Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

3. 12 Bi moralak

 

      «Nietzscheren merezimendu haundia geratuko da beti —irakurtzen diogu O. Spengleri—, lehenengoa bera izana, moralaren natura bikoitzari antzematen. Bere kontzeptuekin, jaunen morala eta esklabuena, ez ditu faktoak zuzen seinalatu eta kristautasuna erabategi ezarri du biotako alde batean, baina bere gogoeta guztien barnean garbi eta sendo datza horixe: ona eta txarra berezkuntza nobleak dira, ona eta gaiztoa apeztarrak»1.

      Spenglerek ere bere obraren Estatuari buruzko kapituluan tratatzen du arazo hau, ageri bait dago jadanik politikaren kapituluan sartu gaituzula. Guk, halere, politika beste leku batean ikusiko dugu.

      Moralaren natura bikoitza Spenglerek funtsean nola ulertzen duen gauza konplexua da, baina hemen behar ere ez dugu zehaztasun haundirik behar, Miranderi aplikatzeko. Historiak berak bikoiztasun santu bat dauka barnean, «einen heiligen Doppelsinn»2, bikoiztasun hori gizona eta emakumea baitan, pribatu eta publikoan, Estatu eta familian, etc. agertzen bait da, eta bereziki noblezia eta apezeria bi estamentuetan3.

      Noblearen eta apaizaren kontrastapena —estamentu gisa orain— honela egiten du Spenglerek: «Noblea gertakarien mundu batean bizi da, apaiza egien mundu batean; hura asmatzailea da, hau ezagutzailea, hura ekilea, hau pentsatzailea»4. Bi estamentuek elkarri uko egiten diote ideiaren arabera5, bi moralak elkarren uko izatea ez bait da gero oposizio hauen ondorio besterik izango.

      Baina diferentzia sustraitikago dator, kasi kosmikoa da: «Propioki estamentua noblezia da, odolaren eta arrazaren sintesia, pentsa litekeenik forma burutueneko existentzia-erreka. Noblezia beraz nekazaritza goratu bat da hain zuzen... Noblezia eta nekazaritza landare-jendea dira guztiz, instinto-jendea, oinondoaren lurretan errotua sakon, zuhaitz genealogikoan ugalduz hazi-hautatuz, eta hazi-landu ere halaxe egindakoa»6. «Hori dena ukatzen du apaizak eta, beraz, filosofiak ere bai, apezgoa den heinean»7. «Aldean apezgoa propioki kontra-estamentu bat (Gegen-Stand, objektua ere: ez subjektua, historian), ukoaren estamentua, arrazagabezia, emetasun libre, denboragabe, historigabea»8. Eta kontrastapenean ez luzatzeko, ondoriora joko dugu: «Eta hortik ondoriotzen da, zinezko historia ez dela kultur-historia, zentzu antipolitikoan, oso gogoko ustea bihurtu ohi denez edozein zibilizazio-hasieretako filosofoen eta doktrinarien artean, eta beraz gaur-egun ere berriro bihurtuta dagoenez, baizik eta guztiz alderantziz, arraza-historia dela, gerra-historia, historia diplomatikoa, existentzi-errekaren patua gizon eta emakume, askazi, herri, estamentu, erresuma iruditan, nahi izaten dutelarik gertakaria haundien uhin-oldarretan defendatu eta elkar menperatu»9.

      Politikara iragaten garenean ikusiko dugu Mirandek euskaldunok «lurgin-zalduntza» kasta edo arraza bezala ikusi nahi gintuela10. Oraingoz alde bat utz genezake hori, nola ere bai Spengleren ideia guztion zerikusia Nietzscherekin.

      Historiaren barnean, beraz, bi indar dabil borrokan, etengabe, elkar azpiratu nahita. Horretan datza historiaren funtsa. Eta borroka horren arabera sortzen dira bi moralak. «Bi era, bi modu mundua ikusteko, odolak zainetan korritzeko, eta pentsamendua eguneroko zerizan eta zereginekin lotzeko —azken batean kultura garai ororekin bi moral modu erne da, batak besteari goitik behera begiratzen diola: moraltasun noblea eta askesi izpirituala, batabesteari gaitzeritziz, ala mundutargatik ala esklabugatik»11.

      Bi printzipioren arabera bi estamentu sortzen diren moduan, estamentuok bi printzipio desberdin dauzkate moralaren oinarrian: bataren oinarrizko berezkuntza «on ala txar» da («gut und schlecht»), bestearena «on ala gaizto» («gut und bose»).— Nietzscheri hartu dio Spenglerek berezketa modu hau noski. Aiton-semetzaren etikan: «Onak boteretsuak dira, aberatsak, zoriontsuak, Ongik indartsua esan nahi du, ausarta, arraza onekoa, halaxe gainera antzinate orotako mintzamoldeetan. Gaizto, zirtzil, esteiari, arrunta (bilau, bulgare) jatorrizko esanguran boteregabeak dira, ezjabeak, zoritxarrekoak, koldarrak, txikerrak, Eznor-Semeak, Egipto zaharrean deitzen zitzaien legez»12.

      Spengler kultur morfologoa bait da, Nietzscheren oso bestela jartzen du moralaren arazoa. Kultura bakoitzak bere zentzu morala dizu: «Kulturak dauden adina daude moralak, gehiago ez eta gutxiago ez»13, eta kultura guztion eta kultura hauetako moral guztien azterketa morfologikoak erakusten du, hain zuzen, kultura ororen oinarrizko bi forma edo printzipio haien errealitatea. Ahuleziaren, abstrahikuntzaren, hots, apaizaren morala, ordea, zibilizazioaren eta dekadentziaren moral forma bezala ageri da kultura ziklo guztietan. Horregatik ez du Spenglerek Nietzscheren berdinkuntza (ez da erabatekoa) esklabu-moral = kristautasun onartu nahiko14, «Sklavenmoral» kontzeptua bera fantasma bat irudituko bait zaio, inolako errealitate historikori egiaz ez dagokiona15. Eta egiaz Mirandek ere ez du inoiz erabiliko. Oposizioa, hortakoz, ez da izango jaun/esklabu, baizik eta jaun/apaiz, Jaun/zibilizatu (dekadente), etab. batez ere, ordea, «besteak ez bezalako» eta saldo-gizon. Are Nietzschek esklabu-morala deritzona ez da izango gainbeheraren kausa, haren produktu eta haren agerkizun baizik. «Bere betean dagoen kulturako gizakiak, bere oldez bizi beste gabe egiten duen bitartean, naturalki eta xalo, haren bizitzak berezkoa dauka tentua. Senezko morala da, instintiboa, mila formula eztabaidagarriz jantzi litekeena, baina berak bere burua eztabaidatzen ez duena, moral hori eduki egiten da eta. Bizitza abaildu egiten den orduko, hiri haundietako lur artifizialean (saldoa!), orain mundu ideologiko autonomoak diren horietan, teoria bat behar izaten den orduko bizitza eskenan egoki jartzeko, bizitza kontsiderazioaren objektu bilakatzen den orduko, morala problema bihurtzen da. Kultur morala da, eduki egiten dena; zibilizatua, bilatu egiten dena»16. Horixe da hain zuzen apaizaren morala: bilatua, intelektuala, zibilizatua, kalkulatua, h.d. «ezarpena da, arrazoitan eta ondoriotan berezitua eta, beraz, ikasi-gaia eta konbentzimendu baten adierazpena»17.

