Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Aspirina

 

Txillardegik behin eta berriro azpimarratu duen arren gizakia funtsean ez dela ziminoa baino, gizonak hurbilago duela txinpantzea arratoiak sagua baino, 1982an Los Angelesen idatzi eta 1984an argitaraturiko Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981-en hitzaurrean [27] gizakion berezitasunak zehazten ahalegindu zen. Izan ere, espezie guztiok dugu besteetatik bereizten gaituen ezaugarriren bat, errinozeroak adarra, eltxoak gogaikarritasuna eta abar. Gizakiok, berriz, aspirinak egiten ditugu. Txillardegirentzat, gizakia aspirinak egiten dituen ziminoa da alde batetik, hau da, teknologia sortzen duena, gai dena, esate baterako, berez ez dagokion esparru batean bizitzeko: berez lur azala baldin badagokio ere, gizakia urpean edo airean bizi baitaiteke; bestetik, gizakiak legeak eta literatura egiten ditu, kulturgilea da.

        Dena den, nola kulturaren hala teknologiaren oinarrian, hizkuntza dago, mintzamena.

        Kulturaren kasuan, bistan da, kultura legegintzari eta literaturari lotzen diegun heinean bederen.

        Teknologiak, aldiz, gizakien arteko harremana behar du, ezinezkoa litzatekeena hizkuntzarik gabe. Esate baterako, aurkikuntza teknologikoak belaunaldiz belaunaldi igaroaraztekotan ezinbestekoa da hizkuntza.

        Hortaz, jo dezagun oraingoz giza animaliaren berezitasuna mintzamenean datzala; gizakia, Octavio Pazen berbetan, «zimino gramatikaria» dela.

 

        [27] Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981, Elkar, Donostia, 1984, 6-12 orr.