Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

3.11 Moralaren auzia

 

      Behin, oso gustuko zuen modu batez, umorez eta ironiaz planteatzen digu moralaren auzia Igela-n: «Ethika zer da? Aita Lhande-n hiztegiak hau dio: Ethika, (L.) = phtisique. Beraz ethika eritarzun bat da, gaitz bat eta iduri duenez, barreneko gaitz bat. Larousse hiztegiak aldiz = moralari dohakona. Bagenekien moralak gorabeherak zituela, baina bi hiztegien artean jakiten dugu gaitz bat dela»1. Gero, gaitz horren erremedio, munduko gizon haundi batzuen, filosofo batzuen, esaerak eskaintzen dira.

      Munduko gizon haundi eta filosofo horiek, nola ez bada, F. Nietzsche eta H. Heine dira. Morala omen den gaitzaren erremediorako aipatzen diren esaera horietatik, ideia hauek bil daitezke: etsaiari ez zaio barkatu behar, urkabean dagoen arte behintzat; populu subiranoaren mesprezu olinpikoa eta demokraten ez txikiagoa; ez dela zoriona gizonak bilatzen duena (bilatzen duena zer den esan gabe); «kategoria batetan, partidu batetan sartzen ahal» ezin den gizon atopos-aren, artzainik nahi ez duenaren gorazarrea. Denak dira Miranderen ideia txit propioak, nahiz besteren hitzez baliatuz agertu hemen2. Gu, halere, azkeneko puntu horretan pausatuko gara, hots, saldokoa ez den gizon atopos-aren eta artalde batean ibili nahi ez duenaren arazoan, puntu honek moralaren auzi guztia biltzen bait digu, Mirandek hura planteatzeko gisa bederen.

      «Moral ist heute in Europa Heerdenthier-Moral»3, erabakitzen du Nietzschek, sententzia sonatu batean. Abeltalde-morala da gaur Europan morala. Berak, ordea, Ongiaren eta Gaizkiaren handikaldetik, Jenseits von Gut und Böse nahi du gizona, egiaz gizona, saldoan urtu eta galdu ez dena. Jarrera guztiz logikoa eta kontsekuentea da hau Nietzscheren eta Schopenhaueren ikuspidean, esan dugun bezala Lehen Izatea, existentziaren oinarri sakona, nahia bait da: Bizi Nahia Schopenhauerentzat eta Aginpide Nahia edo nagusitzekoa Nietzscherentzat. «Muina, kontzepzio biena berbera da —ohartarazten du G. Collik—, eta Schopenhaueren printzipioa Nietzscherena bezain mendu inmanentekoa zen: kasu bietan iharduna sustantzia irrazional batetaz da, gure baitan dagoena hori (...) eta gu hartaz atzemate inmediato batez jabetzen garela»4. Nahia da barneko sustantzia irrazional hori, gu ez bait gara haren objektibazioak besterik. Orduan logikoa da Schopenhauerek esatea: «ez dago Nahiarentzat batere printzipio moralik, lege absoluturik»5. Nahia indarra bait da, indar gisa librea, lotura gabekoa, non eta loturak beste nondibait ez zaizkion ezartzen. Nondik, ordea, Ding an sich bera, Lehen Izatea, indarra baldin bada (Nahia), direnak oro haren objektibazioak?

      Ikus dezagun hau sakonkiago, oinarrizkoa bait da ulertzeko, nola bakoitzarentzat norbera beste moral printzipiorik ez dagoen eta printzipio hori azkenean izaki eta gizaki guztien barneko eta nahitaezko «egoismoa» (bizi nahiaren zentzu berez neutralean) den, mugagabeko egoismoa hain zuzen. «Denbora eta espazioa dela eta, bakoiztapenaren printzipio hori, nonahi agertzen da Nahia bakoizkien anizkortasunean. Anizkortasuna ordea ez doakio berari, Nahiari qua horixe bere baitan, baina haren agerkizunei: osorik eta zatitu gabe dago bera horietako bakoitzean presente eta inguru guztian bere esentziaren irudi zenbakabeki errepikatua begiesten du. Esentzia bera, aldiz, zinez erreala alegia, bere barnean bakarrik aurkitzen du inmediatoki. Horregatixe nahi izaten du bakoitzak dena beretzat, denaren jabe izan, nagusi gutxienez, eta oldartzen zaiona, porrokatu egin nahiko luke. Ezagutzaile banako bakoitza, hortakoz, Bizi-Nahia osorik da eta sentitzen da, hots, munduaren bere baita bera, mikrokosmo bat ondorioz, makrokosmoaren pareko. Natura edonon eta edonoiz egiatiak berak damaio, etorkiz jadanik eta gogoeta edozeinetatik aparte, ezagutza hori, ziurtasun erraz eta inmediatoz. Horrela argitzen da, azkengabeko munduan ia desagertu eta ezdeustara niminoturik ere, banakoek haatik munduaren zilborra bihurtzea bere buruak, beste ezeren aurretik bere existentzia eta atsedentasuna ikustea, are, ikuspegi naturaletik, haien alde beste dena prest egotea sakrifikatzeko, prest mundua bera suntsitzeko, zertxobait luzeago iraunarazteagatik bere norbera propioari, ur-ttantta hori ozeanoan. Sentimentu hori da egoismoa, naturan edozer gauzari esentziala zaiona»6.

