Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbińe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

5.14 «Arrazoimenaren desegintza»

 

      Lukácsentzat sistema hegelianoa urtu eta banatuz gerozko filosofia guztia, XIX. mende erdialdetik behera gaur arte, filosofiaren gainbehera hutsa bezala ageri da, marxismoa aparte noski. Eta «arrazoimenaren desegintza» bezala ageri da orobat prozesu guzti hori1, irrazionalismo bezala alegia, «la respuesta más característica y más resonante del pensamiento reaccionario a los grandes problemas de la época en los últimos ciento cincuenta ańos»2.

      Miranderen irrazionalismoaren, edo haren iturburuetako irrazionalismoaren, kritika batean sartu behar izatetik eskusatzen gaitu Lukácsen ikerketak: Schopenhauer («el primer irracionalista que se mueve sobre bases puramente burguesas»)3, Nietzsche («fundador del irracionalismo del período imperialista»)4 eta Spengler (faxismoaren aitzindari Lukácsentzat)5, ongitxo jorraturik geratzen dira han. Lukácsen liburuari eta erizkerei erreparo dexente egin beharra legoke: interpretazioak berak askotan bortxatua dirudi (adibidez, Schopenhauer dela eta, kategoriekiko eztabaiden eta jabetza pribatuaren defentsaren artean erlazio herstuak «ikusteko» Lukácsen zorroztasunak zorroztasun askotxo dirudi; edo, Nietzscheren kasuan, funtsean sozialismoaren aurka omen dago hura eta horregatik gero kristautasunaren aurka; testuak berak, aldiz, alderantzizkoa ematen du, etc.); Lukács bera garai honetan materialismo franko bulgare batean eta Leninen isladapen teorian enpeinaturik dabil arras, materiaren berezkotasun «kontzientziatik menpegabea» azpimarratuz (liburu guztian oinarrizko tesi bat), naturaren historia dialektiko bat ŕ la Mitchurin/Lysenko alaiki proklamatuz oraindik6, edo «la física atómica burguesa de nuestros días»7 eta orohar fisika modernua, «el idealismo físico»8, kondenatuz; bestalde, berak besteok hartzen dituen neurriekin hartuz gero Lukács, Gulagen erantzukizuna gaineratu beharko litzaioke berari ere, etab. etab.

      Dudagarria dirudi —Lukácsen beraren gerorako patuak erakutsi duelako, ez azkenik— filosofia batzuek eta prozesu edo desarroilo politiko batzuek elkarren egile edo eragile bezala juzkatzeko metodoak. Ez gara hortik sartuko, sartu ahal izateko datu eta azterketa gehiago beharko litzatekeelako ere Miranderi buruz eta ingurune politikoaz. Bakarrik bukaera honetan Mirande gure eta bere historian kokatzeko oraindik aztertu beharra legokeen puntu hauxe nahi genuke seinalatu: irrazionalismoaren (intuizio, mito, biolentzia, etab.) elementuon zentzua eta balioa historikoki baloratu beharrarena.

      Esan nahi bait da: beharbada abertzaletasunaren oinarritze aranistak, kristau-demokratikoak, huts egiten zuen momentu batean (sozialistek «mundu-ikuskera» zabalago baten izenean eta arrazoizkotasun zientifikoago baten izenean kritikatua, esate baterako) abertzaletasuna «irrazionalismo» eta espontanismo batera eskapatu da eta horrelaxe konplitzen du momentuan bete zezakeen ongienik bere eginkizun arrazoizkoena?, —beharbada tankera guztiz razionalista bat hartu duen katolizismo zanpakor, bizitza sozial nahiz pribatu osoaren estekatzaile baten aurkako erreakzioak ere har zezakeen une batean irrazionalismo eta espontanismo forma zenbait, etab. Hau da, momentu batean «razionalismo» edo «arrazoizkotasun» bezala nagusi dagoena egiaz inmobilismo hutsa izatea posible da eta erreakzio arrazoizkoena hain zuzen irrazionalismoa izan beharra.

      Problemaren alderdi teoriko arrunt horretaz beste, bigarren, alderdi praktiko-historiko bat legoke. Bizi garena, inguratzen gaituena eta menpean gauzkana, bere arau eta aginduekin, «arrazoizkotasuna» kanonizatzen duen kultura burgesa da. Arrazoizkotasuna bere erara eta komenentzira definitu eta gero noski. Berak bere iraultza egin zuen eta orain ez luke nahi beste inork iraultzarik egin diezaion berari. Beraz, lasaitasuna eta baretasuna behar da, patxadan irautea da arrazoizkoa, haserreak eta borroka-amorruak irrazionalak dira... Horiek denak oso kontu zaharrak dira eta, neuretik aritu gabe, Rikardo Arregi zenaren orain hogei urteko artikulutxo bat (1968ko apirilean argitaratua hain zuzen) aldatuko dut: «Amorrazioa»9.

