Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

3.13 Kristautasuna, paganismoa

 

      Moraleko bikoiztasuna beste dualismo batzuen euskarri eta iturburu da, garrantzizkoenak kristautasun/paganismo, ekialde/mendebale bikoteak izango bait dira.

      Inor ez dakigun objekzioarekin etorri, kristautasuna erlijioa dela, ez morala, esan dezagun aurretik, tradizio honetan batez ere etika bezala daudela erlijioak ere kontsideratuta, Schopenhauerekin berarekin hasirik: «Izpiritua eta joera etikoa dira, aldiz, erlijioari funtsezkoak, ez zeintzu mitoz horiek jantzita dauden»

      Kristatasun/paganismo bikoteaz ez daukagu zergatik hemen luzatu, Mirande eta Kristautasuna liburuan azaldurik dagoenez gero. Puntu nagusietara mugatuko gara, eta batez ere gure aztergaiko hiru filosofoekin alderatzera.

      Hasteko, Haur Besoetakoa-n paganoa da protagonista: «Sartaldetar itsasoko bazterrean zegoen herrialde zahar horretan, herritarren artetik hark bakarrik ote zuen sekula antsiatu eta ikusi, itsasoaz bestaldean, heriotze gabeko Gazteen Lurra, kristalezko abardun sagar-ondoz estalia den hura?»2. Sartaldetarra da, gainera.

      Garbiago, birtute kristau eta paganoen artean kontrastea, Irlandako literatura zaharra azaltzerakoan egin digu: poeta haiek, nahiz kristautuak izan, «paganoen gizalegeak handiesten eta Judu-kristauenak gaitzesten dituzten bertuteak laudatzen dituztelakoz gizandietan: nagusi-izan-nahia, berekoitasuna eta atsegalea»3. Hiru gizandi birtuteok oso Nietzscherenak izaki.

      Garbienik, halere, Euskaldungoaren etsaiak artikuluan, Euskal Herriaren historiaren interpretazio gogor hura eman digunean: «Euskaldun zaharren gogo basa, bortitz eta handia apaldu, ahuldu, hobeki erran irendu zuen haren (Elizaren) doktrinak; otso ginelarik, bildots egin gaitu»4.

      Hau dena ez da Spengler, ezta Schopenhauer ere, baina bai Nietzsche, Jenseits von Gut und Böse-tik hasi eta Der Antichrist-eraino. «Kristautasuna ez litzateke apaindu eta bernizatu egin behar: gizaki tipo gorenago honen aurka, herio-gerra egin du, tipo honen oinarrizko instinto guztiak anatematizatu egin ditu, instinto horietatik berak gaiztakeria destilatu du, are giza-gaiztoa berbera, —gizaki bortitza kondenagarri tipiko bezala, ‘gizaseme kondenatua’. Kristautasunak ahul, herrestari, malapartatu ororen alderdia hartu du»5.

      «Etxabere, saldo-abere, gaixo abere gizakia —Kristaua»6.

      Eta kristautasuna paganismoari kontrastatuz: «Gizadiaren Aro Moralean, izan ere (irakur bedi: Aro Kristauan), edukitzen ziren instintorik bortitzenak sakrifikatzen zitzaizkion bere Jainkoari, norbere natura; jaipoz hori distiratzen da asketaren begirakune saierrean, «antinatural» entusiasmatuan»7. «Hasiera-hasieratik beretik fede kristaua sakrifizioa izan da: askatasun ororen sakrifizioa, harrotasun ororena, izpirituaren uste ororena bere buruan; aldi berean, morrontzapena eta bere buruaren iseka, bere buruaren mantxuketa»8.

      Hiru filosofo alemanek (tradizio kultural protestante liberalean ibilki) ongi berezten dituzte, halere, lehen kristautasuna, Jesus Nazaretekoa bereziki, eta gerorako kristautasuna, Pauloz geroztikakoa alegia: bai Schopenhauerek9, bai Nietzschek10, bai Spenglerek11. Kristautasun historikoaren eta jatorrizkoaren artean diferentzia egiteko interesik ez daukan bakarra Mirandek dirudi. Beste hirurek Jesus Nazaretekoaren irudi historikoa bera orohar nahikoa positiboki baloratzen duten artean, Nietzsche bera barne, Mirandek «gaur, Judu-seme, gutartera itzul bazinde, gurutzifika zindezaket nik ostera!»12.