      Testu gogor eta gordin bezain argi honek erakusten duenez, moralaren kontua ez da, maila honetan, gizonon arazoa bakarrik, natura guztiarena baino, gizonarena bezala otsoarena, eta berdina guztientzat: bakoitzak bere burua salbatzea. Bakoitza bait da, eta horixe besterik ez bait da, Bizi Nahiaren objektibazioa. Sistema honetan Schopenhauer eta Nietzsche guztiz kontsekuenteak dira, eta bidezkoa da Miranderi hemendik aurrera entzungo diogun guztia ere: zapaltzen gaituena hil egin behar da, biolentzia behar da nazio borrokan; demokratismoa ez da berdinkeria eta ahulezia besterik, nagusi eta jaun izaten saiatu behar dugu; eta, laburki esan, geure asmoetan ez daukagu zertarako begiratu jendeari, besteei, inoren erreparorik gabe egin dezagun geure gogoa (naturaren legea bait da hori, objektibatzen dugun barne izate edo Nahiaren legea alegia, esango zukeen Schopenhauerek). Mirande logika honetan sartzen da, eta hemendik aurrerakoan logika honetan mugitzen dela, ikusiko dugu.

      Garrantzizkoa da, horregatik, nire ustez haren ontologiaren eta etikaren (edo historiaren ikusmoldearen) artean dagoen koska, desberdintasuna, beharbada inkontsekuentzia, behin eta azkeneko aldiz seinalatzea, gero puntu bakoitzean hartara itzuli beharra ez izateko. Miranderen ontologian ikusi dugun Lehen Izatea, Arima orokorra edo delakoa, dinamikoa da nolabait, bere egonean itsuki egotetik berjakintzara eta bizialdietara iragaten bait da. Baina Mirandek inon ez du Lehen Izate hura, Arima, ezinegon urduri batean azaltzen, su baten antzera, hautsi eta puska eta forma berriak nahitaez berriro sortu behar dituen indar itsua alegia, Nahia den gisa. Ezagutu ere Lehen Izate hura ez da ekintzan, ihardunean ezagutzen, Schopenhauerek gorputzaren ihardunean egiten duen bezala (nahiarekin bat bait da gorputzaren higikunea), kontenplazioan eta egonean baino. Schopenhauerek ere kontenplazioan eta barneratzean ezagutzen du, baina aktibitatean; Mirandek, aldiz, pasibitatean. Horregatik ez da ikusten Miranderi bere ontologiak ikustera goazen erizkera etiko eta politikoak eskatzen zizkionik. Alderantziz dirudi, kietismoa eta nirwana bat eskatu beharko liokeela. Eta halere «egoismoaren» eta Nahiaren etika edo moral bat, antimoral bat, desarroilatuko du.

      Hasieran ikusi dugun «zer da etika?» galderari Mirandek eman dion erantzuna ez da ikusi behar ateraldi edo umorealdi bezala soil. Nietzscheren oinarrizko ideia bat biltzen du, Zur Genealogie der Moral, 2. atala, ezagutzen duenak berehalaxe ohartuko zuenez.

      «Aldaketa haren presiopean —azaltzen digu Nietzschek kontzientziaren sorrera— gizona jausi behar zen gaitz sakona dela deritzot kontzientzia txarrari; hark jasandako aldaketa guztietan errotikakoena, —bere burua gizartearen eta bakearen sorginkerian betiko harrapatuta topatzean gertatutako aldaketa»7. Kontzientzia morala, beraz, jatorrizko gizonaren egoera naturaletik oraingora, sozialera, iragaterakoan sortutako gaitza da. Kontzientzia gaisotasun bat da. Baina ez gaitezen galdu hitz hutsetan. Kontzientzia izan daiteke barneak, naturak agintzen didana egitea: «kontzientzigabekoa» inolako erizpide moralik gabekoa baldin bada, gizaki naturala ez da kontzientzigabekoa. Bere kontzientzia du, kontzientzia naturala (ez naiz neure gisa ari, Nietzscheren gisara baino). Edo —gizartean batik-bat— izan daiteke kontzientzia, tradizioak irakatsi didana, elizak eta familiak. Gerta daiteke, orduan, momentu batean tradizio erlijioso-kultural horrek ez uztea egiten, naturak alderantziz egiteko agindu egiten didan zerbait: ez hiltzea, hil egin beharko litzatekeenean; harreman sexualik ez izatea, etab. Kontzientziak, orduan, erbaldu egiten du gure natura. Mirande eta Nietzsche baino lehen, natura eta kontzientziaren artean konflikto hau, Shakespearen drametan daukagu bizi asko atzemanda (Machiavelli baitan lehenago noski). King Richard III-ak honela dio, izen horretako tragedia haundian: «Kontzientzia, koldarrek erabiltzen duten hitza besterik ez da, aurren-aurrenik bortitza errespetuan lotuta edukitzeko asmatua. Gure arma bortitzok dira gure kontzientzia, ezpataok gure legea. Aurrera, atxeki gogor, goazen arramarrara elkarrekin eskuz-esku, zerura ez bada, infernuraino»*. Zentzu honetan kontzientzia zibilizazioaren gaitz bat da, dekadentziako gaisotasun tipiko bat. Koldarraren arma ezkutua hain zuzen. Ausartaren kontzientzia bere oldarra da, koldarraren oldar guztia kontzientzia den bezala: egoera naturalean gizonak ez luke bere oldarra beste kontzientziarik. Noiz edo nola jausi da gizona zibilizazioaren konbentzio hauetara bere natura jatorretik?

      Nolabait Rousseau gogoratzen duen Hobbesekin zerikusi gehiagoko esplikabide honetan areago interesatzen zaigu orain, noiza baino, gaisotasuna edo gaitza zertan datzan halere.

