Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

4.13 Gogo basaren printzipioa

 

      Führer bat esperoko du Nietzschek. Spenglerek zesarismoa iragarriko du. Mirandek nahiko du euskaldunen gudu-zalduntza bat eratu eta gerra.

      «Guk, beste fede batekoak garenok —, mugimendu demokratikoa lorrinketa bat iruditzen zaigunok, ez antolaera politikoarena bakarrik, baina gizonaren beraren lorrinketa, alegia, haren niminotze modu bat, haren erdipurdikapena eta balio-kaskarpena bezala: zeri heldu behar diogu guk geure itxaropenarekin?», — galdetzen die Nietzschek izpiritu libreei (Euskal Herrian Mirandek —berak dionez— alferrik bilatu zituen izpiritu libreei). Eta erantzuten du: «Ez dago aukerarik, filosofo berrien arabera; izpiritu nahikoa indartsu horien arabera alegia, eta nahikoa jatorrizkoak, bultzadak balorazio kontrajarrietarantz eragiteko eta ‘balio eternoak’ kontrabaliatzeko, iraultzeko; aitzin-mandatarion arabera, etorkizuneko gizonon arabera, milurtetako nahimena bide berrietara bortxatzen duen bortxapena eta orapiloa orainaroan lotzen ari bait direnak. Gizonari gizonaren etorkizuna bere nahia bezala irakatsi, menpekoa bezala giza-nahi batetik, eta disziplina eta hazi-hautu bentura haundiak eta esperimentu orokorrak prestatu, horrela azkena eta kito emateko zentzugabekeriaren eta kasualitatearen jaurgo horri, orain artean ‘historia’ zeritzon horri —horrexen azkeneko forma bakarrik da ‘kopuru haundienaren’ zentzugabekeria—: filosofeen eta agintedunen bestelako mota bat beharko da noizpait horretarako, orain arte ezkutuko, bildurgarrizko zein onginahizkorik munduan egon den guztia izpiritutan, zurbila eta nanotxoa agertuko bait litzateke haien aldean. Honelakoxe Führer baten irudia da, gure begien aurrean dagoena: — goraki esan ahal nezake, zuek izpiritu libreok?1.

      Demokraziarekin eta sozialismoarekin, gizonaren gizagabetzeko posibilitatea guztiz erreala bilakatu da. Hainbat larriagoa da, orain arteko historiari buelta emateko eta «balio eternalak» iraultzeko premia. «Giza endakapen orokorra, sozialista kokolo txaldan horiei gaur beren ‘etorkizuneko gizona’, — beren ideala, iruditzen zaien horretaraino behera: gizakiaren endakapen eta kaskarpen hori saldo-abere perfektotara (edo, beraiek esaten duten moduan, ‘gizarte libreko’ gizakitara), gizonaren aberepen hori eskubide eta eskabide berdinetako abelnanotxotara, egingarria izan, bada, batere zalantzarik ez dago! Ahaltasun hori inoiz azkeneraino pentsatu duenak, haatik, gainerako gizonek baino beste nazka bat gehiago badauka, —eta beharbada baita egiteko berri bat gehiago ere!»2.

      Nietzscheren jarraitunak egiteko honi lotuko zaizkio. Hala O. Spengler: buru egin beharra dago moral dekadenteari, jaso beharra dago berriro burua. Eraiki beharra dago berriro ekintza-gizona, ekintzalearen morala. «Gertakarietako gizona ez da inoiz erortzen sentimentu eta programa-politika egiteko arriskuan. Ez du sinesten hitz haundietan (...), egietan —estadista iaioa egiazkoaren eta okerrekoaren haraindi dabil. Inoiz ez du nahasten gertakarien logika sistemen logikarekin»3. — «Bizitza da, ez bakoitza, kontzientzigabekoa»4. «Gaurko gurea bezalako garaietan (...) bi suertetako idealismo fatal dago, erreakzionaria eta demokratikoa. Batak historiaren itzulgarritasunean sinesten du, bigarrenak haren helburu batean»5. Hona Spengleren erantzuna, nola egiten da politika, galderari.

