Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

3.22 Iragaitza: epistemologiatik
ontologia eta politikara

 

      Mirandek ez digu bere pentsamendua sistema baten antzera inon azaldu, osotasunari eta lotutasunari begira, koherentziari. Ez daukagu, han-hemen, fragmentoak baino. Karaktere desberdinegietakoak berauek ere, ongi elkarri erantsi ahal izateko eta pitxar puskatua erreberritzeko: han poesia bat, azalpen sinboliko bat hemen, artikulu kontzeptual gutxi batzuk, adierazketa historikoak. Haren pentsamendua testuon arabera birregiterakoan, esan dugu, eten bat bezala nabaritzen dela, bi filosofia bezala...

      Esan —eta zalantzan geratzen naiz berriro. Badago, nolanahi ere, testu bat, guztiz oinarrizkoa eta —haren «sisteman» bagagozkio— pribilegiatua, horregatixe hemen aparte nabarmendu nahi genukeena, pentsamendu mirandetarraren segida edo jarraikitasuna (koherentzia, beraz, azken finean), berak espreski bezala erakutsi nahi izan zuena, epistemologiatik ontologiara eta hemendik moralera eta politikara. Euskaltasun romantiko baten alde saioaren bukaera da:

 

      «Eta sobera Euskaldunen optimismu merkea biziaren ukatze bat da, bizia tragoidia bat baita eta ez komoidia, gudua eskatzen baitu eta ez bake ta atsedena, eta gizon edo erri baten elburua ez delako zoriona izan bear, aunditasuna baizik.

      Adimenari uko eginda, ametsetan ari naizela esango dute noski abertzale realistek, edo izen egokiago batekin deitzeko, razionalistek, beren ideologia XVIIgn mendeko frantziar “pilosopu”en gandik bildu dutenak. Bañan adimena baño gorago ezartzen dut ametsa, arimaren errañu eta deia baita. Adimenak aldiz, uste duelarik egia billatzen ari dela, mytho batzu baizik ez ditu erabilikatzen hala nola, erriketaz mintzo baigera, gizadiaren aurrerapena, bakea gizonek bear duten gauzarik garrantzikoena ba litz bezela, legearen nausigoa e.a. Ba da ordu gure ideologiaren iturburuak razionalismu estu hortatik kanpoan billa ditzagun, gure Erriari buruz amets aundiak egitera ausart gaitezan, itz batez, ba da ordu razionalista adimentzale izateko orde, romantiko izan gaitezan. Hala izan ziran sekula euskaltasunaren garra izan dutenak: Aita Larramendi, Agostin Chaho, lenengo gudu-buruzagi karlistak, Arana-Goiri ta beste bakan zenbait. Zoritzarrez, horien ondotik etorri izan direnek, beren burua horien “ikasle” bezela agertu nai dutenek —zein nai zuzenbide politikotako izan ditezen — euskal-igikunde baten ordez “euskal” alderdiak eskeintzen dizkigute erriaren salbabidetzat, hau da, gauza estatiko, geldikor batzu gure endaren abioa eragozten dutenak.

      Gogo razionalista mythozale ba da, romantikoa mystikazale da; mystikaren bidez eltzen da mundu irudikor honen atzean den egiazko Izateraño, ots, Arimaraño, eta hartan indar arturik berriz ere inguratzen da munduari buruz, bañan ez geiago haren jopu, baizik haren nausi bezela, ta mundua moldaberritzen du bere ametsaren araura. Geu euskal-mystikoak izan gaitezan beraz, abertzale realistek gure lepotik iseka egiñik ere amets-egilleak geralakoan. Alemaniako romantiko aundi batek, NOVALIS olerkariak esan bezela, adimena, oldozmena “somatze itzali bat da soilki, bizi auldu, marguldu bat”. Gure ametsaren bidez aldiz, egiazko euskaltasuna ezagut dezakegu, gure arbaso aundiek Erdi-Mendetan munduari erakutsi ziotena. Eta odol-garbiko Euskaldun horiek ez ziran ez auzo on, ez bakezale, ez jasankor, bañan aitzitik bortitz, urduri, guduzale ta aundi-izan-naiak: hainbat obe horrelakoak izan direlako, askoz eredugarriago baitukegu orduko Peru Abendaño’ko bat oraingo Pernando Amezketarrak oro baño.

      Arbaso indartsu ta indarzaleok ez dira il betiko —izan denik ez baititeke il, bañan beti izan ere ba da— ta garai-berriko mundu ekaizale ta atsedenzale honen morroin izan nai ez den Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten ba dizkio, antxiñako gudateen arranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia. Dei horri ez diezaiogula gor egin! Gezurrezko euskaltasunaren mythoak aldera utziz, berriz ere izan gaitezan, leenago izan giñan bezela, “Vascones inquieti”, Euskaldun urduri ta biurriak»1.

 

      Testu honetan garbi dago: ontologia bat suposatzen da edozein jarrera politikotan. Ontologia bat jarrera pertsonal inteligente bat da munduari buruz, funtsezkoa bera, guretzat mundua zer den argituz, nola ulertzen dugun, adierazten duena. Gu zer horixe, mundua bera dena bere baitatik, izateak (haren baitatik gu), irakatsi behar digu, razionalismo eta moralismo faltsuetan hilargitartu gabe («mitoetan», zentzu negatiboan), gizartean eta historian zinezko errealismoz nola ihardun. Errealismo egiazko bakarra erromantikoa bait da. Hau da, gure ezagutza ahalmenetatik dago gure ontologia. Ontologiatik menpetzan gure autokontzientzia espresatzen da. Hori da gure moralaren oinarria eta horixe izango da gure jokabidea. Gure burua zertzat eduki, daukagu mundua, eta zertzat eduki mundua, beharko dugu azken finean egin gure borroka.

 

 

1 LARREA, J.M. (éd.), Miranderen lan kritikoak, 1985, 63-64.