      Miranderen pentsamenduan bere inportantzia du (sintomatikoa, sinbolikoa, gutxienez) Elizak sorginkeria desegin izanak13. Ez da ahaztu behar sorginen signifikazio sakona: «Europa Sartaldeko sorginek —eta Euskal Herrikoek ere haien artean— ez zuten giristinoen eta juduen gaizkina edo deabrua jauresten, baina bai giristinotasunaren aintzineko betakortasunaren jainko paganoa, aker baten irudian»14. «Uste izateko da, bestalde, gure sorginak, ez bakarrik Ortzi-Thor, baizik Jentilen pantheioneko beste jainko eta daimonak ere akelarrean jauresten jarraiki zirela... nahiz inguruko giristinatu berriak —aintzina jainko izate horien baitan sinesten zutenak— Semiten Jainko bakarra jaurestera heldu»15. Sorginekin, beraz, Elizak, gure antzinako erlijioa, mitologia, kultura jatorra, kiskali zizkigun.

      Kristautasunak, bada, birtute ttattar kaskarginez indibidualki kaskartu gaituen modura, kolektibitate bezala ere kaskartu eta kikil-zirtzildu egiten gaitu, geure kultura eta sineste propioak deseginez, saldotar bihurtuz.

      Grezia klasikoa Nietzschek zenbat maite zuen dakienak erraz ohartuko du puntu honek harentzat zuen inportantzia, Mirandek funtsean ez bait du jatortasun pagano euskaldunera itzuli besterik egiten Nietzschek jatortasun pagano greko-romatarraz esana: «Antzinateko munduaren lan guztia alferrik: hitzik ez daukat, honelako lazgarrikeria baten gainean nire sentimentua espresatzeko (...). Dena alferrik! Gabetik goizera, oroitzapen hutsa bakarrik! —Grekoak! Erromatarrak! Instintoaren printzipaltasuna, gustoa, ikerketa metodikoa, antolakuntzarako eta administraziorako jeinua, fedea, giza-etorkizunerako gogo-nahia, gauza guztiei bai haundia Imperium romanum gisa ikusgarri bihurtua, zentzu guztientzat ikusgarri, estilo haundia ez arte bakarrik, errealitate baizik bihurtua, egia, bizitza... —Eta ez, ez natur-katastrofe batek gabetik goizera lurrazpiratuta! Ez germanoek eta hankaundi batzuek zanpatuta! Ezpada desohoratuta, banpiro isilazpiko, maltzur, ikustezin, anonimoek! Ez garaituta, —zupatuta bakarrik»!16.

      Mirandek, dakusgunez, Nietzscheri jarraitzen dio. Baina ezin dio azkeneraino jarraitu, puntu honetan gauza xelebre bat gertatzen delako. Kristautasunak gure jatorrizko kultura paganoa desegin digu, bai: baina kultura islamiko eder-ederra ere uztarazi omen digu. «Kristautasunak kultura antzinatarraren ondareaz gabetu gaitu, gero kultura islamdarraren ondareaz gabetu gaitu. Espainiako kultur-mundu mairu zoragarria, Erroma eta Grezia baino funtsean gure ahaldeagoa, zentzuari eta gustuari mintzatzen zaionagoa, zanpatu egin zuten —ez dut esango zer nolako hankek— zergatik? Instinto dotore-printzipalei zor zielako jatorria, gizon-instintoei, baietz esan ziolako bizitzari, bizimodu mairuaren bitxi bakan eta arrafinduekin ere!»17. «Islamak kristautasuna erdeinatu egiten badu, mila aldiz arrazoi du horretarako: Islamak, aurretiazko, gizonak dauzka»18.

