Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbińe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

III.— MIRANDEREN BORROKA:
ETIKA

 

      Ez dago kontraste haundiagorik Miranderen ontologiaren eta etikaren artean baino. Beharbada oker interpretatzen dudalako. Edo, beharbada, haren pentsamenduaren birkonstrukzio koherente baterako, dauzkagun materialak ez direlako nahikoa.

      Mirandek agertu digun gizon ontologikoa bere gela barnean meditakor dago, lo antzeko egoera mistiko batean, mundua deus ez dela oharturik eta «gezurrezko soma-gauzen mundu mugatua utzi eta egiatan Dena-ren itsas handi mugarik gabean ondoratzen doa»1.

      Etikoa eta politikoa, kontrastez, mailuz armaturik eta bazterrak txikitzen ageri da, ohizko morala birrindu nahiz, kristautasunari erasotzen, gogorkeria eta heriotza predikatzen, gudu-zalduntza bat sortzeko asmoz, etab., nazi eta faxista zen ustea zabaltzeraino, agian ez arrazoi gabe2.

      Ikusi dugularik non dauzkan gizonaren existentziak bere sustraiak, bere bizitzan zer-nola jokatu behar duen ikustera goaz orain.

 

 

1 MIRANDE, J., IH 373.

2 Kontraesan edo kontraste honek, zalantzarik ez dago, baduela esplikaziorik (pentsamenduaren eboluzioa, Mirandek utzi ahal izan digun obra guztia bera fragmento hutsa dela, etab.), beharbada soluziorik ere. Halako bat, Durrellek idarokitzen duen bidetik aurki liteke: arima Denaren zatia bada, dena eta denetik dauka barruan, beraz joera kontraesankorren suge-sorta bat legez da. «Cada psiquis es un semillero de predisposiciones antagónicas. La personalidad concebida como una entidad de atributos fijos es una ilusión» (ik. Cuarteto de Alejandría, «Balthazar» liburukia, 1986, 15). Halere lan honek Miranderen obra bere horretantxe bakarrik hartzen du, ez kontraesan posibleak esplikatzeko eta ez ersolbatzeko izango du batere kezkarik, soluzioak hemen inporta ere asko inporta ez diolakoan.