      Dekadentziaren erdian, h.d. demokraziaren eta giza-saldo nahasien kaos guztiaren erdian zesarismoa hazten ari da. «Zesarismoaren gorapenak diruaren diktatura puskatzen du eta haren arma politikoarena, demokrazia»6. Hil ala bizi borroka dator bien artean: «botere batek, beste botere batek bakarrik uzten du bera erauztea, ez printzipio batek, eta diruaren aurrez-aurre besterik ez dago. Dirua odolak bakarrik zangoperatzen eta gainditzen du (...). Historian zertaz iharduten ohi dena, jokoan dabilena, bizitza da, eta beti bizitza bakarrik da, arraza, aginpide-nahiaren garaipena, —eta ez egien, inbentuen edo diruaren garaipena. Historia unibertsala judizio unibertsala da: bizitza indartsuenari, osoenari, bere buruaz ustetsuenari eman dio beti arrazoia, arrazoia alegia existentziarako, bost axola iratzartasunarentzat arrazoizkoa zen ala ez, eta beti opaldu dizkio egia eta justizia botereari, arrazari, eta egia ekintzak baino arduragarriago zitzaizkion gizonak eta herriak, justizia boterea baino esentzialago zitzaienak, heriotzera kondenatu ditu»7.

      Zer da zesarismoa? «Zesarismoa gobernu mota bati deitzen diot, bere funtsezko barne baitan, formulaketa juridiko guztiak gorabehera, arras formagabekoa den bati (...). Garrantzia, Zesarrak edo haren lekuan beste norbaitek bere gaitasunen poderioaz diztiratzen duen oldar guztiz pertsonalak bakarrik dauka. Itzulera da, forma beteginetako mundu batetik primitibora, kosmiko-historigabekora»8.

      Zesarismoa dekandentziatik sortzen da. Esan nahi bait da, lehenengo dirua demokrazian nagusitzen dela, ordenu klasikoa birrinduz: absolutismoak ezarritako ordenu garbi, neoklasiko edo klasizista. Kaos bat geratzen da orduan. «Baina kulturako ordenaketa zaharrak triskatu dituen orduko, gorputz berri bat anabasatik urgaintzen da, superahaltsua, bilakatze ororen lehen oinarri eta arrazoibururaino behera tinkatzen dena: Zesar kastako gizakiak. Horietan diruaren guztiahalmenak porrot egiten du. Zesar-aldiak, edozein kulturatan, izpirituaren eta diruaren politikaren azkena esan nahi du. Odolaren botereek, bizitza ororen jatorrizko instintoek, gorputzaren indar kraskaezinek atzera beren aginte zaharra erdiesten dute. Garbi eta euskaitz zapartatzen da arraza: arrakasta indartsuenarena da, enparaduak harrapakin»9.

      Irakaspen garbiago ezin hauen argitan, Mirande laster hasiko da biolentzia eta gerra predikatzen. «Euskaldun guduzalduntza baten beharrkiaz» idatziko du10. Asmo erdiarotiar bat irudituko luke: Nietzscheren ideia bat da hori ere ordea, Der Wille zur Macht-erako fragmentoetakoa. «Gizonak desberdinak direla ezagueratik, Nietzschek bizi-bortitzen aginte modu baten antolaketa galdatzen du, aristokrazia bat, masen aroan masez baliatzen dena, gizaki gorenen elkargo konspiratzaile bat, ageriko eta isilpeko helburu bitarikoekin, masak kudeatzen dituena eta morrontzan lotu (...). Nietzschek elitearen formazioa giza hazi-hautuaren eginbehar gisa ulertzen du»11. Baina berdin har zezakeen ideia hori Mirandek Spenglergandik ere: «Nazio bat suhartasun guztiarekin askatasunagatik eta ohoreagatik borrokatzeko jeikitzen denean, beti gutxiengo bat da, zentzu hertsian, bere asmoak berotzen dizkiona jendeteriari. Herria iratzartu egiten da —esamolde hutsa baino askoz gehiago da hori»12. «Nazio baten iratzarpena bere buruaren kontzientziara, salbuespenik gabe, mailaka gertatzen da eta, beraz, estamentu bakar batean printzipalki, arima bortitzena berak duena eta bere bizipenaren poderioan besteak sorgintzen dituena. Nazio bakoitza gutxiengo batek errepresentatzen du historiaren aurrean (...). Herri bat nazioa den bitartean, nazio baten patua burutzen duen bitartean, gutxiengo bat haren barruan badago, guztien izenean haren historia errepresentatzen eta gauzatzen duena»

      Gerra hasi behar da, beraz: «Sort-herriaren etsaiak/ denak eho ditzagün/ denak eho ditzagün», abesten zuen Mirandek 1950ean jadanik, Euskal Herrian egungo indargintza (biolentzia) sortzeko denbora asko falta zuela oraindik,4. Eta:

 

            Jeiki jeiki Uskaldünak

            ehaitera juaiteko

            ehaitera juaiteko

            Aspaldian ginen bizi

            arrotzen eskupeko

            hen odolak gure lürra

            orai du gizentüko

            orai du gizentüko15

 

      «Gerrak eta adoreak —irakasten du Zarathustrak— gauza haundi gehiago egin dute, lagun hurkoaren maitasunak baino. Zuen errukiak ez, baina zuen baloreak salbatu izan ditu orain artean istripatuak»16.