      Mirandek isil-isilik alderdi hau bazterrera uzten du Nietzscheren burutapenetatik. Zergatik? Egiazko euskalduna, jatorra, kristautasunak beratu eta lizundu aurrekoa, «enda sendo, azkarra» zela erakusteko, gure historiako bi momentu bakarrik dauka Mirandek: bat euskaldunek frankoen lurraldeak Iparraldean inbaditu zituztenekoa (orduan paganoak zirela) eta bestea nafarrak Erkonkistan gogorki altxatu zirenekoa «Afrikatarren aurka... bai eta hauzo kristauen aurka ere»19. Ezin esan, hain zuzen gure historiako gizaundiek egin digutela horrelako egitada bat...

      Halere 1959an Islama ezagutzeko gogoa agertzen dio D. Peillen-i, edonola ere kristautasuna baino goragokoa iruditzen bait zaio: «Horko mahometarren oiturez desaidazunak halako naikari bat eman dit horra joateko eta Profetaren fedean ene burua murgiltzeko (...). Zer nai izanda ere, edozein fedek hemengo jendeen kristautasunak baino balio geiago dauka»20.

      Beste puntu batean ere nahikoa larri aurkitzen da Mirande bere Nietzscherekin historiaren interpretazioan: Emazimentu/Erreforma/Kontrarreforma fenomenoetan alegia. Hemen Mirandek soluzio bitxi samar bat asmatu digu: Nietzschek alemanei buruz eta bereziki Luterori buruz esaten dituen eritzi negatiboak, Mirandek euskaldunei eta bereziki San Inazio Loiolakoaren gainera aldatzen dizkigu. Baina horrela, Erreformari buruzko balorazioa arras aldatzen da: Nietzschek zeharo negatibo ikusten duena, Mirandek positibo ikusiko dizu, eta Nietzschek positibo ikusten zuena Ernazimentuari buruz (eta haren ustez Erreformak zorigaitzez ito egin omen zuena) Mirandek luteranismoaren gainera pasako du, Ernazimentua eta Erreforma positiboki bateratuz.

      Nafarroako Errege protestanteen eskomunioaz eta Erresumaren konkista espainolaz ari dela, «Ai —idazten du Mirandek— beren aitzinako paganismuaren begiratzera herabe izan ziren Euskaldunok, behintzat, protestante bihurtu izan balira, Euskal Herria salbatuko zen ezbairik gabe, herri bat denetik... Albreteko Joanna eta Leizarraga hotsemaile genituela, berpizkunde bati buruz ginoazen (Ernazimentua, noski), bai politikan, bai inteligentzian: gure gogo-herstura dela kausa, hala ez da izan»21. Eta San Inaziori buruz: «Kontrarreforma horren gizon handia Euskaldun bat izan dela, hortan gure zori guztiaren sinbolo bat dakusat»22. Eta Luterotaz: «Germanek Lutherek eragin Erreformaz Jesusen irakaspenari txertatu zioten Europatarrok hain nezesari dugun paganismuaren guna»23.

      Nietzschek oso bestela ikusten ditu Ernazimentua, Erreforma eta Lutero: «Alemanek, jaso ahal izateko egon den azkeneko kultur-uzta haundiaz gabetu dute Europa, —Ernazimentuaz. Finean ulertzen al da, ulertu nahi al da, Ernazimentua zer zen? Balio kristauen balio-iraulketa, bitarteko guztiekin egindako ahalegina, instinto guztiekin, kontrabalioak, balio dotore-printzipalak nagusiarazteko»24. «Zer gertatu zen? Monje aleman bat, Lutero, Erromara etorri zen. Monje hori, apaiz istripatu baten instinto mendekos guztiekin bere haragian, Ernazimentuaren aurka matxinatu zen Erroman (...) Luterok Aita Santuaren ustelkeria ikusi zuen, eskuekin oratzeko adina zegoena alderantzizkoa izanik: jada Aita Santuaren alkian ez zen aspaldiko ustelkeria esertzen, peccatum originale bera, kristautasuna! Baina bizitza! Baina bizitzaren garaipena! Baina baiezko haundia edozer eder, altu, ausarti!... Eta Luterok Eliza atzera berrezarri zuen: eraso egin zion... Ernazimentua —gertakaria bat sentido gabe, dena alferrik haundi bat»25.