 

      Amorrazioak prensa txarra du. Norbaitek amorrazio bizian dagoela esaten baldin badu, ezer onik ezin lezakeela uste izan ohi da. Gizon amorratuak, gizon arrabiatuak, entzuten dugunez, animalien mailan jartzen dira. Gizon horiengandik ez da ezer onik espero. Baina lur honetan gizon arrabiatu asko da, amorrazio bizian dena. Eta askotan, gehienetan behar bada, arrazoia, justizia eta eskubidea heuren baitan dago.

      Arrazoiak gauza hotz bat izan behar duela dirudi. Norbaitek arrazoia, bere eskubidea, berotasunez defenditzen duela agiri baldin bada, behingoan uste izango da arrazoirik gabeko gizona dela.

      Izan ere, burgesiak jaso duen gizarte honetan, arrazoiaren berotasuna ukatu nahi da. Horregatik edozein berotasun, edozein pasio, desarrazoiaren seinaletzat salatzen da.

      Gu, ostera, Euskal Herria noski, Herri erreboltatu bat gara. Bizi garen kondizioetan Herri erreboltatu bat izateko ahalmenik ez badadukagu, gureak egin du. Gure arrazoiak, gizatiarrak direnez eta ez makinarenak, arrazoi beroak dira. Amorrazio bizian bizi behar genuke. Horretxek bakarrik eman lezaiguke, egin behar dugun borrokarentzat derrigorrezkoa dugun ausardia eta zaletasuna.

      Gizon arrabiatuak ahalezina adierazten duela esan ohi da. Eta egia galanta da hau. Arrabiatua, ezarritako gizartean bere gizatasunarentzat posibilidaderik aurkitzen ez duelako da arrabiatua. Horrexegatik da arrabiatua, bere gizatasuna defenditzeko beste posibilidaderik ez dadukalako.

      Seriotasunari, formalidadeari buruz, irudi gezurtiak ditugu. Edukazioari buruz, beste horrenbeste. Irudi eta uste horiei jarraitu nahi izatea, izugarrizko tranpa batetan jaustea litzake. Bestek nahi izandako bideetan, bestek nahi izanikako eran. Hori bakoitzaren nortasuna osatzeko izango balitz, zer esanik ere ez; baina bakoitzaren izakerarentzat kate izateko egina izatekotan, erru handi bat bezala azaltzen da.

      Lotsarik gabe azaldu behar da, amorrazioan bizi garela. Gure arrabioak ez digula sosegurik ematen. Eta arrabio horren berotasunean egiten dugula borroka, berotasun horregaz jaso nahi dugula mundu berri bat. Horregaz Euskal Herria berregin nahi dugula.

 

      Razionalismo/irrazionalismo kontrastea anbiguitate haundikoa da. Razionalismo ilustratua kritikoa izan da, aldakuntz eta iraultz eragilea, ordenu ezarriaren desegilea. Baina holako gutxi ezagutu du Euskal Herriak. Alderantziz, xehekiago aztertu beharrean dago oraindik, baina susmoa hartzen da, funtzio kritiko hori hemen irrazionalismoak hartu duela, «bizitz filosofiek». Eta antzeko zerbait gertatzen ote den, nago, delako «elitismoarekin», kultur barrutian batik-bat. Kultura klerikal eta nekazari nagusi batean, elitismoak (Mirande adina hemen Krutwig aipatu beharko litzatekeela) lehen-lehenik kultura laiko baterako bideak irekitzen dituela alegia gutxiengo batentzat bederen.

      Halere problema airean geratzen da, irrazionalismoak edo elitismoak, esaterako, 50garren urteetan bete zezaketen eginkizun positiboa 80garrenetan ere betetzen ote duten. Arrazoizkotasuna eta razionalismoa oraindik ere faktore kontserbakorrak ote diren, hitz horiekin arrunki adierazi nahi izaten den kritizismoaren kontrarioa hain zuzen (tradizio filosofikoan behintzat). Baina hau dena eztabaidatu ahal izateko testuinguru zabalago batean planteatu beharko litzateke. Gutxienez Lukácsen alboan eta kontra, K. Popperen abisuak ere gogoan eduki beharko dira10. Ezer ez dago soluzionatuta. Bila jarraitu beharra dago.