      Diferentzia honetan Mirande Spengleri jarraitu zaio, ez Nietzscheri: kontrastapena ez da egingo nagusiaren eta morroinaren artean, gizabanako nortasuntsu berezi baten eta giza-saldoaren artean baino; baten barneko exigentzien eta gizarteko arau orokor, abstraktu, intelektualen artean. Euskaldungoaren etsaiak saioan ere espreski agertuko da: «Nik ez dut esanen espiritu berri hori gure dekadentziaren kausa izan denik, baina bai dekadentziaren ondorio eta agerkun dugula»18.

      Bi moralak kultur-historikoki baloratzeko moduan ikusi ditugun diferentziok aparte, moral modu bakoitzaren edukina berdintsu ikusten dute bi filosofo alemanek. Mirandek, politikan diharduenean, gogorkeriaren alderdia azpimarratuko du; nobelan aldiz, hots, gizarte bizitza arruntean, distintzioa, jauntxotasuna esan genezakeen urruntasuna, berezitasun kultibatua, aristokratikotasuna, aintzatago hartuko dizu. Haur besoetakoa-n protagonista «etxe-ondo zahar baten jabe eta leinu ohoragarri bateko seme» da19, eta jende arruntaren oso gainetik sentitzen da: «berak ez zituen bakunak besteak baino gehiago ez gutxiago erdeinatzen»20.

      Hona hemen gure aristokrata, Mirandek ederki pintatu duen eran: «...jendeekin jendakin, gizartean gizabidetsuki zebilen gizona, erdeinu apur bat doi-doi erakutsiz. Bere irrikiari amore emanaz, ba zekien bere hondamendira lihoakela, bere erruz... hala ziotson gizarteko eginbideak bederen. Eta alaitasun gabeko irri bat zuen bere gogoan: eginbideari hain jarraikia zen gizarte hortan, haren ezagun, adiskide eta ahaldeen artean, ba ote zen haren kezka eta grina berak ezagutu zituenik? Bai, noski, bat edo beste izan bide da, pentsatzen zuen, beharbada gutxien susma ditekeen gizon zintzo, zindo, jainkotiar bat... baina delakoak bere buruari gogor egin dio, bestela ez luke orain gora edukiko, eta inork ez lioke begirunez begiratuko»21. Protagonistaren autokontzientzia hau funtsean Nietzscheren jaun moralaren laburpen bat da, eta une berean nobelan nahitaez gertatu beharko duen konfliktoaren abisu garbia.

      Mirandek ondo ikasi du bere Nietzsche. Was is vomehm?, Zer da printzipala? galderari (eta jaunen moralaren iturria hori da), erantzuten dio Nietzschek: «Gizakia tipoaren garapenak oro, gizarte modu aristokratikoren baten obrak izan dira orainokoan guztiak eta beti izango da horrelaxe: gizonetik gizonera arrangoaren ordenu eta balioaren diferentzi-zurubi luze batean sinesten duen gizartearena, eta horregatik esklaberia, zentzuren batean, beharra duenarena. Distantziaren pathos gabe (...) beste pathos misteriotsuago hura ere ezingo litzateke bizkortu, distantzi-zabalkunde beti berrietarako lehia hura arimaren beraren barnean, estatu berrien sorkunderako beti gorenago, bakanago, urrunago, hedatsuago, zabalago, laburki gizakia tipoaren gorapena, ‘gizakiaren bergaindipen’ jarraikitua, formula moral bat zentzu moralgaindikoan erabiltzeko»22.

      Gizon aristokrata, bere buruaren jabe eta inguruaren nagusi horrek ez du onartzen baliorik eta araurik eta obligaziorik kanpotik ezar dakiola. Balioak eta arauak berak ezartzen ditu. «Gizaki tipo printzipalak bere burua balioen definitzaile sentitzen du (...), balioen sortzailea da»23. Hain zuzen distantziaren pathos horixe da balioak berez sortzen dituena: «Printzipaltasunaren eta distantziaren pathosa, esan bezala, kasta gorenago eta dominatzaile baten guztizko eta oinarrizko sentimentu iraunkor eta nagusia, kasta apalago batekiko, ‘Behean’ batekiko —horixe da ‘ona’ eta ‘txarra’ aurkakotasunaren jatorria»24.

      Bestea, saldoko gizona, beti amore eman behar izaten duena da, bere kisa ezer pentsatzerik eta ez egiterik daukana, «besteen nahia egin bedi, zeruan bezala lurrean ere» errezatzen dueña25. Jendearen zeresana da haren preokupazio haundiena26. Saldoko jende hori azkenean «kultura gabekoa» eta «pertsona funts-gabeko, gogo arront»a bait da27.

      Ongienik «hautetsi»arekin kontrastean karakterizatzen da saldo-jende hori: «Baina zer kalte egin zien hark sekula, hain gogorki eta hain ankerki jokatu nahi baitzuten haren kontra? Bere atsegin xikietarako askatasuna beti utzi zien hark jende zintzo eta ohoregarri horiei, zer ziren haren epaile izatera ausartzeko? Gorrotoz gorrotatzen zituen, bai, zintzo eta zuzen zikintsuok! Eta aurrean zedukan bertutearen zalduna, gizon behar-bezalako, ez deus, gatz-il hori, itzul-inguruka eta hitz-estalika mintzo zen hipokrita hori, ez ahal zekien egiazki nolakoa zen, ez ahal zuen haren gogo —eta bihotz— xikikeriaren berri, bere bizi guzian egin, egiten eta eginen zituen xikikerien berri? Lapurra, salerosketari bat zen aldetik; gezurtia, gizarteko gizon bat izaki; satsua, lehena emaztearekin, gizartearen on-nahiaz eta legearen baimenaz hartu baitzituen ere. Eta gizelikoak oro irin bereko ziren —zer bekoki zuten bai, haren irriki gurenari oldartzekotz ergelok?»28.