      Gaitz hori, lehenengo, gizonaren plegu edo izaera jatorraren mozketa batean datza, hots, bere instinto, sen, eta barne-indar guztien kamusketan. Bat-batean egoera berrira egokitu behar zuen ordura arte naturalki naturan bizitako gizonak, gizartera, eta ordura arteko bere barneko arma guztiak utzi beharrean kausitu zen hortakoz. «Nola itsas animaliei gertatu zitzaien, lurreko animalia bihurtu ala hiltzera behartuta suertatu zirenean, hala gertatu zitzaien oihanean, gerran, noraezean, menturan, pozik hartaratutako erdi-animalia hauei —bapatean beren instinto guztiak baliogabeturik eta ‘etenda’ geratu ziren»8. Hemendik aurrera gizonak instinto guzti horiek golkoan gorde beharko ditu, barneratu, eta bere barnean erretzen ari zaizkion artean gizonaren beraren kontra itzuliko dira: «etsaigoa, krudelkeria, jazargoaren, erasoaren, aldaketaren, suntsiketaren atsegina —guzti hau instintuon jabearen aurka oldarturik: horixe da ‘kontzientzia txarraren’ sorrera»9. Bigarrenik, bada, jatorrizko ehiztari- eta borrokari-instintoak bere buruaren aurka bueltatzean datza gaitz morala (Erkrankung). Gizartea gartzela da. Eta piztia kaiolan barroteen kontra ekin eta ekin zauritzen eta gaisotzen den bezala, gizarte-gartzelan gizona gaisotu egin da («an den Gitterstangen seines Käfigs»). «Preso mira-eritzi etsitu hau izan zen ‘kontzientzia txarra’ asmatu zuena. Baina beronekin gaitzik haundiena sartua zen, makurrena gero, egundaino gizateria hartatik sendatu ez den gaitza, gizonak gizonagatik, bere buruagatik sufritzea: bere animali lehenalditik bortxaz banatzearen ondorio»10. Bai, «eritasuna da kontzientzia gaiztoa»11, gero arbasoekiko, jainkoekiko, hil ondoko juztiziarekiko erreferentziak hartuz joango dena, geroz eta sakonago, bihurriago, konplexuago, kateakorrago, bihotz-orapilakor eta adimen-hodeitzaile, ekintza-gizon naturala guztiz elbarritzeraino. Hamletena alegia: «Izan ala ez izan: horra kontua. Izpiritu nobleagoarena ote den eraman egitea zorigaizto krudelaren harrikadak eta geziak, ala armak hartzea oinazeen itsasoaren aurka, buru egin eta dena bukatzeko (...). Horrela kontzientziak koldar bihurtzen gaitu denok, eta horrela erabakimenaren jatorrizko gorria gaisotuta pentsamenduaren zurbiltasun pean geratzen da, eta gora haundiko ekitasmo garrantzizkoak begiramendu horregatik bidea okertzen dute, eta ez dute ekintza deitzea merezitzen»**.

      Hemengo ideia biok hartu behar dira gogoan, Miranderen planteamendu morala ulertzeko: morala omen den gaitzarena, eta gizabanakoarentzat gizartea gartzela eta gaisotzeko lekua izatearena.

      Mirandek gizabanako/gizarte oposizioaren moduan planteatuko bait du moralaren auzia: morala eta nortasun pertsonaia, berezitua, konflikto askaezin batean aurkitzen dira, soluziorik ez dago, zart ala zirt hautsi beharra dago nondibait. Hauxe da Haur Besoetakoa-n erakusten zaiguna12. Ni, ni neu bezala ezer banaiz (ez arrunt «ugaztun» gisa, «europar» gisa, etab., baina ni neu propioa), gutxi-asko antzeko besteengandik berezten nauen horixe naiz. Neu naizena izateak izan beharko luke nire zuzentasuna ere, nire ibil eta ihardueretan, hots, nire natura propioari dagokionak. Baina horixe da guztientzako moral doktrinari bat eta bera postulatzen duenak onartu ezingo duena: morala gizon guztientzat berdina bada, moral pertsonalik ez dago, natura propioari uko egitea bihurtuko da morala. Planteamendu hau Miranderen obran xeheki nola desarroilatzen den, ez dugu hemen azalduko, Mirande eta Kristautasuna saioan egina dago eta gehienbat. Puntu nagusi batzuk azaltzera mugatuko gara.

      Moralak beti «gizarteko eginbideak» txintxo betetzea eta beti «giza saldoan» ibiltzea eskatzen dizu, esango du Mirandek. Horixe besterik ez da moralaren kontzeptua bera. Nortasunaren heriotza da. Beti giza saldoan txintxo bazabiltza inola berezitu gabe, gizarteak bere modura sarituko zaitu: gizon prestu ohoratua izango bait zara, denek begirunez begiratua eta, esan ohi denez, ondo ikusia. Baina saldotik irten eta zeure gisara ibili nahi baduzu, berehalaxe zigortuko zaitu saldoak. «Gisakoa» izan behar behar bait da. Bakoitza norbere gisako, «berezi», izatea, ostera, horixe da «barka ez ditekeen bekatu bakarra»13.

      Inguruko guztiek eta maite zaituzten guztiek, txiki-txikitatik hasita, gurasoek berak eta lagunek eta irakasleek, Estatuak eta Elizak eta irakurgai onen egileek eta modu finen gortesaniazko maisuek eta den-denek, saldoan ibiltzen eta saldotik ez irteten irakatsiko dizute. Hori da hezkuntza. «Beste gizonak bezala» ibiltzen eta bizitzen ikastea14. Horixe lortzea beste zereginik gabe, gizarteak aparato erraldoi bat dauka eraikita, eskolatik espetxeetara, erreformategi eta psikiatriko, juez, ertzain eta pastore, artaldearen artzainak denak, gu denok ardi txintxoak izan gaitezen saldoan. Ardiak zenbat ardiago eta perfektoagoa gizartea: demokratikoagoa.