      Eta Mirande euskaldunok geuren buruok «Eliza Amaren semerik zintzoenak»26 bezala dauzkagulako tristatzen eta asaldatzen bada, Nietzschek bere alemanengatik egingo du: «Noblezia alemana, beti Elizaren ‘suizoak’, beti Elizaren instinto txar, ondo ordainduta halere, guztien serbitzuan... Hain zuzen odol eta adore alemanen laguntzaz burutu duela Elizak lurraren gaineko dotore-printzipal ororen aurkako bere herio-gerra!»27.

      Behargabeko eraskintxo bat: momentu historiko desberdinen balorazioetan Mirande eta Nietzsche bat ez etortzearen seinalatzea, ez zen kritika bat. Esan nahi du bakarrik, herri desberdinek historia desberdinak dituztela; edo, momentu historiko berek (Ernazimentua, Erreforma, etab.) esanahi desberdinak dituztela leku batean ala bestean.

      Aitorgarriagoa paganismo/kristautasun kontrajarpenaren beste murrizketa hau izan liteke, are deformazioa hemen: ia zentzu historiko-politiko soilean aipatu dugu, historiaren interpretaziorako ezezik, herritasunaren kontzepturako, existentzia kolektibo (nazional) zein indibidualerako funtsezkoa den alternatiba. Paganoa izatea ez da, izan izan bagina hobe genuen zerbait, alboko herrietatik hobeto berezteko. «Zeru minez eri» denarentzat oinarrizko alternatiba da: kristauarentzat Jainko-Adonai dena, paganoarentzat Lur Ama izango bait da (Euskaldun Laminei)28 Unibertsoaren botere-ordenu hierarkiko gogorra, despotiko (orientala) kristauarentzat: «Aingeru harroak, heren-suge hotzak/ Adonaien zeru agorretan zutik». Transzendentzia urrun goitar hori, Mirandek ez du borrokatu egiten, kristauentzat uzten du, ez zaio interesatzen. Weltanschauung agorra eta hotza da. Alternatiba gisa Mirandek bilatzen, edo proposatzen duen munduaren ordenu paganoa, sentsual gozoa, Lur Amaren transzendentzia barnetarrarena da: mundua, orduan, «jainkosa pollitez» populatzen da iturri eta leizeetan, Andere Lurraren alaba kantariak, gauez hurbil agertzaile, zeru-minez dabilena musuz eta irriz alaitzen dutenak. Eta —sinbolikoki mintzatzeko— gizon beltzen liturgiaren lekuan latinezko otoitzez, bihotzen eta gogoen opariak eskaintzen zaizkie jainkosa kantari liluragarrioi jentil-harrietan, esnea eta gurina.

 

 

1 SCHOPENHAUER, A., WZB IV, 730. Horregatixe Miranderen ateismoaren arazoa ez da gure azterketa honetan sartuko.

2 MIRANDE, J., HB 9. «Parabisu» keltikoa itsasoaren mendebalean zegoen (itsasoaren alde bietako existentziak: ekialdean bizi, «hil ondoan» mendebalean superbizi), cfr. H. D’ARBOIS DE JUBAINVILLE, El ciclo mitológico irlandés y la mitología céltica, 1981, 29.

3 IH 229.

4 ID., «Euskaldungoaren etsaiak», in: Anaitasuna 77/12/15, 25.

5 NIETZSCHE, F., KSA VI 171. Cfr., baita ere. El Anticristo, 1985, 108: «Yo condeno el cristianismo, yo levanto contra la Iglesia cristiana la más terrible de todas las acusaciones que jamás acusador alguno ha tenido en su boca».

