Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbińe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

IV.— MIRANDEREN BORROKA:
POLITIKA

 

      Beraz, bere arrazoia du Mirandek «Judu-Kristauen birtuteak» esaten badu, eta «Semiten Jainko bakarra», etab., ez kristau birtuteak soil edo kristauen Jainkoa. Jesus Nazaretekoari «Josu bar-Joseph» esango zaio eta «Judu-seme» halaber1. Mirandek ez du baztertu nahi judutasunarekiko erreferentzia.

      Bi moraltasun mota bezala, bi moraltasun printzipio dago: ahulezia eta oldarra (indarra). Bi printzipio hauek elkar ukatzen dute. Eta hauek bezala, elkar ukatzen dute bion azken izenek: Jahve eta Ortzi. Jahve da, ordea, egungo Europan nagusi: hor ageri da Europaren dekadentzia. Borroka bat egin beharra dago kupida gabea Ortzi berbizteko.

      G. Pennaod haren adiskide bretoinak Mirande Parisen nola ezagutu zuen kontatzen digu eta beren arteko gogaldetasuna hitz hauetan biltzen du: «Frantziari, errabiatuki, sekulako gorrotoa genion; kristautasuna eta beste judukeriak erautziak izan behar zirela, ohorea eta guda bertute bezala landuak izan, neskak izorratuak, gaiztaginak deseginak eta azkenean ‘indarra garaituko da!’»2. Geroxeago: «Jurdaneko profeta eta haren paulotar ikasleak antzara ferratzera bidaliak genituen aspaldian»3.

      Azkenik D. Peillenek honela azaltzen digu Mirande baitako judutasun edo antijudutasun delakoaren arazoa: «Frantses aberatsak juduzale baldin badira, pobreak, esteiariak antisemita dira (...) Gorroto gehiago zuen Europaren deskulturatzale diren jende horietaz, nagusi aberatsek sarrerazten baitituzte beltzak eta esplotatzeko. Gorroto zituenak, ideologia ahulgarriak dira; hain zuzen, juduek besteentzat munduan sakabanatuak eta Israelen debekatuak direnak: bakezaletasuna, hain kristau den marxismu jatorra eta hain judu den kristautasuna»4.

      Aski honekin. Hori zela eta Mirandek izan zituen eztabaida batzuk ez zaizkigu hemen axola. Axola zitzaigun, ordea, moralaren kontzeptu batetik ideia politikoetara zubi egiten duen neurrian, D. Peillenek dion «ideologia ahulgarri» bezala.

 

 

1 MIRANDE, J., Orhoituz, 1976, 93-94.

2 PENNAOD, G., «De viris illustribus: Jon Mirande», in: MIRANDE, J., IH 274.

3 Ib., 275. Juduen kontra, bidezkoa izango da egotea, kapitalistak direlako edo ez dakit (hori badira), beharbada, cfr. LARREA, J.M. (ed.), Miranderen lan kritikoak, 1985, 68; edo biziera publikoan, literarioan adibidez, negozio dudagarri bat dagoelako muntatuta oraingo europarron kontzientzia txarraren kontura, Ib. 77 ss; edo kristautasunaren aurka egoteagatik eta ondoriobidez bezala egonez haien aurka, etc. Berak horrela esplikatu nahi izaten du (Ib., 109 ss). Mirande zeren kontra dagoena, ordea, ez da hori bakarrik, haren juduenganako aurkatasunean. Nik ez dut Mirande kondenatu egin nahi, ez dirudi ere azterketa honetan hori tokatzen denik. Baina, nolanahi ere, juduen masakrearen aurrean bereziki sentibera ez bada ageri, Ib. 103, izan liteke pietate eskasekoa; pertsegizioa zer den ondotxo jakin beharko lukeen batek hain zuzen, euskaldunak eta abertzaleak hain zuzenago, friboloki baino ez jakitea erreakzionatzen Anna Franck baten kasuari buruz, apenas dirudi aparteko arima haunditasun seinalerik behintzat, cfr. Poemak 1950-1966, 1984, 166-167. Ahaztu gabe, noski, norbait juduen etsaia izatea ez dela nahikoa faxista deklaratzeko.

4 PEILLEN, D., «Jon Mirande eta Aiphasorho-ren bizia», in MIRANDE, J., IH 24. Arazo honetarako ikusi beharrezkoak dira: «Ene artikulu baten ‘kritika’ren ondotik», in: Egan 1/3 (1962) 6-11; LARREA, J.M. (argle.), Miranderen lan kritikoak, 1985, 68, 77 eta hur., 103 eta hur.; Poemak 1950-1966, 166 eta hur. Hemen aski bekigu interesatuari leku garrantzizkoenok seinalatzea. Bada, ba, eta, esan litezkeenik gehientxoak esan bait ziren euskaltzaleen gizarte «zintzoan» Mirandegatik (ateo komunista zela, etab.: orain inportantzia haundirik gabekoak, baina orduan ikaragarriak), judutarra zela bera ere ibili zen nonbait zurrumurru gaiztoa; «Mirande ori —irakurtzen da Orixeren 1953ko gutun batean— txori bitxia da. Iudutar (heberkera mintzatzen bide da) komunista, nik ez dakit zenbat -ista. Ele ederzale oriek burua galtzen dute edozer ausarkeri ta gordinkeri ontzat emanez», cfr. Karmel 152 (1980) 36.