Aurkibidea
1.12 Intuizio naturala adimenak itota
1.14 Ezagupide parapsikologikoak
1.22 Hiltzea gaizki omen dago: nola dakigu?
2.11 Ezagutza sakonaren baldinkizunak
2.12 Ezagutzailearen barrena edo Lehen Izatea
2.13 «Oro den Arima» — Lehen Izatea
2.14 Nitasun bakarra eta bakoitza
III.— MIRANDEREN BORROKA: ETIKA
3.13 Kristautasuna, paganismoa
3.22 Iragaitza: epistemologiatik ontologia eta politikara
IV.— MIRANDEREN BORROKA: POLITIKA
4.11 Mendebalearen dekadentzia
4.12 Euskal Herriaren dekadentzia
V.— KULTUR KRISIAREN FILOSOFIA: OHARRAK
5.11 Idealismo alemanaren birrinketa
5.12 Euskal kultura tradizionalaren krisia
Aurkibidea
1.12 Intuizio naturala adimenak itota
1.14 Ezagupide parapsikologikoak
1.22 Hiltzea gaizki omen dago: nola dakigu?
2.11 Ezagutza sakonaren baldinkizunak
2.12 Ezagutzailearen barrena edo Lehen Izatea
2.13 «Oro den Arima» — Lehen Izatea
2.14 Nitasun bakarra eta bakoitza
III.— MIRANDEREN BORROKA: ETIKA
3.13 Kristautasuna, paganismoa
3.22 Iragaitza: epistemologiatik ontologia eta politikara
IV.— MIRANDEREN BORROKA: POLITIKA
4.11 Mendebalearen dekadentzia
4.12 Euskal Herriaren dekadentzia
V.— KULTUR KRISIAREN FILOSOFIA: OHARRAK
5.11 Idealismo alemanaren birrinketa
5.12 Euskal kultura tradizionalaren krisia
1.21 Ohartxo bat arrazoizaleentzat
Pascalentzat, arrazoimenak behar du ezagutu, berak ezin duela dena ezagutu munduan1. Bihotzak, arrazoimenak eztako mila gauza ezagutzen omen du. Shakespearentzat halaber zeruak eta lurrak beterik daude, filosofiak ametsegiten ere ez dituen gauzez (hots, arrazoimenak). Baina joera haundia egoten da, honelako ateraldiak erretorikotzat edo sentimentaltzat hartzeko eta arrazoimenean guztiz fidatzeko, arrazoimenean bakarrik.
Ezagutzarekin eta arrazoimenarekin, izan ere, gure kulturak halako jarrera anbiguoa dauka beti. Poetek, besteok ez bezalako gauzak ikusten eta jakiten dituztela, eta horrelakoak, maiz esaten dira artisten gorazarreetan2. Baina esaten duenak berak esaten duena benetan sinesten ote duen gero, zalantza egin liteke. Arrazoimena ezagutzan guztiz pribilegiatzen duen kultura batean (burgesean) bizi gara.
Hori horrela sozialki da batik-bat, pentsamenduaren historiarako halere ohartxo bi egin genezake.
Lehenengo: beharbada euskal munduan oraindik ez da hain ezaguna, baina «razionalismo» eta «arrazoizkotasun» klasikoen kritika haundia dago orain, kasik modarainokoa, azkeneko gutxienez hamar-hamabost urte inguru honetan, jakituria errebidikatuz jakintzaren lekuan, tradizioen eta mitoen jakintasuna goratuz, etab., hain zuzen «ezker berri» berrienaren propiotzat emateraino «neo-irrazionalismoa»3. Inon Mirande aparte edo bakarrik baldin badago, beraz, euskaldunon artean izango da, hemen oraindik haize horiek sartu ez direlako, edo batzuk oraindik enteratu ez direlako munduan haize horiek dabiltzala: guzti honetan, bestela, ez bakarrik eta ezta bereziki eskuinean ere dago, eskuineko zein ezkerreko pentsatzaile anitzen laguntasunean baizik. Aski horrekin. Lan honi ez dagokio, noski, Miranderen apologiarik egitea: ez dauka, ordea, «ignorantzia ahalguztidun» baten bitima izan dadila ere, zergatik onartu.
Filosofiaren historian, bigarren, besterik da, nahikoa ezaguna bait da filosofiaz piska bat interesatzen direnentzat. Razionalismoa bera grina eta pasio (irrazional) bat bezala hasi dela filosofian, ohartarazi ahal izango litzateke, bion kontrajarpena gustatzen zaienak isilarazteko4, edo Platonen Sinposioa, etab. gogoratu. Gure arlorako nahikoa da, hain zuzen razionalismoaren inoizko aldi gorenaren gailur-gailurrenean filosofiaren historian, Humek eragindako etena eta ondorioak aintzat hartzea. Unibertsoaren zientzia guztien eta guztiaren oinarriak azken finean ohitura, konfiantza piska bat, eguneroko esperientzia arrunta, gauza berdintsuen arteko antz itxurak, horrelakoxe apalak dira oinarri haiek. Munduaren zientzia esperientzian oinarritzen da, eta «todas las inferencias realizadas a partir de la experencia (...) son efectos de las costumbres y no del razonamiento»5. Ez dugu jarraituko Rousseau aipatuz, arrazoimenaren muga kantianoak, etab. Arrazoimenaren mitoa filosofian aspaldi funditu zen. Schopenhauer, Nietzsche, Spengleren ondoan, baina historia luze baten barruan dago Mirande. Historia hori ezin azal daiteke Ierro hauetan: bakarrik, berriz ere, ezin utz genezake aurreritzi bulgare merke batzuek eragotz diezagutela Mirande bere zuzentasunean ulertzea. Ezta ere, ez diogu kapritxo literario erromantikotzat hartuko, tesi epistemologiko eta antropologiko guztiz benetakoa izan zuena: intuizioaren lehentasuna.
1 Gogoetak, zenb. 267, honela dio Narbaitzen euskal itzulpenean: «Adimenduaren azken urhatsa, ezagutzea zer nahi gauza badela bera baino gorago direnak. Ahuleziarik baizik ez du ez balinbadoha horren onhartzeraino». Zenb. 277 entzutetsuak dio: «Bihotzak baditu bere arrazoinak, arrazoinak ezagutzen ez dituenak». Shakespearena, aldiz, in Hamlet I, 5: «There are more things in heaven and earth, Horatio,/ Than are dreamt of in your philosophy». Nietzschek Zarathustra-n honela aldatu du: «Oi, zeru eta lurraren artean hainbat gauza bada, zeintzuetaz zerbait amesgiten poetak bakarrik ausartu izan bait dira», (edo agian hobeto: «zeintzuez poetek bakarrik bait dute izan inolako susmorik, irudipenik»), cfr. II, «Poetei buruz», KSA IV, 164.
2 Ik., adibidez, MITXELENA, K., Idazlan Hautatuak, 1972, 29: «poetaren dohai harrigarria: ikasi gabe daki eta begiratu gabe begi argiz ikusten du; pentsatu gabe hitz sarkor betikoak ahora etorri zaizkio. Aldera or. 19 eta 39rekin berton.
3 BOUVERESSE, J., Rationalité et cynisme, 1985. Hobeki, existentzialismoa eta, aipatu beharko genituzke dexente lehenago. Interesatuak «Lo irracional en la ciencia y en la religión» kap. ikus lezake, in: ROUBICZEK, P., El existencialismo, 1974, 153-173.
4 MARTIN, G., Einleitung in die allgemeine Metaphysik, 1980, 8-9.
5 HUME, D., Investigación sobre el conocimiento humano, 1983, 66-67.