      Saldokeria hori dena berez ahulezia eta gaisotasuna besterik ez den arren, ideologia moralak errealitatea hankaz gora jarriko du, ahulezia indar bezala eta gaisotasuna osasun sozial eder bezala esplikatuz. Bizioak eta joera okerrak menderatzeko borondatearen indarra, aipatuko da orduan. Edo jendeak ez bezalako joerarik (homosexualitatea, pedofilia, etab) ez duenaren marzaltasun morala. Saldokoago eta osasuntsuago, borondate bortitzekoago eta zuhurrago. «Zuhurtasun horren zorakeriak, esan-delako gogo-indar hori egiaz den koldarkeriak, hamorratzen eta nazka erazten zuen» hain zuzen Miranderen HB nobelako protagonista15.

      Morala, beraz, ez da zibilizazioaren gaitza eta naturaren aurkako perbertsitatea bakarrik, bere gezurrezko justifikazioa asmatu duen intolerantzia eta krudelkeria ere baino. Ez dizute utziko zeure zoriona eta atsegina bilatzen, saldoak zorion eta atsegin bezala dekretatu duena baizik. «Besteek ez zioten zorion hauskor hori hautsi gaberik utziko, edozein bidez eragotziko zioten —ahal bazuten behintzat. Eta bera baino askoz indartsuago ziren besteok, askoz erruki-gabekoago bere nahia lortzekotz! Bai, bera baino askoz ankerrago ziren, on eta zuzen horiek, lagun hurkoari min egiteko jakintzan, Ontasunaren eta Zuzentzaren izenean. Beren moralkeria buztinezko oinak dituena zutik gordetzearren, gudu eginen zieten noski Theresari eta berari»16. Besteak ez bezalakoa, saldotik aterea, Mirandek «hautetsi»tzat joko duena, «gorrotoz eta izotzez beteriko mundu batean galdurik» aurkituko da17. Baina beti zuzentasunaren eta ontasunaren izenean, horiek, egiten dutena egin, ez bait dute sekula okerrik eta gaiztorik egiten, beti ontasunaren printzipioen arabera jokatzen baizik. Inkisizioak ez zuen gaiztakeriaz kiskaltzen, baina populu gaisoaren kupidaz eta karitatez, hobenduriaren beraren errukiz. Inkisitore berriek, saldoaren artzain onek, faxistatzat joko eta edonon beztuko zaituzte, ezinezkoa egingo dizute publikatzea, desesperatu beharko duzu zeure gizartean eta azkenean alferrik zeure burua hil. Baina gaiztoa beti zu izango zara. Berak ez dute inoiz okerrik egin, kristauak dira eta demokratak, arrazoizkoak eta zentzudunak. Ur bazterrean ipuinean sarkasmo garratzez esaten den eran: jendeek «Gaitza zer den ez dakite. Nola, ba, baldin beren liburu, eskola eta tenpluetan onaren berri baino ez badute ikasten, gero jotzen edo mintzen edo hiltzen dutenean, beti onaren onetan bait dute egiten?» 18.

      Saldoak bi irtenbide dauka besteak ez bezalakoarentzat: lehenengo, eginahalak egin «hautetsia», berezia, hausteko eta saldora itzularazteko. Gero, bere asmoa lortu ezin badu, bestea perbertso eta gaiso deklaratu eta, honez gero ez bait da inor plazan horregatik kiskaltzen, psikiatrarengana bidali19. Kontzientzia on eta birjinazkoaren gizarte zintzoan, bestelakoa izateak esplikaziorik ezin du aurkitu termino patologiko eta kriminalistikoetan ez bada. Non geratuko litzaiguke gure ontasun paregabe bakarra, beste batzuek bestelakoak eta halere onak izatea zilegi balute? Zergatik ez ginateke geu ere askoz libreago «bestelakoak» izango orduan?.

      Hau dena, sasi moralaren laguntzarako zientziaren aplikazioa barne, Was bedeuten asketische Ideale-ko pentsamolde berbera da oso-osorik, hots, apaiz asketikoaren (artista asketikoa, filosofo asketikoa, daude haren alboan) azterketa eta salaketa. «Apaiz asketikoak alferrik galdu du arimako osasuna»20. Mirandek apaizaren irudia kendu egin du eta Nietzschek apaizari eginarazten diona, artaldearen defentsan, Mirandek gizarteari, saldoari berari uzten dio egiten. Ez dira alferrik gauzak asko aldatu XIX. mendeaz gero, bitartean Elizak, Mirandek espreski seinalatzen duen bezala, ahalmena galdu bait du herri-arazoetan nola giza-gogoetan21. Dena den, saldoak, hots, apaizak (honela esango dugu Nietzscherekin jarraitzeko: boterearen justifikazio-ideologia produzitzen duenak alegia) babestu beharra dauka artaldea. Sistemaren defendatzaileak (hots, artaldearenak), aurrez-aurre borrokarik egitea baino errazagoa izango du, sisteman eta artaldean apoiaturik hain zuzen, mesprezua eta iseka egitea. «Berak defendatu egin behar du bere artalde hori —noren kontra? Osasuntsuen kontra, ez da dudarik, eta baita osasuntsuenganako bekaizkeriaren kontra ere; osasun eta ahalmen zaildu, ekaizkor, grinatsu, harrapakari tankerako, gogor, zakar ororen antagonista eta mesprezatzaile naturala behar du berak izan. Gorrotatzea baino mesprezatzea errazagoa zaion animalia delikatuagoaren lehen forma da apaiza»22. Mirandek, bada, saldoaren erruki faltsua eta mesprezua franko jasanaraziko dio bere protagonistari.