      Testu eta pasarte guztiok gorabehera, halere, esanahitsuena testurik ez duena da, Miranderen planteamendua bera egiteko modua. Konfliktoa ez da sortzen hautetsiaren eta saldoaren artean balio objektibo baten inguruan (agian saldoko gizonak hala usteko du, baina hautetsiak berak ez du horrelakorik istant batean ere pentsatzen), hots, hautetsiari ez zaio burutik pasatzen ere inoiz, egiten ari dena gaizki egon litekeenik. Konfliktoa ekarri, desberdin eta berezi izateak dakar. Bereziarentzat, hautetsiarentzat, konfliktoa ezinbestezkoa da gizartean. Bi moralen arteko borrokaren funtsa horixe bait da. «Gogomen altu menpegabea, bakartasun nahia, adimen haundia, arriskuak bezala sentitzen dira jadanik; banakoa saldoaren gainetik jasotzen eta hurkoaren begirunea sortzen duen guztiari oraindanik gaiztoa esango zaio; sentiera merke, apal, burumakur, berdinkorrak, irrikien mediokritateak merezitzen du moralaren izena eta ohorea»29.

      Baina auzi guztia objektuaren aldetik planteatuko bagenu ere, pertsona larri baten hamaika urteko neskatoarekiko erlazio sentimental/sexualen aldetik alegia, filosofia nietzscheanoak erraz emango liguke soluzioa: pasiozko maitasuna aristokratikoa da. «Handik hara beste gabe uler daiteke, zergatik maitasunak, grina bezala —gure europar espezialitatea da—jatorri printzipalekoa izan behar duen: bere inbentua ezagunki zaldun-poeta probentzalei zor zaie, gai saber-eko gizon asmakor galant haiei, hainbat gauza eta ia-ia bere burua Europak haiei zor bait die»30. Edo Zarathustrak erantzun erabakatekoago bat emango digu: noblearen bizioak ere nobleak dira. «Behiala grinak zeneuzkan eta gaiztoak zeneritzen. Baina orain zure birtuteak bakarrik dauzkazu: zure grinetatik muskildu ziren (...) Behiala zakur basatiak zeneuzkan zure sotoan: azkenean, baina, txori eta neskatxa kantari bihurtu ziren (...) Eta orainez gero ez da zure baitatik ezer gaiztorik hazten, nola eta gaiztoa ez den zure birtuteen borrokatik hazten dena»31.

      Alde horretatik —moralaren aldetik— salbu dago HBko gure gizona. Bakarrik, Zarathustrak ez dio ezkutatzen bere moral garai osoarekin ere saldo gizartean suertatuko zaion patua: «Gizakia da gauza bat, gainditu beharra dagoena: eta zuk horregatik zure birtuteak maitatu egin behar dituzu, —zu horietan hondoakartuko bait zaitu. Horrela mintzo zen Zarathustra»32, Von den Freuden und Leidenschaften.

      Indibidual-elitismo aristokratiko hau —bestela ezin izenta genezake— bidean gora jarraitzen badiogu, Schopenhauerganaino doa berriro. Harén sisteman gutxi batzuen pribilegioa da egiazko ezagutza sakona, ondorio bidez baita «salbazioa» ere. Beste guztiak Nahiaren jostailu hutsak dira, harat-honat itsuki zanbuluka dabiltzanak, orbel bat haizearen hegaletan. Reyburn/Hinderks baitan irakurtzen dugunez: «Erredentzioa gutxi-gutxi batzuri bakarrik ematen zaio, eta gutxiok ez dira Jainkoaren graziaz hautetsiak, baina beren indar propioz beren buruen erredentoreak. —Harrokeria intelektual honen —horixe bait da, izan ere, bidez izan ala ez— formarik erakarkor eta engainakorrena, ederraren bizipenean erredentzioa bilatzen duena da. Moraltasuna, guztiz desiragarria izan arren, hain izaten da laudatua eta, teorian bederen, hainbat jenderentzat eskuragarria, aisa bihurtzen bait da zeharo aspergarria. Ederra sortu eta bizitu egiteko gaitasuna, aldiz, hain ezohizko zerbait da, horregatixe bait da gizaki jeinial eta izpiritutsuaren jabegoa zentzu propioan»33. Schopenhauerek morala eta artea (santua eta jeinua) berezten bazituen, ordea, Nietzschek alderdi biak bateratuko ditu moralean, morala balioen kreazio bezala bururatuz. Jeinuen obra.

      Jarrera honi darion gehiengoaren mesprezua oso ederki adierazten dute, nire ustez, aipaturiko bi Autoreek, Schopenhaueren beraren testuetan oin hartuz egin ere: «Irakasten du gero Schopenhauerek, pertsona jeinialak bere dohain horiengatixe hain zuzen joera duela, jende eta gauza arruntekin kontaktoa galtzeko (HB-ko protagonistak egiten zuena!) eta bizitzako egunerokotasunen aurrean moldakaitz ibiltzeko. Schopenhauerek, eguneroko pertsona arruntari, estudianteen argoteko esaera batekin, filisteoa deritzo. Filisteoa amousos anér da, pertsona amusikoa, gusto gabekoa, landugabea, arlotea eta oihesa. Bere giza garuna eduki arren, gutxi-gorabehera piztien mailan bizi da, ez beharrizan eta ez pozkario izpiritualik batere du. Adimena, ganaduaren gainetik jasotzen duena, bakeapenik gabeko zirkulazio idor eta deskontsolagarri batean xahutzen du: dantza, teatroa, soziedadeak, karta eta azar-jokoak, zaldiak, emakumeak, edan, bidaiatu. Gauza altuagoetara bideratuz gero, gogaikarri aurkitzen ditu eta laidotua sentitzen da, bere erdipurdikeriaren sentimentua bizten bait diote, eta mesfidantza sakon bat sentitzen bait dizu, are higuina, edozein pertsona izpiritualenganako»34.

      Historian behera jarraitzen badiogu, aldiz, nola Miranderen bidez Euskal Herrira iristen den indibidual-elitismo hau, ikusten dugu, nola berehala indar hartzen duen Krutwigekin, eta bere burua «jenseits von Gut und Böse» ikusten duen mesianismo edo anarkismo (nihilismo?) gisa batean zabaltzen den. Haize guztiok Mirandek ireki zuen Pandoraren kutxatik barreiatu bait dira (haren eragintza pertsonalagatik izan dela esan gabe), Miranderen inportantzia Euskal Herriko pentsamendu modernoaren historian nekez esajera liteke. Eragile bat ez bada, zentzu hertsian, aitzindari bat izan da.

      Geroxeago ikusiko da moralaren planteamendu oinarrizko hau haren erizkera sozial eta politikoen abiaburua eta orpoa dela orobat.

      Oinarrizko planteamendua horrela eginda, gero ez dauka inportantzia haundirik birtuteak bana-banaka nola tratatzen diren. Ez da ondorioak ateratzea besterik izango, aplikazioak egitea. Horregatik adibide bakar batera mugatuko gara, ezkontzaren eta familiaren arazora35.

      Ezkontza eta familia oinarrizkoak dira gizartean eta apenas egongo da (jabegoa ez bada) harreman modu bat sozialki baldintzatuagorik eta eratuagorik, lotuagorik, hau baino. Saldo-moralaren arazoan oso-osorik sarrarazten gaituen arazoa da, hortakoz; baina baita erabakimendu pertsonalaren arazoa garbi-garbi agerrarazten digun arazo bat ere.