      Mirandek hiru arrazoi-suerte dauka indargintzaren (biolentziaren, edo «gogo basaren») alde. Ikus ditzagun hirurok:

      Lehenengoa, demokraziak ez digula deus balio (alegia, demokrazia orain Estatu eta erakunde sozial forma gisa ulertuta, instituzio molde gisa; printzipio gisa —gizon guztien berdintasunaren printzipioa bereberki— aurreko atalean ikusi dugu aparte): euskaldunoi ez digu ezer onik ekarri (a); eta (b), askatasunik ezin lor genezake demokraziaz.

      Ez digula gauza onik ekarri (a): Uztailaren hamalaueko besta izkributxoan adierazten da. Mirandek elkarrizketa bat asmatzen du xuberotar batekin, ea zergatik euskaldunek egun hori ospatu behar duten. Egun hori «gizon izaitia, esklabotarzun gogorrenaren khatien ethetia, eta Uskaldun bati zion bezala buria gora ebiltia» ekarri zigun eguna dela esanez hasiz, «egun houra etzela boztariozko bena doluzko egun bat» konklusiora eramango du Mirandek, dialektikoki, bere solaskidea. Euskaldunok ez dugula ezer irabazi, baina egiazko geure libertateak galdu, Lege Zaharreko libertateak. Eta «Zeren egiteko libertatia die egun Uskaldünak? Frantsesek nahi dienaren»17, bukatuko da. «Frantsesen eskupian behar badugu orano luzaz irain, badikiagu laster eskarnioz eta gosez hiltzeko edo goure herri maitiari bethikoz adio erraiteko libertatia. Eztuka ouste, Kadet, aski badugula azkenian libertate horietarik?»18.

      Are gutxiago balia gaitezke demokraziaz, dena galdu eta gero orain askatasunaren borroka egin beharrean gauden gure kinkan (b). Askatasunarena borroka oldartsua da nahitaez. Borroka da, alegia. Beraz, herri libre batek bere barne bizitza antolatzeko agian baliagarria izan litekeen arren (Athenaiko demokraziaren kasua), printzipio demokratikoak, askatasuna lortu eta gerorako balioko luke onenean ere, ez askatasuna bera lortu ahal izateko, askatasunaren borrokarako. Gero, ordea, Estatu konkretu batzuei ere deitu ohi diegu demokraziak (Estatu Batuak, Frantzia, «demokraziak» dira): abertzaleek horiengan ezarri dituzte beren konfidantza eta itxaropenak Euskadi askatzeko. (Gogora bedi noiz ari den Mirande idazten). «Izen haur harrtzea duten Euskaldunik gehienak, erran nahi dut, beren herria aske eta beren hizkuntza ohoretan ikhusi nahi dutenak, azken menderdion Europa iharrosi duten iazarrkhundeetan demokrazien alde ibili dira, nehoizko uste hoberenekin: asmo demokratikoa euskaldungoaren ikurrik nabariena dela eta nazione handi demokrazi-zainek gudua irabaziz, Euskadirentzat irrikatzen zuten askatarzuna emanen zeraukotela uste baitzuten. Azken phondu huntaz zer gerthatu den ihusi dugu. Demokraziek gudua irabazi dute, bainan heietan igurikipen iarri eta heien aldamenean gudukatu zuten euskaldunak ez dira horrengatik askeago. Aitzinetik bezala bi zathitan dagoz: batzu askatarzunaren zaindari omen den statu baten nagusigopean, herrien arrteko batzarr orotan enda-erhaiketa kondemnatzen duena, haren politika ordea, bereganatu dituen enda zuri, beltz edo horien kulturen suntsi-arazteari doalarik; atzo, diktadore zelakoan, demokraziek arbuiatzen zutena, egun, aldiz, beren UNESCO’n eta hitz-harrmen oikonomikoetan onhartzen duten statu-agintari baten oindikatuak bertzeak. Nazione handien iokera hori dela-ta, euskal abertzaleak haurmoak bezala intzirika dabiltza, salhutu izan direla hotsez. Baina zer! iokera hori egoki baino egokiago da, ahanzkorr izaitean baitatza demokrazien verthutea, demokrata batek zionez»19.