      Apaizak (saldoak) osasuntsu eta egiaz bortitzekin borroka egin beharko du, artaldearen defentsan. Baina ez da borroka garbirik izango, bi borrokalari naturalen arteko norgehiagoka. Tranpaz eta maltzurkeriaz betetako gerra bat izango da, «izpirituaren» armez, h.d. sofisteriaz eta ideologiaz. Gizaki naturala, basakume jatorra, ezagutzen ez dituen amarru eta segada lakio artean aurkituko da borrokanahastuta, borrokalari baino tranposoago batekin, nola borrokatu ezin asmatuko duela, hots, itxuraz itxuroso baina funtsean arrazoi faltsu engainagarri haiekin nola burutu. «Ez da libratuko harrapakariekin gerra egin behar izatetik; maltzurkeriazko gerra («izpiritu»zkoa), indarrezkoa baino, berez ulertzen da hori»23.

      Saldo-moralean Mirandek nabarmentzen duen puntu guztiz inportante bat, inportantea Nietzscheren moralaren kritikan ere, krudelkeriarena edo ankerkeriarena da. Aberearen jatortasuna galdu duen saldo-gizon gaisoa, endakatua, muga-gabe ankerra da. Lehenengo bere buruarekin masokista izan beharra izan duen moduan, orain beste guztiekin sadikoa izango da. Historia unibertsalean gorrotatzaile guztiz haundi denak apaizak izan dira beti24. Zapalduaren, korromio resentimentuaren, ankerkeria da, judaismoa funtsean, «mendekuaren eta gorrotoaren, gorroto juduaren, arbolaren enborretik»25 datorrena, «gizon arruntaren morala»26. «Esklabuen errebelamendua moralean, herra bera emankor bihurtu eta balioak sortzen dituenean hasten da»27. Hau —geroago ikusiko dugun modu batean— judaismoaren produktua da: «behintzat, egia da Israel sub hoc signo behin eta berriro garaituz joan dela, bere mendekuaz eta beste ideal guztien gainetik, beste ideal nobleenen gainetik balio guztiak transbalioztatuz»28. Izpiritu hau gero kristautasunak jarraitzen du. Eta aipatu beharrezkoa da hemen Nietzschek, saldo-moralaren edo kristautasunaren sadismoa norainokoa den erakusteko, aipatzen duen San Tomasen pasarte benetan harrigarri eta izugarri bat: «Beati in regno coelesti videbunt poenas damnatorum, ut beatitudo illis magis complaceat», esaten du Irakasle eta Santuak «arkume batek bezain otzan»29. Alegia, zeruan bertan santuek, beren poza betea izan dadin, besteak infernuan jasaten ari diren tormentuak ikusiko dituztela. Moral honetan, norbere zoriona besteen zorigaiztoak haunditzen du; onen plazer haundia da gaiztoak sufritzen ikustea, gaiztoek edozein kasutan ere sufritu egin behar izatea. Pasartea benetan hain izugarria da, ze A. Sánchez Pascual bila joan bait da, San Tomasek non esan duen holakorik, eta baita satisfakzio haundiz aurkitu ere: Summa Theologica, suplemento, cuestión 94, art. L, aurkitzen da «la asombrosa frase de Tomás de Aquino», «este texto increíble»30.

      Mirandek biziki azpimarratzen du «jende zintzo eta ohoragarrien», «zintzo eta zuzenen», «burges xiki estu zikinen», «ergelen eta zikinen» (hau bait da Miranderen mintzamoldea horiei buruz) ezinikusia eta intolerantzia, berak ez bezalakoari bizimodua inposible eginez, «gizartearen indarraz eta ankerkeriaz harmaturik»31. Baina puntu hau ulertzeko moralaren jatorrira itzuli beharra dago eta horretara pasako gara beste gabe.

      Aurretik, halere, puntu bat argitu beharra dago Nietzscheren metodologiaz gorabehera guzti honetan, Miranderen ihardunbidea berdina izan bait da. Ez batak ez besteak ez dute inoiz balioa bera auzitan jartzen (maitasuna, errukia, zuzentasuna, etab.), bere horretan, haren usadio sozialean eta jatorri historikoaren mailan baizik. E. Finkek «balioaren egia-galdera irekia, Nietzschek, berari arradikalagoa dirudion egiaren balio-galderaz gainditzen du»32, adierazten duena. Baina gauza bat da, gizonak nola iritsi diren historikoki balio batzuk ezartzera, edo zein usadio egiten duten momentu jakin batean aitorturiko balio-sistema hartaz, eta beste gauza bat balioak berak zein eritzi merezi duen bere hartan. Hau, azkeneko hau, Mirandek ez du aintzakotzat hartzen. Nietzschek ere egin ez duen moduan.

      Metodo honek, oraindik, bere justifikazioa izan dezake Nietzscheren sisteman: azkenean bizitza izan da (Nahia) balioak ezarri dituena, praxi historiko edo sozial baten kritika bidez arbuia litezke berriro balio horiek, hain zuzen bizitzaren izenean. Zailago dirudi metodo hau Miranderen presupostu ontologikoetatik justifikatzea, berriro gorago seinalatura itzultzen bait gara.

