Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

3.21 Arrazismoaren arazoa

 

      Perez edo Lopez bat, izan ote litezke euskaldunak, euskaldun osoak?

      Lehenengo abertzaletasuna arrazista zen, Aranarena: euskalduna bere euskal «odol garbi»ak definitzen du euskaldun bezala. Odola garbia nola edukitzen den, edo noiz, gizarte batzuen aspaldidaniko aspirazioa da inondik ere (erresuma espainol katolikoan batik-bat: juduen eta moriskoen kutsadura bildurrez), baina soluzio «tekniko» zailekoa agertu izan da beti. Abertzale aranistentzat ez dakit zortzi ala hamasei euskal abizen garbikoa geratu zen euskaldun jatorra deklaratuta. Aritmetika1 piska bat aski zen, noski, honelako «arrazismo» baten barregarrikeria ikusteko, baina paperaren pazientzia ezaguna da edozein teoria aguantatzeko.

      Errealitatean doktrina hori beharbada Errepublika garairako beranduenik baztertuta zegoen (eduki ote du euskal gizartean inoiz ideologikoa beste errealitaterik?), praxian behintzat, abertzaleen erakundeetan bertan: abertzaletasun klasikoaren arrazismoaz burlatu nahi dutenek, izugarrizko testuren batzuk neke haundirik gabe aurkitu ohi dituzte (jeneralean 1900 aldekoak, egia esateko). Eboluzioaren ikerketa bat, ez dut uste egin denik, baina, praxian, laster aurkitzen dira deitura «ez euskaldunak» abertzale kargudun, sindikalista solidari eta gudari suharrenen artean.

      «Ezker berria» bilakatuko den abertzaletasun berrian, gerra ondoan, odol eta deitura garbi euskaldunen arazoak planteamendu guztietatik desagertua dirudi erabat. Arrazak ez du ezer pintatzen. (Esplikatuta baino, eliminatuta geratu da halere). Euskal Herria funtsean bere hizkuntzak egiten du (tesi honen formulatzaile garratzenak Txillardegi eta Krutwig izan dira): euskaldun jatorra euskarak definitzen du. Beraz: «euskaraz mintzo den Perez bat, mila aldiz euskaldun jatorragoa da, euskararik ez dakien Basagoitia bat baino». (Ez da ezer kostatzen gainera, Etxeberria edo Lizarriturri bel-beltz eder bat aurkitzea, kubatarra esaterako). Euskal arrazaren arazorik ez dago. Hizkuntza da kontua.

      Abertzaletasun arrazistaren eta arrazaren ahazte honen artean, berriro, Mirande dago. Edo arazo hauxe dago, Mirandek emandako soluzioarekin: euskaraz mintzo den Perez bat euskalduna da, konforme (eta Basagoitia erdalduna baino agian jatorragoa); baina Basagoitia euskaldun bat, ez ote zaigu beti ere edozein Perez euskalduna baino jatorragoa, euskaldunagoa aterako? Bestela esan: mintzoz euskalduna den Perez batek, euskaldunagoa eman dezake euskara gabeko euskotarrak baino; ez dirudi halere euskaldun osoa, eskema horietan, Basagoitia bai mintzoz eta bai arrazaz euskaldun «garbi» baten alboan bederen. Era honetan bi maila edo kategoriatako baskoak edukiko genituzke: 1) euskaldun jator-jatorrak, osoak: bai (a) mintzaira eta bai (b) arraza euskaldunekoak; eta 2) erdizka euskaldunak: bai (+) euskal mintzaira, ez (-) eusko arrazakoak (a), edo-ta bai eusko arraza (+), ez (-) mintzairakoak (b). Gainera, azken finean euskaldun ‘ez oso’en bi mota horien artean, Perez desgraziatu hori beti egoera txarrenean geratzen zaigu. Basagoitiak beti izango bait du nahikoa erraza, bere mihi biguna euskara ahoskatzera jartzea; Perezek ezingo ditu inoiz bere «hezur beltzak», jaiotzaz tokatu zaiona baino beste arraza batekora pasa! Euskara eta euskal kultura eta historia eta dena bereganatzen ahaleginak egin arren, eternitate guztian ezingo du euskalduntasun osoaren perfekzioa sekula lortu...

      Problema horiek, pentsatzen dut, ongienik, ez planteatuz soluzionatzen direla (problema faltsuen soluzio ia bakarra horixe izaten da), gaur hala egiten dugu. Baina 1950 edo 1960 aldera, politikoki zuhurrena izan zitekeen, intelektualki ez zen honestoena, arrazaren arazoa planteatu ere gabe pasatzea gogoeta abertzale errigorezko batean. (Beharbada hainbat gutxiago, aitasoen deituraz hain zuzen Mirande zeritzon xuberotar Parisen sortu abertzale batentzat!). Politikoki, nazismoaren porrotak, isil-isilik egoteko hobeto utzi zituen arraza gorabeherak, hori da egia. Postnazismo horretan, bestalde, gorriak zein txuriak arrazismo guztien aurka deiadarka zebiltzanean zein baino zeinago, Eliza bera koru horri debozio haundiz lotua zitzaionean, hemengo abertzaleen kontzientzia kristau eta demokratentzat, euskal arrazaren kontuek inkomodoak gertatu behar zuten, nahiago ez izateko disimulatu eta batere ez aipatu publikoan, edo matizazio askorekin ongi bataiatuta bakarrik aipatu2. Mirandek ez: nahiago izan zuen arazoari buru egin.

