ameslanez, eta ingelesezko bi mila bat hitz ulertzen baititu. Bere zaintzaileekin zeinu hizkuntzaren bidez komunikatzen da. Erruz erakartzen ditu turistak.

        1995eko apirilean txataldi bat egin zuen. Hogei bat mila internauta ahalegindu ziren Kokorekin txateatzen. Berrogeita hamar minutuan Kokok 750 bat txateatzaileri erantzun zien. Galderak zaindari batek itzuli zizkion Kokori.

        Gizakiekiko elkarrizketak Kokok berak jartzen ohi ditu abian, hirutik seira hitzez osaturiko esaldiekin, eta bere adimen kozientea 70 eta 95 bitartekoa da. Gizakien artean normaltasuna 100ean kokatzen dute.

        Kokok katutxo bat izan zuen maskota. «All Round» bataiatu zuen, «Osotoro Biribila», ez baitzuen buztanik.

        Klase borrokan ere esku hartua da Koko. Berriki titiak ikusi nahi izan dizkie Nancy Alperin eta Kendra Keller Gorilen Fundazioko langileei. Tematu egin da.

        Andreek ezetz. Orduan Gorilen Fundazioko presidenteak, Francine Penny Pattersonek, langileak gogor presionatu ditu: biluzteko agindu eta Kokori begira «ziurrenik kokoteraino egongo zara nire titiburuez eta beste batzuk ikusi behar dituzu» esan omen du. Langileek amore eman zezaten ez zuela lortuko ikusita, Fundaziotik bota egin ditu.

        Egotziriko emakumeek Fundazioaren aurkako salaketa jarri dute. Milioi bana dolar eskatu dute «sexu diskriminazioagatik, kaleratze bidegabeagatik eta osasun eta ziurtasun arauak hausteagatik».

        Fundazioaren abokatuak manipulaziotzat jo du auzia, eta Koko berriz aparte bezala dabil, gatazka gogorregia bailitzaion: margolanak pintatzen jarraitzen du, solastatzen, telebista ikusten. Charlie bere bikotekide ohiak biziki gustuko zuen Sesame Street, orobat opera, batez ere Pavarotti.