      Hori utzita, Nietzschek Zur Genealogie der Moral-en honela argitzen digu «eritasun moralaren» jatorria: gizona, bere jatorrizko basa egoeratik gizarteko bizitza konbentzionalera, ez zen bere gogoz eta ez inolako itun sozialez pasa, indartsu gutxi batzuk nagusi altxatu zirelako baino gehiengoaren gainean, hauek zitalki zangoperatuz. Horrela sortu zen «Estatua» (Nietzschek berak kakotx artean). Eta ez da dudarik, «‘Estaturik’ zaharrena, ondorioz, tirania lazgarri moduan, makinaria birrintzaile eta begirunegabe moduan agertu zela eta erdi-animalia eta herriz egindako lehengai landugabe hura ez bakarrik oratua eta erabilgarria bihurtu arte hala lantzen segitu zuela, forma ere izan arte baizik»33. Hona hemen nagusi-jende hau nolakoa zen Nietzscheren begitan: «harrapakari hilegorri andana bat, jaun- eta konkistatzaile-arraza, gerrarako antolatua eta antolamendurako kalipuduna, bere hatzapar beldurgarria arretagabeki jartzen duena beste herri baten gainean, beharbada bai hagitz bortitzagoa kopuruz, baina oraindik itxuratu gabekoa, batera-bestera ibiltaria oraindik»34.

      Gerora zapaldu horiek beren moral modua sortuko dute (esklabuen morala), geroxeago ikusiko bait dugu. Baina beti ere zapalduaren egoeratik sortua izango da, zapalketaren espresio, eritasun bat bera ere hortakoz, eta hortik haren sadismoa eta ankerkeria. «Gizakiak abel-taldetzat dauzkana, eta haiengandik ahalik arinena ihes egiten duena, seguru harrapatu egiten dutela atzetik eta beren adarrekin adarkatu»35.

      Saldokeriaren berezko ondorioa da, justu jende sentiberenak, finenak, nortasun berezienak, zanpatzen dituela, «gizarteko eginbideetara» makurtzen badira nahiz ez. Mirandek horrela azaldu digu Haur Besoetakoa-ko protagonista. Eta Nietzschek: «Edozein ekintza bakoiztik, edozein pentsamolde bakoiztik hotzikara ematen du: kontua ateratzerik ez dago, izpiritu bakanenek, hautatuenek, jatorrenek historia guztiaren lasterbidean zenbat sufritu beharra izan duten, beti gaiztoak eta arriskutsuak bezala ikusiak zirelako, are beraiek beren buruak halaxe ikusten zituztelako. Ohituraren moraltsun-agintearen azpian (Herrschaft der Sittlichkeit der Sitte) edozein eratako originaltasunak kontzientzia txarra hartu du»36.

 

 

1 X.X., Igela, 1979, 45. Miranderena bezala hartzen dugu testu hau, sinadura gabe etorri arren aldizkarian.

2 Ib., 45-46.

3 NIETZSCHE, F., KSA IV, 124. Hemen ere ezin luzatuko gara Nietzscheren aitzindariekin eta. Artalde bat bihurtuta dagoela gizartea, salaketa klasiko bat, ik. ROUSSEAU, J.-J., Del contrato social. Discursos, 1982, 151 («ese rebaño llamado sociedad») eta gure kulturaren efektoa dela hori, 156-157 eta 286. (Cfr., egungo demokrata, sozialista eta antzekoez, ORTEGA Y GASSET, J., Obras Completas, I, 1946, 746: «Ahora, por lo visto, vuelven muchos hombres a sentir nostalgia del rebaño»; ideia etengabe errepikatua in La rebelión de las masas. Pio Barojaren obran ere maiz aurkitzen dira hitz horixe eta mesprezu berbera, «rebaño», sozialistei eta erreferitzeko). Schopenhaueri buruz, cfr. PHILONENKO, A., Schopenhauer: Une philosophie de la tragédie, 1980, 124: gizadia «elle est ordinaire et vulgaire». Ik. beronen El mundo como voluntad y representación, 1983, 154: «El hombre vulgar, ese producto manufacturado (Fabrikwaare) de la naturaleza, que ésta edita por millares diariamente» (WZB I, 242, $ 36). Descartesen erdeinua vulgoari Metodoaren II. Diskurtsuan ikus daiteke adibidez. Baina kontua zaharra da (alegia, ez da filosofia burgesarena): beti ezin ibiliko gara Heraklitoren fragmentoetaraino itzuliz, ezta? Ik. GIGON, O., Grundprobleme der antiken Philosophie, 1959, 73. Poeta eta filosofoa inoiz ez dira historian vulgoarekin nahasten, konfunditzen. Oroit Horazio, Odak III, 1,1 (Lauaxetak beretzat aipatzen zuena): «Odi profanum vulgus et arceo».

4 COLLI, G., Nachwort, in: NIETZSCHE, F., KSA V, 416. Giza moral autonomo eta natural bat, ez kulturaren produktu arrazoizko eta artifiziala, oinarritzeko ahalegin honetan, filosofo aleman bion Rousseaurenganako erlazioa trazatu ahal izango litzateke halaber: «je ne tire point ces règles —azaltzen du Bikario Savoiarrak— des principes d’une haute philosophie, mais je les trouve au fond de mon coeur écrites par la nature en caractères ineffaçables», cfr. GRIMSLEY, R., La filosofía de Rousseau, 1977, 79. MOREAU, J., J.-J. Rousseau, 1973, 95-113.

5 SCHOPENHAUER, A., WZB, II, 408 eta hur.; VI, 53 eta hur. Schopenhauerek maiz errepikatzen du, nahi izaten ez dela ikasten, Senekaren esaldia: «velle non discitur», ik., adibidez, El mundo como voluntad y representación, 1983, 232 eta hur. Nahiari ez irakatsi eta ez agindu egin ahal zaio, ez dauka agindurik, morala (agindua) baino lehen da bera. «Ez duelako estetikak, ez erotikak, maiuskulazko egiarik», idatzi du, iruzkinean ari zela, J. SARRIONAINDIAk, «Haur besoetakoa eta beste ninfula batzu», in: Maiatz 4 (1983) 4. Bera da egia.