      Esperientzia historiko horiek demokraziarekin egin eta gero, auzitan jarri beharra dago gure printzipioak eta jarrerak, eta egin beharra dago kupida gabe autokritika zorrotz bat. «Intzirika ibili baino norberak bere uste eta konzepzioneen kritika egiati bat egin ba leza hobe litzateke, demokraziekin khidetze hori, bai eta asmo demokratikoarekin euskal nazionalismuaren identifikatze hori Euskal Herriaren onerako izan direnz eta direnz ikherrtuz»20.

      Bigarren arrazoia gogo basaren alde da, gizarte bizitza, eta bereziki herrien arteko eta elkarrekiko existentzia, borrokazkoa dela, izan. Errealitate horri begiratzen genion artean gu ere baginen zerbait, «enda sendo, azkar ororen antzora hauzo ahulagoaren bizkarretik hedatzera eta aberastera ekarriak ginelarik»21.

      Halaxe irakasten bait du Nietzschek, «bizitza hain zuzen botere-nahia delako»22. «Zaurketaren, indargintzaren, hustiroáren laga egitea bata-bestearekiko, norbere nahia bestearenaren parean jartzea: hori, halako zentzu arrunt jakin batean, izan daiteke moduzkoa gizabakoitz artean (...)• Printzipio hori zabalkiago hartu nahi dadin orduko, alabaina, eta are gizartearen oinarrizko printzipio bezala apika, berehalaxe nabarmenduko litzateke berez den bezalako halakoa: bizitzaren uko-nahia, banaketa-ustelketa-printzipioa. Hemen oinarginkorki behar da oinarriraino pentsatu eta ahultasun sentibera orotatik ondo gorde: bizitza bera esentzialki da bereganaketa, zaurketa, arrotzaren eta ahulagoaren menperaketa, zapalketa, gogortasuna, norbere formen gainezarketa, anexioa eta gutxienez, gurienez, hustiroa»23.

      Are deblaukiago mintzo da puntu honetan Spengler. «Era berean, herri bat izan, zinez izan, beste herriekikoan bakarrik da, eta zintasun hori aurkatasun natural eta gaindigaitzetan datza, erasoan alegia eta babesean, etsaigoan eta gerran. Gerra da gauza haundi guztien kreatzailea. Garaipen eta eroriko bitartez sortu da bizitzaren uhizian esanahidun guztia»24. «Gizona, arma eskuan, horra iraun nahiaren beste irudi haundia. Herri bat ‘bere konstituzioan’ jatorriz gudal-talde bat da, armetarako gai diren guztien barnean sakon sentituriko kidetasuna»25. Eta berriro: «Herri bat, besteekikoan bakarrik da zinez. Baina horien arteko harreman naturala, arrazazkoa, horregatixe, gerra da. Hori gertakaria bat da, ez da aldatuko egien bitartez. Gerra da bizidun ororen lehen-politika, eta hainbaterainoxe, funts-funtsean bizitza eta borroka berdin bait da eta borrokatu nahi izatearekin batera amatatzen da izatea bera»26.

      Spengler ere moralismo eta sasi-idealismo demokratiko baten aurka itzultzen da: «Baina —gorago aipatua daukagu— errealitate historikoan ez dago idealik batere; gertakariak bakarrik dago. Egiarik ez dago batere; gertakariak bakarrik dago. Arrazoirik ez dago batere, justiziarik batere, konpentsaziorik batere, batere helbururik; bakarrik gertakariak dago»27.

      Azkenik historiaren interpretazio demokratiko (liberal nahiz sozialista) guztien aurka doa Spengler: horiek herri barneko historia —soziala— herrien artekoarekin nahasten dute, herri barneko historia historia guztiaren ardatz eta funts deklaratuz. Berezi beharra bait dago ongi «Estatu-historia eta klase-historia, historia politikoa (horizontala) eta soziala (bertikala), gerra eta iraultza (...), baina doktrinari modernoen oker haundi bat da, barne-historiaren izpiritua orohar historia ororena kontsideratzea. Historia unibertsala Estatu-historia da eta izango da beti. Nazio baten barne-konstituzioak nonahi eta beti duen xedea da, kanpo-borroka militar, diplomatiko zein ekonomikorako ‘konstituzio’ onean egotea. Hura berxede edo xede absolutu eta berbaitan ideala bezala hartzen duenak, nazioaren gorputza hondatu bakarrik egiten du bere ihardueraz»28.