      Ezkontzak eta familiak, konbentzio sozial hipokrita batzuk baino ez dirudite Miranderentzat, itxura duenez. Ohiturari jarraiki eta munduari uko egiten ausartzen ez delako, jendeak onartzen duen katea. Beste zentzurik ez dio nonbait ikusten Mirandek. Nobelan baino ere plastikoago eta bildukiago Ametsa ipuinean azaltzen digu hau36. «Bidezko da neska bat edukitzea hogei eta lau urteko mutil batentzat»37. «Bidezko da» gero ezkontzea. Bidezko da, gero, elkarrekin bizitzea, elkarren asper-asper egonda ere. Bidea betidanik horrelaxe jarrita daukagu. Gurasoek irakatsitakoa ikasten dugu, haiek emandako lanbidea hartzen dugu, haiek esana egiten dugu beti Makina haundi baten barruko funtzionamenduan gurpil txiki bat besterik ez gara. «Oroen buruan zer biziera ilaun, gertakari gabekoa berea! Nolaz ez zen hortaz orain arte konturatu? Guzia beti berdin, egunero ordu berean lanera, egunero lankide berak, egunero hizketaldi berak, egunero emakume bera etxean!»38.

      Ezkontza eta familia, horrela, gartzela bat da. «Bere emaztea zen, hari loturik zegoen ezin hautsizko lokarriez, loturik betiko, inoiz ere ez zen askatuko»39. Nietzscheren «urrezko seaskako askatasun gabezia, pabo-buztan kulunkakoa, eta gainera esker onekoa izan beharraren sentimentu itogarriarenekoa»40.

      Izpiritu libre batek ez luke konbentzioei burua makurtu eta ezkondu behar (Haur Besoetakoa-n horixe egingo du azkenean protagonistak, borroka latz baten buruan). «Izpiritu libreak emakumeekin biziko ote diren? Orohar uste dut, antzinateko egazti egiesaleen (aztien) rhodura, orainaldiko egipentsatzaile eta egimintzun gisa, nahiago izango dutela, bakarrak hegaldatu»41.

      Grinen satisfakzio piska baten truke hartzen den galeretara kondena zigorra da ezkontza. «Muxu zenbaiten gatik, bere bizi guzian hari loturik izango zen»42. Instituzio honek, horrela —konkubinatoa bera korrunpituz!— azkenerako ez emazte eta ez hasegarri seksual uzten gaitu, ez dagoelako pertsona berean satisfakzio izpirituala eta seksuala betetzerik43.

      Ezkontzaren instituzioa oinarri faltsu baten gainean dago eraikita, Nietzschek leku diferentetan berrirotzen digunez. Morgenröthe-n adbz.: «Ezkontzaren instituzioak usteari setakorki eusten dio, maitasuna, grina bat izan arren, horixe iraunkorki izateko gauza dela, baita bizi guztian dirauen maitasuna arau bezala ere ezar daitekeela»44. Eta azkenean artaldearen kohesioa eta iraupena gotortzeko erabaki soziala baizik ez da. Izpiritu libreak, ordea, «gorrotatu egiten ditu ohikuntzak eta arauak, iraunkor eta definitibo denik guztia; oinazez, horregatik, bere inguruko sarea behin eta berriro urratu egiten du»45. Baina nola? Ametsa-ko senarrak badaki «inor ez dela aske». —«Edonor, sendi, buruzagi, aberri, ezkontide edo ahalde bati loturik dela». Bai, baina bera ez da edonor...46. Eta berezi, hautetsi honek ere askatasuna bilatuko digu: «emaztea ito zuen!». «Askatu naun, aske naun!». Kasualitatez bezala, koinak bonbila bat hustutzean jartzen du Mirandek hau ere askatasun bidean...

      «Edonor» ez den batentzat, hautetsiarentzat («ez diteke nornai izan pagano»), nahitaez tragedia bat da ezkontza. Zarathustrak — Von Kind und Ehe— esplikatuko digu.

 

      Baina hori, asko-eta-gehiegiek ezkontza deritzotena, sobrari horiek, —ene, nola, deitzen dut nik hori?

      Ene, arimaren miseria hori binaka! Ene, arimen nardagarrikeria hori binaka! Ene, plazer urrikalgarri hori binaka! (...) Zorakeria llabur asko —zuen artean horri maitasuna deritzo. Eta zuen ezkontzak zorakeria llabur askori azkena jartzen dio, memelokeria luze bakar batez47.

 

      Inor dena, eta ez edozein, ezin gera daiteke edozeinen konbentzioen munduan. Hain dago aparteko eta berezi bezala pentsatua Miranderen gizon etikoa. Hauxe da, nolanahi ere, haren baitan gizon ontologiko-metafisikoak eta gizon etiko-politikoak daukaten lotura bakarra: bata mistiko bat da, bestea aristokrata edo zaldun bat, baina beti da giza-saldotik urrundu bat, «goragoko» bat. Hain goitik partitzen bada, ordea, birtute arruntek ez dute kaskartu baino egiten.

      Fidelitateak, adibidez48.

      Moralak egiaz gizona gizonagotzen duela, irakasten zaigu txiki-txikitatik. Beste ezer baino lehen eta hobeto, abereengandik bestelakotzen eta goragokotzen gaituena, morala omen da. Gizonaren duintasuna. Horrela, irakasten zaigun morala maitatzen eta ohoratzen irakasten zaigu halaber, ikasi ala bihotz-baitara ere dezagun, gure duintasuna hura dugulakoan. Zer da hori? Nietzscheren erantzuna huxe da: «Moralarekin gizabanakoari irakasten zaio, abeltaldearen funtzioa izaten, eta funtzio gisa bakarrik bere buruari baliorik aitortzen»49. Gizonaren kaskartzaile hutsa da morala. Era berean, Miranderen gizon «bere-gisakoegi» hautetsia moralaren eta birtute txikien gainetik dago. «Ez!, gizartean bere toki txikia gordetzeagatik batek edo bestek zer-nahi eginik ere, hura ez zen giza-saldoaren aitzin-eritzietara makurtuko»50.

      Birtute txiki guzti horiek —ondo daki Zarathustrak— gizona geroz eta txikiago, kaskarragoa egiten bait dute. «Birtutea, apal eta otzan bihurtzen duena, iruditzen zaie: horrela otsoa zakur bihurtu zuten eta gizakiaren etxabere hoberena gizakia bera»51. Miranderen gizonak txikiei beren txikikerietarako askatasuna uzten die52, «jendeekin jendakin» da53, Zarathustra bezala («gortesa naiz horienganako, edozein ezbehar koxkorrenganako bezala»)54, baina bera ezin jar daiteke «beste gizonak bezala egitera»55.