6 Ib., 170.

7 KSA V, 74.

8 Ib., 66.

9 SCHOPENHAUER, A., WZB IV, 708 eta hur.

10 NIETZSCHE, F., KSA VI, 191 eta hur.; KUENG, H., Existiert Gott?, 1981, 449 eta hur.

11 SPENGLER, O., UA 814-840.

12 MIRANDE, J., Orhoituz, 1976, 94.

13 IH 309. Sorginkeri-fenomenoaren interpretazio zuzentasuna hipotesi mirandetarrean ez da noski gure arazoa. Gainera hipotesi historiko batena baino besterik da zalantza gabe Miranderen interpretazioaren zentzua: «theologia»rena hain zuzen.

14 Ib., 356.

15 Ib., 357. Urtzi eta Thorren berdinketa (inposible) hori Barojaren Jaun de Alzate-koa da; ik. GOENAGA, G., «Jaun de Alzate-ren hitzaurrea», in: V.V., Pio Baroja. Bere ehunurteburuan, 1972, 115ss.

16 NIETZSCHE, F., KSA VI, 24S. Aspaldidanikoa zen pentsamendu alemanean grekotasun eta kristautasunaren arteko auzia. Nietzsche baino lehen, Schelling, Hegel, Hölderlinen traiektorietan zentrala gertatu da hori konfliktoa. Are, agian ez litzateke bidegabe, Sturm und Drang eta Goetherekin abiatuko bagenu auzi eta borroka hori, cfr. PASCAL, R., Der Sturm und Drang, 1977, 146 eta hur. Gure gaiari dagokionerako: Goethe bere ez-kristautasuna deblauki aitortzen ausartu zen («Ich bin kein Christ»: Lavateri gutuna); zaharrago eta ozenago, Weimarko bere babeslekutik, soil jentiltzat zeukala bere burua, adierazten zuen, eta Prometheus poemarekin, «Panteismoaren affaire» larri guztiari ataskak zabaldu ezezik, sendera paganoaren aitor zindo bat landatu zuen literatura alemanaren baratzean. Goethe, ordea, autore bat baino, bigarren Biblia bat bezala kontsideratu behar da kultura aleman modernuan, eskolatik eta irakaskuntzatik hasita. Nietzscherentzat, konkretuki, gizagaindikoaren eredua berak errepresentatzen du: «el hombre para el cual no hay ya nada prohibido, a no ser la debilidad, llámese ésta vicio o virtud», cfr. Crepúsculo de los ídolos, 1984, 127. Aipatu poemari buruz, «constituye el auténtico himno de la impiedad», deritzo Nietzschek, El nacimiento de la tragedia, 1985, 91. Haren iturrioi gagozkiela, beraz —eta, zalantza gabe, Miranderi berari buruz— kristautasunaren eta paganismoaren arazoa, problema-barruti zabal, aberatsa da: gizatasunaren modeloa dago jokoan.

17 Ib., 249.

18 Ib.

19 MIRANDE, J., «Euskaldungoaren etsaiak», 24.

20 IH 198.

21 ID., «Euskaldungoaren etsaiak», loc. cit., 25.

22 Ib.

23 Ib.

24 NIETZSCHE, F., KSA VI, 250.

25 Ib., 251.

26 MIRANDE, J., «Euskaldungoaren etsaiak», loc. cit., 24.

27 NIETZSCHE, F, KSA VI, 249.

28 MIRANDE, J., Poemak 1950-1966, 1984, 161-162. Ez da nire lana alderdi formalei erreparatzea Miranderen obran, baina, bere mundu-ikuskeran adina gero estiloan, txairotasuna kasik printzipio bat duela erakusten badu, unibertso maitagarri lirain bat lirainki eta maitagarriro kreatuz gure begien aurrean, atzean ez da Nietzsche ahaztu behar: «jainkotasunaren lehen atributoa, oin arinak», cfr. KSA VI, 90. Edo, Bizet versus Wagner, Ib., 13: «Ongia arina da, jainkozkoak orok oin delikatuz korritzen du: nire Estetikako lehen printzipioa».