6 Ib., II, 414. Antifonen moralarekin aldera: Les Sophistes. Fragments et Témoignages, 1969, 174-178. CLASSEN, C.J.(ed.), Sophistik, 1976, 493-542. Cfr. NIETZSCHE, F., «Valor natural del egoísmo», in: Crepúsculo de los ídolos, 1984, 106-107. Schopenhauerek, aip. lib., 278-279, ongia eta gaizkia honela azaltzen ditu: «Todo aquello que agrada a la voluntad en cualquiera de sus manifestaciones, todo lo que llena sus fines, es lo que se piensa bajo el concepto de bueno, cualesquiera que sean, por otra parte, sus diferencias en todo lo demás. Por eso decimos: buena alimentación, buen camino, buen tiempo, buenas armas, buen augurio, etc.; en una palabra: llamamos bueno todo lo que es como nosotros lo deseamos (...). El concepto contrario (...) sirve para designar abstractamente todo lo que no encaja en la tendencia presente de la voluntad». NIETZSCHE, F., El Anticristo, 1985, 28: «¿Qué es bueno? — Todo lo que eleva el sentimiento de poder, la voluntad de poder, el poder mismo en el hombre. ¿Qué es malo? — Todo lo que procede de la debilidad». Pio Barojak: «Todo lo que favorece la vida es bueno; todo lo que la dificulta es malo», aip. in: SOBEJANO, G., Nietzsche en España, 1967, 369.

7 NIETZSCHE, F., KSA V, 321. Cfr. MURIN, Ch., «Généalogie du questionnement du sentiment moral», in: Nietzsche problème: Généalogie d’une pensée, 1979, 145-195.

*) «Conscience is but a word that cowards use,/ Devised at first to keep the strong in awe;/ Our strong arms be our conscience, swords our law./ March on, join bravely, let us to’t pell-mell;/ If not to heaven, then hand in hand to hell» (V. Ekitaldian, 3. Agertaldia), cfr. The Complete Works of William Shakespeare, London d/g. (Abbey Library), 618.

8 KSA V, 322.

9 Ib., 323. «Die Feindschaft, die Grausamkeit, die Lust an der Verfolgung, am Ueberfall, am Wechsel, an der Zerstórung — Alies das gegen die Inhaber solcher Instinkte sich wendend: das ist der Ursprung des “schlechten Gewissens”».

10 Ib. «Dieser sehnsüchtige und verzweifelte Gefangene wurde der Erfinder des “schlechten Gewissens”. Mit ihm aber war die grösste und unheimlichste Erkrankung eingeleitet, von welcher die Menschheit bis heute nicht genesen ist, das Leiden des Menschen am Menchen, an sich: als die Folge ener gewaltsamen Abtrennung Von der thierischen Vergangenheit».

11 Ib., 327. «Es ist eine Krankheit, das schlechte Gewissen». DELEUZE, G., Nietzsche y la filosofía, 1971, 157-206: «Del resentimiento a la mala conciencia».

**) «To be or not to be: that is the question;/ Whether’t is nobler in the mind to suffer / The slings and arrows of outrageous fortune,/ Or to take arms against a sea of troubles,/ And by opposing end them? (...) — Thus conscience does make cowards of us all,/ And thus the native hue of resolution / Is sicklied o’er with the pale cast of thought,/ And enterprises of great pith and moment / With this regard their currents turn awry,/ And lose the name of action» (III. Ekitaldia, 1. Agertaldiko monologoa), cfr. aip. lib., 861-862.

12 AZURMENDI, J., Mirande eta kristautasuna, 1978, 39. HB euskal pentsamendu tradizionalari sekula botatako desafiorik arradikalena zen seguruenik (euskaraz behintzat). Arradikalegia, euskaldungo arruntak orduan, eta gaur oraindik itxura duenez —kritikoek alegia—, ulertu ezezen, igarri ere egin ahal izan ziezaion, ezta barne-barnean zertaz ari zitzaionik ere zinez Mirande. Ezin erabaki-asmatu izaten da, horrela, obra hori zehazki nola juzkatu eta baloratu, perla literario eta eskandalotxo moral arteko zalantzan. Arestik berak, eta nobelak izan duen irakurlerik adienetakoa izan liteke, «liburu honen gaia izutzekoa da», idazten zuen (Anaitasuna 195, 1970, 10), — «irakurri dugunean (...) buruko biloak luzatu eta belaunak larritu egin bait zitzaizkigun». (Pederastak eta, ez zituela bereziki gogokoak, aspaldikoa zuen Arestik hori kontua). Baina geroxeago «libertateari eskaindutako kantu bat dela» amaituko da. Laster berriro autozuzenduz: «ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposible bat», ordea. Problema gutxiago izan zuen zentsura frankistak: «No contiene nada inmoral ni político» (Exp. 12073/69, Madrid 22 de diciembre de 1969 — J.M. Torrealdaik pasatako informazioa).

13 MIRANDE, J., HB 11. Guzti honen sustrai nietzschearrak zehazkiago edo luzekiago erakutsi beharrik apenas dago (Anderssein als die Anderen, «besteak baino bestelakoa izan»). Guztiaren azpian omen legokeen Nietzscheren homosexualitatea, ordea, lan honen hesietan ez da interesa lezakeen arloa. Cfr. KELSEN, H., Aufsätze zur Ideologiekritik, Neuwied 1964, 114-197.