      Bizio txikiekin berdin da, esaterako «sensualitatearen ergelarekin»56, «sensualitate izendun or-eme higuingarriarekin»57. Horien ere gainetik dago hautetsia.

      «Hemen (“Zarathustra”ko Von der verkleinemden Tugend kapituluan) kosmologikoki planteatzen du arazo morala —biltzen du E. Finkek Nietzescheren birtuteekiko pentsamendua—: birtutea ohi deritzon horretan berak munduaren galera bat ikusten du. Gizakia, mundu zabalean barrena begiratzeko gaitasuna duen izakia, azkengabea esperimentatzeko eta pentsatzekoa, itxi ere egin daiteke haren aurrean, kuzkurtu, kaskartu; mediokritatea munduarekiko erlazioaren murrizketa bezala ulertzen da. Gizakia bere hurbilekoan eta albo-albokoan instalatzen bada, azkendunera eta orainaldikora mugatzen bada, zorion txikia bakarrik bilatzen badu, asetasuna eta kontentua, konformidadean etsi eta angelu kontrolagarri batean kokatzen bada, otzana bada eta mengela, horren arrazoia da, munduaren zabalak jadanik ez duela pilpil egiten haren bizitzan, ezein gogo-minek diola jadanik errotik erauzi eta mamutzarrezko ikaragarritara bultz egiten; ‘birtute txikierazlea’ mundu-txirotasunaren seinalea da» (Nietzschek ez zeukan euskarazko «txikiratu»-rik, zalea zen horietako hitz-joko baterako hemen)58.

      Nietzschek nonbait esango duena, arrisku gehieneko nortasun bortitzaren etsaia ez da bortitza, ahula eta gaisoa baino: hark makur erakartzen du eta ahultzen eta gaisotzen du, haren erara bihurtuz. Arrisku honen eta arrisku honetatik salbatzeko borrokaren historia da Haur Besoetakoa.

      Gehiengoaz eta saldoaz horrela pentsatzen duenak —tentazioa ematen du galdegiteko— zergatik idazten du eta ez da isilik geratzen, besteak bakean utziz beren bizimodua egiten? Nietzscheren kasua alde batera utzita orain, Miranderenean arrazoiak politikoa dirudi: abertzaletasunak. Haren konbentzimendu bat zen, Euskal Herria askatzeko aurretik moralki eraberritu beharra zegoela, orain nagusi diren erizkera moral «demokratikoekin» inora joaterik ez dagoelako askatasun borroka batean. Borroka politikoaren parte bat da moral auziko borroka: horregatik sartu dugu hitz hau kapitulu honen tituluan. «Moralari eta gizarteari buruz zituen dotrina garratzak» —ongi ohartzen zen bera horretaz—59 borroka politikoa oinarritu behar zuen. «Niketz —idazten zion D. Peilleni hain zuzen nobelari buruz— inguruan ditudan jendeen konformismuaz aserik nago eta gudu egin nahi diot. Orain artean politikan nuen antikonformismuaren ikurrina erabiltzen... eta aitortu behar dut orain artean horrekin ez dudala deus onik irabazi... —Nahiago dut orain literatura hutsean lan egin, baina ikusten badut izpiritu aske batek ezin zabal ditzakela bere ideiak moralari edo antzeari buruz euskaldunen artean, erdera batean idatziko dut hemendik aurrera»60.

      Utzi egin behar izan zion euskaraz idazteari.

      Kapitulu honen hasieran, Mirandek morala eritasuntzat zeukala, esan dugu, eta erremediotarako filosofo haundi batzuen zenbait pasarte aldatzen zuela. Testu horien arteko batean Mirandek prezeski Nietzsche aipatzen du: «Gizona ez dabil zorionaren atzetik. Ingelesek baizik ez du egiten hori»61. Nietzschek, bere aldetik, apenas egiten du Schopehauer aipatu besterik: «Errore innato bakarra dago, eta da, uste izatea, zoriontsuak bilakatzeko gaudela»62. Eta Schopenhauerek berak, ez dago esan beharrik, Kanten etikara garamatza: Morala ez da zoriontsu izateko bidea, norbere obligazioa betetzeko gogoa bakar-bakarrik baino, tragedia bat kostako bazaigu ere. Morala obligazio hutsa da. Arima noblearen bere barne ahotsari bakarrik obeditu beharra. Saldoak, baina, zorion puxka bat da, bilatzen duena. Bi moraltasun.

 

 

1 SPENGLER, O., UA 981. «Es wird immer das grosse Verdienst Nietzsches bleiben, ais erster das Doppelwesen aller Moral erkannt zu haben. Er hat mit seinen Begriffen Herr- und Sklavenmoral die Tatsachen nicht richtig gezeichnet und das Christentum viel zu eindeutig auf die eine Seite gestellt, aber das liegt klar und stark all seinen Betrachtungen zugrunde: gut und schlecht sind adlige, gut und bose priesterliche Unterscheidungen». (Spenglerek ez du halere bikoizketaren modu konkretu nietzscheanoa ontzat eman: «Nietzsches ‘Sklavenmoral’ ist ein Phantom. Seine Herrenmoral ist eine Realitat», cfr. Ib., 446). Nietzscheren aurretik, beharbada, Schopenhaueren berezkuntza aintzakotzat har daiteke, izatearen (Seinsethik) eta beharrizatearen (Sollensethik) bi moraltasun moduak kontrajartzean, bera lehenaren alde. HÜBSCHER, A., Schopenhauer. Biographie eines Weltbildes, 1967, 9: «Schopenhauers Ethik ist eine Seinsethik, keine Sollensethik». Ik. baita ABENDROTH, W., Schopenhauer, 1976, 87-101.