      Hirugarren arrazoia gogo basaren printzipioaren alde da, jatorrizko gizon naturala gogo-basa dela, borrokaria eta nagusi-nahia. Bere natura jator eta bortitzaren arabera jokatzen duen herriak ere gudua egiten du.

      Alegia —Spengleren arabera hain zuzen— dohain eta natura hau izpiritu mendebaldarraren espezifikoa eta propioa da eta ez beste inorena. Grekoak, adibidez, ez dira sartzen barruti honetan. «Etika grekoa, Heraklito arren, oso urruti zegoen gerra printzipio etiko bihurtzetik. Estoikoek zein epikurotarrek haren laga egitea irakasten zuten ideal gisa. Arima mendebaldarraren oldar tipikoa da, ordea, eragozpenen gaindipena»29. Arima faustiko mendebaldarraren natura da hori. Eta hori da —Mirandek usteko duenez— Elizak hain zuzen arima honi kendu diona, bera orientala delako: mendebaleko arima faustikoa desegin du, gogo basa. Horixe da, ordea, beste kultur zikloen aldean, kultura honen propioa eta berezgarria, espezifikoa. Honekin ez da astakeriaren eta odolgaitzaren apologiarik egiten. Biolentzia hutsa, beste gabe, indarkeria, ez da giza haunditasunik. «Badago piztikeria bat, brutalitate bat, natura biziki maritxuen beste aurpegia dena, eta horretakoa da ankerkeria helendarra»30. Mendebaleko gogo basa, ostera, haundia eta zalduna da, mazala, noblea eta aristokratikoa. Ez da oldarkorra txarkeriaz, inori zitalki min eta kalte egiteagatik. Berez izanik natura bortitza, oldartsua beraz, kementsua, bere indargintza ere ez da izaera horren ondorio arteza besterik, berezko iharduera arrunt naturala. «Hemen iparraldean goiz-aroaren atarían kaiser saxoniar, franko, Staufendar haundiak agertzen dira, gizandi erraldoitsu aldra batek lagun eginda, hala nola Hendrike Lehoia eta Gregorio VII.a. Jarraian Ernazimentuko gizonak, larrosa zuri eta gorrien gatazkak, higanauten gerrak; konkistadore espainolak, Printze Hautesle eta Errege prusiarrak, Napoleon, Bismarck, Cecil Rhodes. Non egon da guzti honi inguratuko zaion beste kulturarik?»31.

      «Das ist faustische Moral», hori moral faustikoa da, erabakiko du Spenglerek, Nietzscherekin polemikan nabar-nabarmen32. Nietzschek, izan ere, haunditasunezko borrokari, oldarkor eta dionisiako hori, batez ere, izpiritu grekoan ikusi usteko du eta hura hartuko du eredutzat. Nietzschek, oraindik, historia guztia, munduko guztia eta herri guztiena, historia bakar eta bat-tzat bait dauka; Spenglerek, aldiz, historia historiatan, kulturatan eta ziklotan alegia, zatikatu bait du. Eta kultura diferente, beren baitan bakoitza autonomo hauen ikerketa morfologikoa egiten diharduela, mendebaleko kulturaren (gorago azaldutako zentzuan) espezifikoa bezala aurkituko du arima faustikoa, gogo indargina, zirti-zartalaria, basa. Honela ulertu behar da, nik uste, bestela edukin eta zentzu asko gabekoa lirudikeen Miranderen ekialde-mendebale kontrastapena ere.

      Miranderentzat euskalduna izatea lehen-lehenik mendebaldarra izatea da, mendebale barruan zerbait berezi euskaldunekin bada ere. Berraipatzen dugun testu batean ikusi dugu: «Egiaz ez da zuzen, nere ustez, euskaldun kulturaz mintzatzea, kultura hitzari bere adierazpen osoa ematen baldin bazaio bederen. Europar kultura bat badago, gurean, beste herrietan bezala tokiko ikurra eta usaina duena, edo, nahi bada, europar «kultura ziklo» bat badago, eta herri bezala haren barnean gaude»33. Mirandek Spengleri batere gustatzen ez zitzaion «Europa» kontzeptua hartu du berriro haren mendebale kontzeptuaren lekuan; baina begien bistan dago, halere, terminologia hori aparte, Spengleren ideiari darraikola.