 

 

1 Gaztelaniaz «El Asalto a la razón» itzuli denari Die Zerstörung der Vernunft deritzo titulu originalean: arrazoimenaren trilua, birrinketa. (Stalinismo eta pertsonalitatearen kultu gori-gorieneko Lukácsen obra guztiei —esku artekoari adina Hegel Gaztea-ri—, ikerketa baino sermoi liburuago direlarik, «faszinazio makabro» bat omen darie, haren biografo batek iruzkintzen duenez, cfr. LICHTHEIM, G., Georg Lukács, 1971, 102: hori ote da, hemengo jende batengan, hain zuzen liburu horietxei, arrakasta estraino bat aseguratzen ari zaiena?). Gertakariaren balorazioak gorabehera gero, zalantzarik ez dago, Schopenhauerek eten bat ekarri duela, filosofia alemanaren historian ezezik, mendebaleko tradizio metafisiko guztian, lehentasuna adimenaren lekuan Nahiari pasatuz. ROSSET, C., Schopenhauer philosophe de l'absurde, 1967, 30: «Cette théorie du Vouloir manifeste une opposition directe avec la tradition intellectualiste de la philosophie antérieure et contemporaine de Schopenhauer, depuis Platon jusqu’ŕ Hegel. Le primat du Vouloir sur les représentations intellectuelles représente une rupture d’importance inestimable dans l’histoire des idées». Ib., 32: «La philosophie de Schopenhauer est la premičre ŕ poser comme absolu le conditionnement des fonctions intellectuelles par les fonctions affectives; la premičre ŕ considérer comme superficielle et comme «masque» toute pensée dont les termes veulent rester sur le plan de la cohérence logique et de l’objectivité». Schopenhaueren eraginaz XX. mendeko joera eta eskola filosofikoen baitan, cfr. WEIMER, W., Schopenhauer, 1982, 140-164. Bestalde filosofo gutxik izango zuen hark adinako eraginik literato eta artistengan: ik. BAER, J.T., A. Schopenhauer und die russische Literatur des spüten 19. und des frühen 20. Jahrhunderts, 1980. COLIN, R.P., Schopenhauer en France, 1979. NEUGEBAUER, P., Schopenhauer in England, 1932.

2 LUKACS, G., aip. lib., 3. Hain urrutiraino gabe, XIX. mendearen azken eta XX.aren hastapen aldeko pentsaera aldatua honela azaltzen da in STERNHELL, Z., La droite révolutionnaire. Les origines françaises du fascisme 1885-1914, 1978, 16: «Les systčmes de pensée, les genres littéraires et artistiques nouveaux constituent autant de sursauts contre le scientisme triomphant; ils travaillent ŕ affranchir les instincts, ŕ affirmer la primauté des forces de la vie et de l’affectivité (...). Marquée par la résurgence des valeurs irrationelles, par le culte du sentiment et de l’instinct, cette période voit la substitution de l’explication “organique” ŕ l’explication “mécanique” du monde».

3 Ib.. 163.

4 Ib., 249 eta hur.

5 Ib., 372 eta hur.

6 Ib., 22.

7 Ib., 187.

8 Ib., 193. Lukács hori — altuera honetan— kasik hobe litzateke ahaztu, gure norbaitzuek oso maite badute ere (ezagutzen ote dute, ordea?), marxistatara jostatzen ibiliz inor engainatzen dugula uste izan baino. Ikus BALIBAR, E., «En nombre de la razón? Marxismo; racionalismo, irracionalismo», in: ALTHUSSER / MACHEREY / BALIBAR, Filosofía y lucha de clases, 1980, 83-113. «Nuestra lucha contra el irracionalismo (egungo marxistena alegia, — oraingo ezkerrarena) no puede hacerse otra vez en nombre de la Razón y del racionalismo» (or. 109). LEFEBVRE, H., «Nietzsche y el irracionalismo alemán», in: Nietzsche, 1975, 179-189. Betiko eskubiko ezkerra, aldiz, bistan da, karteleran oraintxe modan zer dagoen irrikiz, halere ez da sekula garaiz enteratzen: mundutik bazterregi dago Euskadi kaskar hau. Gure komedia horrela gure tragedia konbertitzen da.

9 ARREGI, R., Herriaren lekuko, 1972, 233-234.

10 POPPER, K.R., «Die orakelnde Philosophie und der Aufstand gegen die Vernunft», in: Die offene Gesellscha.fi undihreFeinde, II, 1975, 275-319.