2 Ib., 964.

3 Ib., 970. Delako bikoiztasun horrek formulazio desberdinak izan ditzake gero: B. Farringtonek, nola bera marxista den, apaizari teknikoa kontrajartzen dio in bere Ciencia griega, 1979, 123. Ik. orobat ORTEGA Y GASSET, J., Mirabeau o el político, 1986, 18: «Nuestro tiempo no hubiera nunca inventado estas dos palabras: magnanimidad y pusilanimidad. Más bien lo que ha hecho es olvidarlas, ciego para la distinción fundamental que designan. Desde hace siglo y medio todo se confabula para ocultarnos el hecho de que las almas tienen diferente formato, que hay almas grandes y almas chicas, donde grande y chico no significan nuestra valoración de esas almas, sino la diferencia real de dos estructuras psicológicas distintas, de dos modos antagónicos de funcionar la psique. El magnánimo y el pusilánime pertenecen a especies diversas; vivir es para uno y otro una operación de sentido divergente y, en consecuencia, llevan dentro de sí dos perspectivas morales contradictorias. Cuando Nietzsche distingue entre ‘moral de los señores’ y ‘moral de los esclavos’, da una fórmula antipática, estrecha y, a la postre, falsa de algo que es una realidad innegable». Planteamenduok ez dago beste gabe eskuindartzat soil hartzerik: Nietzscheren planteamenduak berdintsu eragin bait du eskuin-ezkerretara. Ezkerraren kasurako, ik. adibide bat (Frantzian), in STERNHELL, Z., La droite révolutionnaire. Les origines françaises du fascisme 1885-1914, 1978, 347: «Les syndicalistes révolutionnaires se considèrent comme une aristocratie nouvelle menant à la guerre —la guerre sociale— l’immense armée des prolétaires. Comme Sorel et Berth, les autres théoriciens de ce syndicalisme' subissent aussi l’influence de Nietzsche. Ils accueillent avec ferveur son mépris de la mentalité bourgeoise et n’hésitent pas à faire un révolutionnaire de son surhomme. Son concept de l’élite, l’importance qu’il attache à la violence, à l’héroïsme, au dynamisme et à la foi, à l’activisme en somme, vont fortement modifier le marxisme jusque-là professé par les syndicalistes. Dès lors, ceux-ci vont mettre l’accent sur la puissance créatrice de l’individu et sa capacité de changer le cours de l’histoire. — L’élan révolutionnaire devient ainsi fonction de foi et de volonté, et non plus d’une conscience de l’évolution historique. Voilà pourquoi la rencontre avec l’Action Française ne sera pas fortuite, mais le résultat d’une conception très proche du bien politique et des forces historiques».

4 Ib., 971. Testuon oihartzuna iruditzen zait harako Ortegarena berriro, op. cit., 33: «Hay, pues, dos clases de hombres: los ocupados y los preocupados; políticos e intelectuales. Pensar es ocuparse antes de ocuparse, es preocuparse de las cosas, es interponer ideas entre el desear y el ejecutar. La preocupación extrema lleva a la apraxia, que es una enfermedad. El intelectual es, en efecto, casi siempre un poco enfermo. En cambio, el político es —como Mirabeau, como César—, por lo pronto, un magnífico animal, una espléndida fisiología».

5 Ib., 972.

6 Ib., 973.

7 Ib., 974. «Alies das wird vom Priestertum verneint und also auch von der Philosophie, soweit sie Priestertum ist». Nekeza litzateke «apaizaren» kontzeptu nietzschearrak esan nahi duen guztia adieraztea, baina ideia bat arrunt egiteko, lagungarriak izan litezke, nik uste, «De los predicadores de la muerte» eta «De los sacerdotes» kapituluak, in: Así habló Zaratustra, 1985, 76ss eta 139ss.

8 Ib., 973.

9 Ib., 977.

10 MIRANDE, J., «Euskaldun gudu-zalduntza baten beharrkiaz», in: Euzko Gogoa 9/10 (1952) 18-19.

11 SPENGLER, O., UA 980.

12 Ib., 981. «Die Guten sind die Mächtigen, Reichen, Glücklichen, Gut bedeutet stark, tapfer, von edler Rasse, und zwar im Sprachgebrauch aller Frühzeiten. Schlecht, feil, elend, gemein im ursprünglichen Sinne sind die Machtlosen, Besitzlosen, Unglücklichen, Feigen, Geringen, die Söhne Niemands, wie man im alten Aegypten sagte». Zerbait bitxia da Mirande etika eritasuna delako ideia-hartu arren nola ez den insistantzia haundiagoz etorri gaitz/gaizto/gaixo erlaziora, oso Nietzscherena izan arren.

13 Ib., 439.

14 Ib., 443 eta hur.

15 Ib., 446.

16 Ib., 452-453.

17 Ib., 981.

18 MIRANDE, J., «Euskaldungoaren etsaiak», in: Anaitasuna 77/12/15, 24 (orain in LARREA, J.M., argle., Miranderen lan kritikoak, Iruñea 1985, 31-34, ere bai). Aurrenik in Gernika 23, 1953, argitaratua.

19 HB 6.

20 Ib., 11.

21 Ib., 9.

22 NIETZSCHE, F., KSA V, 205. «Jede Erhöhung des Typus ‘Mensch’ war bisher das Werk einer aristokratischen Gesellschaft - und so wird es immer sein».

23 Ib., 209.

24 Ib., 259. «Das Pathos der Vornehmheit und Qistanz, wie gesagt, das dauernde und dominirende Gesammtund Grundgefühl einer hoheren herrschenden Art im Verhaltnis zu einer niederen Art, zu einem ‘Unten’ - das ist der Ursprung des Gegensatzes ‘gut’ und ‘schlecht’». Distantziaren pathos eta printzipaltasunaren motiboa Jenseits von Gut und Böse-n agertzen da lehen aldiz eta Nietzscheren obra guztian jarraitzen du gero. Izpiritu aristokratikoaren seinalea da. Mirandek edo adina, nola garbaltasun distantziatuaren motibo nietzschearra bereganatu duen Ortegak adibidez, cfr. SOBEJANO, G., Nietzsche en España, 1967, 538-539.

25 MIRANDE, J., HB 17.

26 Ib., 41.

27 Ib., 78-79.

28 Ib,. 78. [OHARRA: Miranderen HB 1970eko argitalpenaren arabera aipatzen da lan guzti honetan. Baina azken aurreko esaldiak hor dagoen eran zentzurik ez bait du, irakur bedi Pamiela Argitaletxeko edizioaren arabera, 1987, 93: «satsua, lehenago ohaldetzat zituen emakumeekin eta orain legezko emaztearekin, gizartearen on-naiaz eta legearen baimenaz artu baitzituen (sic) ere»].

29 NIETZSCHE, F., KSA V, 123.

30 Ib., 212 («gai saber» alemanezko originalean ere) eta KSA VI, 333 («gaya scienza»). Baita ere Más allá del bien y del mal, $ 153: «Lo que se hace por amor acontece siempre más allá del bien y del mal». (Pasioaz, mozkorraz, etab., Nietzscheren balorapenak Schopenhaueren kontrarioak dira gehienbat: honentzat negatiboa dena, harentzat guztiz positiboa izango da. Bion diferentzia filosofikoen oinarrian datza hori. Antzeko zerbait Kant eta Hegelen artean, cfr. KAUFMAN, W., Hegel, 1979, 26-27). Durrellek egiten duen moduan ere entseia liteke agian justifikazioa: intimitate sexuala, ez gorputzezkoa (materiala), izpirituzko elkarpen garbia litzatekeelako funtsean (Cuarteto de Alejandría, «Balthazar», 1986, 136): «Muy pocos comprenden que la sexualidad es un acto psíquico y no físico. El torpe acoplamiento de los seres humanos no es sino una paráfrasis biológica de esta verdad, un método primitivo de poner los espíritus en contacto, de comprometerlos. Pero la mayoría de las gentes se detienen en el aspecto físico, y no tienen conciencia de la armonía poética que con tanta torpeza el acto trata de mostrar». COLLI, G.k, Después de Nietzsche, 1978, 118-119, Platon baitan aurkitzen du jadanik interpretazio berau («Platón, el sublimador»), HBko protagonistaren maitasunak haurrari horrelatsu kontzebitua dirudi.— Haurra betiko menpetasunean lotzea, Sokratek ordurako jada salatzen zuen abusadioa izan liteke, maitasun modu horretan, cfr. GRUBE, G.M.A., Pensamiento de Platón, 1973, 170, baina Miranderi badirudi kasik arazoa «gizona»ren ikuspegitik bakarrik interesatu zaiola, nobela bera, psikologikoa edo baino, filosofikoagoa planteatu duen eran. Schopenhauerentzat pederastiak filosofiari jartzen dizkion buruhausteez, cfr. WZB IV, 657 eta hur., hortik ere argirik bai bait letorke apika Miranderen interpretaziorako. Aski bedi hemen hori ere, ikertu ezin denez gero, seinalatuta uztea.