14 Ib., 17. BAROJA, P., La leyenda de Jaun de Alzate, 1964, 127: «¡Someterse! Esa es la verdadera senda de la felicidad. ¿A quién se le ocurre rebelarse y querer ser águila entre gallináceas?». Protesta honen hasieretarako (filosofia modernuan) norbakoitzaren naturaren izenean, cfr. ROUSSEAU, J.-J., Emilio o la educación, 1983, 73: «Toda nuestra sabiduría consiste en preocupaciones serviles; todos nuestros usos no son otra cosa que sujeción, tormento y violencia. El hombre civilizado nace, vive y muere en la esclavitud. Cuando nace se le cose en una envoltura; cuando muere se le mete en un ataúd, y en tanto que él conserva la figura humana vive encadenado por nuestras instituciones». Kontratu Sozialeko lehen kapituluaren hotsandiko hasiera omentsua gogoratuko da: «El hombre ha nacido libre, y por doquiera está encadenado», cfr. Del Contrato Social. Discursos, 1982, 10. Barnagoan, Zaratustra baten doinuan kasik, estoikoen eta bereziki Epiktetoren oihartzuna somatzen da, cfr. «Máximas», $ 28, in: Los Estoicos, 1963, 52: «Tu gusto es parecerte a la mayor parte de íos hombres como un hilo de tu túnica se parece a los demás hilos de que está tejida. Mi gusto es muy otro (...). ¿Por qué, pues, me aconsejas que sea como los demás? Si fuese como el hilo, no sería como la púrpura».

15 Ib., 9.

16 Ib., 47. BAROJA, P., op. cit., 31: «Nosotros [jentilak alegia, kristauak baino] somos menos intransigentes que ellos».

17 Ib., 85.

18 MIRANDE, J., IH 140-141. Item in HB 96 esango da saldo gizonek «idealismoz estaltzen dituzte(la) bere irrits eta grina harakoiak, lotsak atsegina eragotz ez diezentzat».

19 HB 81, 83. Bere nobelan Mirandek planteatu duen kasua, tamala da ezohizkotasun afektibo eta sexualarena bakarrik izatea. Mirandek indargintza predikatu zuen, anomalia edo diferentzia sexualena baino konflikto sozial eta moral askoz larriagoa esan nahi bait du, printzipialki, Euskal Herri modernoan historikoki ere. Halere Mirandek ez ditu konflikto honen terminoak inon deskribatu, eta nobelako protagonistaren analogiaz ulertu beharko da, biolentzia, predikatu ezezik, politikoki praktikatzera iragaten den «hautetsia», saldo-gizarte «zintzoak» nolako teknika perfidoekin kondenatuko eta baztertuko duen (inoiz ez da planteatuko, borrokalariak duena «beste moral bat» izan litekeenik, baina moralik ez duela: eroa edo kriminal hutsa izan beharra edukiko du).

20 NIETZSCHE, F., KSA V, 392.

21 MIRANDE, J., IH 310. Gainera, Mirandek seguruenik ez zituen konpartitzen Nietzscheren presupostuak berezkuntza edo kontrastapen horretarako (gudaria edo erregea versus apaiza) eta, orduan, antitesiak berak ere balioa galtzen zuen. Oso kontuan hartu beharrezkoa izaten da, Nietzsche zuzen ulertzekotan, hau eta honen antzeko bere beste asko berezkuntza, hark ez duela modu literario inprobisatu soil edo intuitibo orokar batean egin, baina ikerketaren zentzu zehatzaren intentzioz eta, zientzion garai hartako egoera mailan bederen, «sur des postulats d’ethnographie et d’histoire très précis», horiek honez gero aldatuxeak eta ahaztuak nahiago eduki baditzakegu ere, cfr. ANDLER, Ch., Nietzsche, sa vie et sa pensée, vol.III, 1958, 332 eta hurr.

22 NIETZSCHE, F., KSA V, 372.

23 Ib., 372-373.

24 Ib., 267. «Die ganz grossen Hasser in der Weltgeschichte sind immer Priester gewesen»: gorrotatzaile benetan guztiz haundiak munduaren historian beti apaizak izan dira.

25 Ib., 268.

26 Ib., 269, «die Moral des gemeinen Mannes»: baina gemein alemanak (esp. «ordinario»k bezalatsu) zentzu bikoitza du, gizon arrunta/bilaua, korrientea/doilorra.

27 Ib., 270. «Der Sklavenaufstand in der Moral beginnt damit, dass das Ressentiment selbst schöpferisch wird und Werthe gebiert».

28 Ib., 269.

29 Ib., 284.

30 SANCHEZ PASCUAL, A., «Introducción» ad: NIETZSCHE, F., La genealogía de la Moral, 1980, 16.

31 MIRANDE, J., HB 77. BAROJA, P., op. cit., 98: «¡Sois de una intransigencia tan bárbara los cristianos!». Ib., 95: «En el catolicismo, la fuerza es la razón».

32 FINK, E., aip. lib., 127.

33 NIETZSCHE, F., KSA V, 324. «Das der alteste “Staat” demgemäss ais eine furchtbare Tyrannei, ais eine zerdrückende und rücksichtslose Maschinerie auftrat und fortarbeitete, bis ein solcher Rohstoff von Volk und Halbthier endlich nicht nur durchgeknetet und gefügig, sondern auch geformt war».

34 Ib. «Irgend ein Rudel blonder Raubthiere, eine Eroberer- und Herren-Rasse, welche, kriegerisch organisirt und mit der Kraft, zu organisiren, unbedenklich ihre furchtbaren Tatzen auf eine der Zahl nach vielleicht ungeheuer überlegene, aber noch gestaltlose, noch schweifende Bevölkerung legt». Nietzsche zein ikerketa etnografiko eta prehistoriko modutan oinarritzen zen hemen ere (bere arrazaren kontzepturako etab. ere axolazkoa bait da), ik. ANDLER, Ch., Nietzsche, sa vie et sa pensée, vol. III, 1958, 308-314.

35 KSA II, 485.

36 KSA III, 24.