      Mirande, bere modura, «arrazista» da, eta bere «faxismoaren» fama, neurri batean, horri dago lotuta. Dena den, Miranderen arrazismoa ulertzeko, bistan dago, haren arraza kontzeptua ulertuz hasi beharra legokeela, eta hori da egin ohi ez dena. Konparazio batek hau emango liguke: abertzaletasun kristau-demokratiko tradizionalean, Perez bat sekula ezin izango da Basagoitia bat bezalako euskaldun osoa eta guztizkoa, jatorra, jatorrizko arraza-defekto gaindiezin bategatik hain zuzen; Miranderen pentsamentuan, aldiz, beltz afrikar batekin egon daiteke, Extremaduratik edo Gaztelatik datorren Perez batekin eta haren umeekin batere arraza problemarik ez dago. Mirandek, ba, bere burua arrazista aitortuz, arrazistago eta arrazista gaiztoagotzak bere salatzaileak salatzen ditu, kristau-demokratak3. Azalpen osora sartu gabe: euskaldun eta galego edo gaztelau baten artean diferentziak badaude, baina diferentzia horiek termino kulturaletan lor genezake determinatzea, termino bio-fisiologikoetan ez (arrazazko terminotan alegia). Anton euskaldunaren eta Peru gaztelauaren artean, ostera lezake norbaitek, badaude diferentzia biologiko-somatikoak ere (odolezko ez dakit zein faktore, etab.), karakteristiko bezala seinala litezkeenak: bai, erantzungo zukeen Mirandek, baina berdin-berdin eta ez gutxiago daude antz eta diferentzia biologiko-somatikoak Hondarribiako Anton eta Zeraingo Peruren artean, eta ez ditugu bi arrazatakotzat jotzen. Euskaldunen artean estatiskoki beste nonbait baino gehiago edo gutxiago agertzen diren ezaugarriren batzuk agian, badaude (odolaren halako grupoa, sudurra, burusoila); ez dago, ordea, euskaldun guztien definitzaile eta ez-euskaldunen eskluditzaile izan litezkeen horrelako ezaugarrien multzorik, aldamenetako herrien ezaugarriei buruz-buru (txinoei edo beltzei buruz bai). Euskaldun denak ez dira, gaztelau batzuk ordea bai, odol grupo horretakoak, etab. Dagoena, hortakoz, arraza zuri haundi bat da. Eta gaztelauak, galegoak, euskaldunak, etab., herriak dira, alegia, arraza bakar hori historian zehar eta kulturalki zirkunstantzien arabera hartuz joan den herri-forma desberdinak: «Il n’y a pas de race basque — mais il y a un peuple basque formé historiquement»4.

      Etorkintza gaztelau eta galegoaren uholde urteak ziren. Nik dakidala, faxista eta arrazista bitxi hauxe izan da irakasten lehena, problemarik batere ez zegoela, printzipioz, etorkin horiek eta horien umeak euskaldun-euskaldunak izateko: arraza euskaldunekoak, mintzaira eta kultura euskaldunekoak, aberrigintza euskaldun baten eraikileak. Basagoitia garbi-garbi guztiak bezain euskaldun garbiak eta osoak.

 

 

1 SPENGLER, O., UA, 707: «Gaur-egun bizi den gizaseme bakoitzak, 1300 urtea aldera bazuen milioiren bat arbaso, eta 1000 urtea aldera mila milioi bai. Honek esan nahi .du, gaur bizi den aleman bakoitza Gurutzada garaiko europar guztiekin ahaide odolekoa dela». Memoriak ez banau engainatzen, arrazoipide modu hau berau Txillardegik erabiltzen zuen gure artean arrazismoa ridikulizatzeko.

2 Ohartzekoa, esaterako, 1956ko LANDABURU, J. de, La causa del pueblo vasco (1977, 121): «Tampoco el nacionalismo vasco ha sido nunca racista en el sentido en que lo fue el nazismo alemán o lo son los blancos de Africa del Sur o del Norte de América».

3 Ik. LARREA, J.M.(argle.), Miranderen lan kritikoak, 1985, 97: «Ce racisme basque va même bien plus loin que celui des nationaux-socialistes». Testu honen inguru polemikorako, ik. 1961eko urriko Enbata (P. Larzabal, J. Abeberry, J.L. Davant, Miranderen aurka: azterketa pausatuago batek hobeto erakutsi beharko du, baina hirurek egiten didate inpresioa, piska bat ad hominem argumentatuz bezala edo azpitik, Mirande bera zinez eta guztiz euskaldun jatortzat hartzerik ba ote dagoen, zalantza idarokitzen zutela!!). Gobineau eta H.S. Chamberlainen arraza kontzeptuaz Miranderen begitan, ik. Larrearen aip. lib., 85 eta 97. Chamberlainen testu zakarrak euskaldunoi buruz (euskaldunon aurka), ik. nire «Euskadi-Alemania», in: TUÑON DE LARA, M. (ed.), Gernika 50 años después, UPV/EHU 1987, 282, 284-286.

4 LARREA, J.M. (argle.), aip. lib., 98.