31 KSA IV, 43. Jarrera hori Schopenhaueren filosofiatik ere berdin desarroila liteke (esplikazioa, alegia, gure kasuan), cfr. PHILONENKO, A., Schopenhauer: Une philosophie de la tragédie, 1980, 124: «le génie est spontanément auguste et moral». Haruntzago, azkenean dagoena beti ere Sturm und Drang-eko gizakiaren irudi harroa da eta Goethe. Honen Das Göttliche («Jainkozkoa») poematxoan hala dio: «Bedi noblea gizakia/ bihotz-zabala eta ona./ Horrek bakarrik du/ berezten eta hura/ ezagutzen dugun/ beste izaki orotatik./ Aintza izaki/ goragoko ezezagun/ susmatzen ditugunei:/ bedi haien berdina gizakia». Hemen ez dago hobeto desarroilatzerik. Cfr. ANDLER, Ch., Nietzsche, sa vie et sa pensée, vol. I, 1958, 20-32 («L’héritage allemand de Nietzsche: Goethe»). Goldmannek, in: Nietzsche, Cahiers de Royaumont, 1967, 42, gizagaindikoaren kontzeptua Goetheren Faust-ekoa dela (eta pentsamendu alemaneko tradizioa «du Faust du Goethe à Zarathoustra») gogoratu ondoren, jarraitzen du: «Je crois que la grande différence entre Goethe et Nietzsche, c’est que Goethe écrivait à une époque oú cette idée de l’homme pouvait être encore libre pour tout le monde; il y avait la Révolution Française, l’espoir de la Révolution, l’espoir d’un homme, d’un monde nouveaux. Nietzsche est arrivé à la même idée, à la même vision de la philosophie classique allemande, mais à un moment ou ces espoirs avaient disparu, et oú l’on pouvait découvrir le mensonge aussi bien dans le christianisme de la société bourgeoise que dans le soi-disant socialisme. Dés lors, pour présenter le surhomme, il écrit “un livre pour tous et pour personne”: c’est-à-dire un livre qui veut s’adresser à tout le monde et qui, en fait, dans le monde ou nous sommes et la société oú nous sommes, ne s’adresse à personne».

32 Ib., 44. «Der Mensch ist Etwas, das überwunden werden muss: und darum sol 1st du deine Tugenden lieben, denn du wirst an ihnen zu Grunde gehn». Cfr. baita ere Ib., 14: «Zarathustra’s Vorrede», 3. WEICHELT, H., Zarathustra-Kommentar, 1922, 17, zentzu arras biologiko eta espreski darwinistan azaltzen da gaindipen beharraren pasartea («das ist durchaus darwinistisch gedacht»). DELEUZE, G., Nietzsche y la filosofía, 1971, 207-270: «El superhombre: contra la dialéctica)». JIMENEZ MORENO, L., Nietzsche, 1972, 135-144: «El superhombre». SAVATER, F., Conocer Nietzsche y su obra, 1979, 121-140: «El superhombre y los valores: la gran política».

33 REYBURN, H.A.HINDERKS, H.E., aip. lib., 65. Antzinateraino jo nahi izanez gero, beharbada sofista batzuk, nolanahi ere gnostikoen «balioen gainazpiraketa» aipatu ahal izango lirateke urrungo aitzindari, cfr. art. «Gnosticism», in: The Encyclopaedia of Philosophy, III, 1972, 339 («History of Man»); LACARRIERE, J., Les gnostiques, 1973, 84 eta hur., 95-105. Gnostikoak ongi eta gaizkiaren haraindi kokatzen dira (Ib., 87-90). Gnostikoen elitismoaz eta saldo arruntaren arau moraletatik libre egoteaz, cfr. The Encyclopaedia of Philosophy, loc. cit., 340; LACARRIERE, J., loc. cit., 136. Mirande eta tradizio gnostikoa, hemen aztertzen ez den, noizpait mereziko lukeen gaia dirudi.

34 Ib., 65-66. Filisteoa: itzulpen zaileko terminoa, estudianteen argotetik datorrena. Filisteoak Biblian israeldarren etsai konstanteak eta naturalak bezala dira, Interes makur eta bajuetako jendea israeldar jainkozaleen begitan. XVII. mendean soldaduei eta poliziei, estudianteen etsai konstanteak eta naturalak hirietan, «filisteoak» deitzen zitzaien unibertsitarien argotean. Gero ez-estudiante edo ez-unibertsitateko guztiak izendatzen ziren horrela, azkenik izpiritu edo alkantzu gutxiko, motz, tentel, santuzuri, burges-koxkor, azaluts, itxurajario, esanahitzera etortzeko. Jatorri historiko posible bezala, ez dakit zein sinesgarritasunekin, aipatzen da, Unibertsitatearen edo Unibertsitatearekin ikuskizunik zuten eraikuntza guztietan, Maximiliano Kaiserrak baimenduriko harmarri bat ezarri zela Helmstedten, Sansonen irudiarekin lehoia akabatzen. Beste etxe guztiak horrela «filisteoenak» bihurtu ziren. Beste esplikazio baten arabera, estudianteen eta hiritarren artean egon ohi zirenetako ahakar batean, Jenako barrio batean paisanoek estudiante bat jo buruan eta akabatu egin zuten. Hiletetan sermolariak Juezen Liburuko Delilaren «filisteoak zure qurka!» (kap. XVI) deiaren gainean paratu omen zuelarik predikua, «filisteoak» izendapena estudianteen etsai guztien sinonimo bilakatu izango zen, esanahia gero zabalagotuz. Cfr. BÜCHMANN, G., Geflügelte Worte, 1957, 13-14.

35 Begien bistakoa lirudike kristautasunari muzin egiten bazaio, birtuteen sistema kristauari ere uko egiten zaiola; baina ez da horrela izaten. Ilustrazioaz geroko tradizio intelektual europar gehienean de fakto alderantziz da: kristautasuna (Eliza) kritikatzen dela alegia, baina gero, proiektatzen den gizarte berrian, Elizako fededunen birtute ia berberak izaten dituztela moralaren filosofoek zein Estatuko hiritarrek. MACINTYRE, A., Tras la virtud, 1987, 74-75 eta hainbat beste tokitan. Gogora halaber aspaldi salatutakoa in ORTEGA Y GASSET, J., El tema de nuestro tiempo, 1938, 74: «El pensamiento de las dos postreras centurias, aunque es anticristiano, adopta ante la vida una actitud muy parecida a la del cristianismo». Mirande puntu honetan ere arradikalki ondoriokorra izan da, kristautasunarekin birtute kristauak oro arbuiatuz. Azalpen xeheago baterako, cfr. AZURMENDI, J., aip. lib., 30 eta hur.

36 MIRANDE, J., IH 145 eta hur.

37 Ib., 146.

38 Ib., 149.

39 Ib., 150.

40 NIETZSCHE, F., KSA II, 281. In Menschliches-Allzumenschliches I aspergarritasunaren ideia hori sarri dator.

41 Ib., 280. Nietzscheren posturaz ezkon-bizitzari buruz, cfr. ANDLER, Ch., Nietzsche, sa vie et sa pensée, vol. III, 1958, 151-155. «Le philosophe ressemble à ces oiseaux auxquels les Anciens demandaient le secret de l’avenir: ces oiseaux volent seuls. Il hait la règle, et les femmes sont la coutume impérieuse». Nietzscheren homosexualitatea omen delakoaren arazoa betiko baztertzeko guzti honetan, ik. (eta nahi adina bibliografia gehiago berton aurkituko da), SCHULTE, G., Ich impfe euch mit dem Wahnsinn: Nietzsches Philosophie der verdrängten Weiblichkeit des Mannes, 1982.

42 MIRANDE, J., IH 150.

43 NIETZSCHE, J., KSA II, 278.

44 KSA III, 37-38.

45 KSA II, 280.

46 MIRANDE, J., IH, 150.

47 NIETZSCHE, F., KSA IV, 91. In Más allá del bien y del mal, 1985, 101, $ 123, esaten da: «También el concubinato ha sido corrompido: — por el matrimonio». La genealogía de la moral, 1984, 124: «Y así el filósofo siente horror del matrimonio (...). ¿Qué gran filósofo ha estado casado hasta ahora?». Crepúsculo de los ídolos, 1984, 116: «Es evidente que al matrimonio moderno se le ha ido de las manos toda la razón». Gehi daiteke, bestalde, orohar emakumeari buruzko kirtenkeriaz eta imaginatu ezinezko matxismoz beteta daudela beti Schopenhaueren hala Nietzscheren obrak. Ik. SCHOPENHAUER, A., El amor, las mujeres y la muerte, 1967. Baáirudi, gainera, hein batean gure Joanes Huarte Donibanekoari ikasi ziola hain zuzen Schopenhauerek emazteen bere mesprezua, cfr. FRANZBACH, M., La traducción de Huarte por Lessing (1752), 1978, 209-212 (adibidetxo antzera, Examen de ingenios para las ciencias, 1977, 67 gogora genezake: «la compostura natural que la mujer tiene en el celebro no es capaz de mucho ingenio ni de mucha sabiduría». Egunotan F. Krutwig Donibanekoari jarraitun agertu zaio teoriotan). Schopenhaueren aipatua bezalako Nietzscheren testu hautatu bildumarik ez dut ezagutzen: esku-beteka dauzka aforismoak eta eztenkadak andrazkoen isekaz, ezingo litzateke jakin nondik biltzen hasi eta non amaitu. Ik. BRANN, H.W., Nietzsche und die Frauen, 1978.

48 AZURMENDI, J., aip. lib., 31.

49 NIETZSCHE, F., KSA III, 214. «Mit der Moral wird der Einzelne angeleitet, Function der Heerde zu sein und nur als Function sich Werth zuzuschreiben».

50 MIRANDE, J., HB 9.

51 NIETZSCHE, F., KSA IV, 214. «Tugend ist ihnen das, was bescheiden und zahm macht: damit machten sie den Wolf zum Hunde und den Menschen selber zu des Menschen bestem Hausthiere».

52 MIRANDE, J.,HB 78.

53 Ib., 8.

54 NIETZSCHE, F.,KSA IV, 212.

55 MIRANDE, J., HB 31.

56 Ib., 32.

57 Ib., 34.

58 FINK, E., aip. lib., 93. Kezkaok eta jarreraok ez dira —gurera bagatoz— Miranderen esklusiboak izan. Erdipurdikeriaren kritika unamunotarraz diharduela (testu klasikoa Vida de Don Quijote y Sancho da noski), komentatzen da in SOBEJANO, G., Nietzsche en España, 1967, 299: «(...) Si eleva a Don Quijote al rango de un sobrehombre español es, ante todo, porque está harto de una humanidad española depauperada; porque está contra la sociedad que le rodea. Su comentario es una diatriba apasionada contra los mediocres. Si es preciso rescatar el sepulcro de Don Quijote, es porque existen como nunca, más que nunca, curas, bachilleres, canónigos, amas; porque la sociedad española en ese momento rebosa de Sanchos sin quijotizar y todo anda en manos de gentes mediocres que nada aman, en nada creen y que, cansadas de sí mismas, no quieren sobrevivir, sino que aspiran sólo a la comodidad, acostumbradas a sus pequeños placeres, atadas a sus prejuicios»». Guzti honetaz ik. bedi baita ere MITXELENA, S. [Iñurritza], Unamuno ta Abendats, 1958 (orain, in: Idazlan Guztiak, I, 1977, 303-450). Halaber ORTEGA Y GASSET, J., op. cit., 21-22: «Es preciso ir educando a España para la óptica de la magnanimidad, ya que es un pueblo ahogado por el exceso de virtudes pusilánimes. Cada día adquiere mayor predominio la moral canija de las almas mediocres, que es excelente cuando está compensada por los fieros y rudos aletazos de las almas mayores, pero que es mortal cuando pretende dirigir una raza [kasu: arraza!] y, apostada en todos los lugares estratégicos, se dedica a aplastar todo germen de superioridad».

59 MIRANDE, J, HB 28.

60 IH 194.

61 MIRANDE, J., «Ethika», in: Igela, 1979, 46. Ik. NIETZSCHE, F., Crepúsculo de los ídolos, 1984, 31, $ 12.

62 SCHOPENHAUER, A., WZB IV, 743. Oroit HEGEL, G.W.F., Lecciones sobre la filosofía de la historia universal, 1985, 93, gizandi historikoez honela epaitzen bait du: «Los que estén necesitados de consuelo pueden sacar de la historia este consuelo horrible: que los hombres históricos no han sido lo que se llama felices».