      Europar edo mendebaldar zaldun-kultura printzipal noble horren defentsan, Mirande gure euskal genioa, sen jatorra, kristautu baino lehengoa, «gaiztoa» dela erakusten saiatuko zaigu. Besteak gaiztoak badira, gu ere gauza gara gaiztoak izateko: h.d., funtsean, mendebaldar jator-jatorrak gara gu ere. Demokrazia, orduan, ez da jatorriz geurea, atzerritarrek erantsia baino: «atzerritarrek dute anarkismu galgarri hunen hazia gure baitan erein»34. «Euskaldunak zinezko demokratak behin ere izan direnik uste ez dudala aithorr dut —non ez bada azken garai huntan, atzerritikako era sozialak ekharri landerreriak, atzerritarr ikastetxeak eta Romako Elizaren kristaudemokraziak deragieten influentzia hirurkoitza dela zio»35.

      Mirande, ageri dago, jeltzaletasun edo aranismo demokratikoarekin polemikan ari da, Aitzolen «euskal tradizio» zahar eta jatorrizkoaren teoriarekin edo «euskal igualitarismoaren» teoriarekin, nahiago bada, Otazu baino dexente lehenago. Horretan ere Nietzscheren urratsak jarraitzen zituen. Erdi Aro nekazaria idealizatzen zuten euskaldunen antzera, antzinate grekoa idealizatzen zutenen aurka, ihardungo bait da Nietzsche. Hori ez delako izpiritu rousseautiarraren faltsifikazio historikoa besterik. «Sentimentu honen arabera, lehen-denbora bat gizonarena eman zen, hau naturaren bihotz-bihotzean bizi zeíia eta naturaltasun horrekin batera gizatasunaren ideala konplitzen zuena, ontasun eta artistikotasun parabisutarretan»36. «Hori onpuskatasunaren fidakorra hori, saio adoretsuona, kultura teorikoaren altzo-altzoan! — fedearen kontsolagarritik bakar-bakarrik esplikatzea, ‘gizona bere baitan’ operako heroi beti birtutezkoa dela, artzain beti ttunttun-jolea edo kantaria dela (Balpardaren kritikak aranismoari, gero hain topikoak!), azkenik bere burua berriro betidanik halakotzat aurkitu behar duena, kasua baldin bada bederen inoizpait zinez galdu egin dela denboraren baterako, hori bakar-bakarrik fruitua da, parfume-bafada eztitsu seduzior gisa, munduaren ikuskera sokratikoaren barrenetik hemen altxatzen den optimismoarena»37.

      Mirande, beraz, euskalduna ez dela sekula demokrata izan probatzen lehiatuko da: ez herri barruko bizitzan (historia bertikalean), ez beste herriekiko ihardukimenetan (horizontalean). «Emanak alderdikerizko aitzin-eritzirik gabe harrtuz, ordea, Euskal Herrian ere egoile guztiak cives optimo iure ez zirela, bainan aitzitik, kasta-lekhorekoak eta hunki-ezinak ere zegozela ezagutu beharr da: h.n. Gaskoinak, Jitoak, Juduak, Agotak e.a. Hauien aurkha negurri gogorrak erabaki ohi zituen lege-emaleak, zenbaitek Euskaldun idiosynkrasis onhesleaz zemahi erranik edo idatzirik ere. Erraiterako, Nafarroan sar zedin Jito edo Buhameari legeak ehun zigorrkada eman lekion manatzen zuen; eta Bizkaiko Juduek... Gaztelako regeari gaindeithu beharr ukhan zeraukotan Euskal Herrian egon ahal izaitekotz. Lizarrako pogroma ere aipha dezagun. Gure arbasoen ‘bidegabekeri’ horietaz ahalke beharr dugua egungo Euskaldunok? Nire ustez bozkariotu beharr genduke»38.

      Berdin beste herriekiko gure jokaeran: demokratismoa (sozialismoa, etab. halaber: saldo-ideologia guztiak) historiaren faltsifikazio hutsa da. «Ezen, nahiz oraiko Euskal Herritar baketsuek ahaztu duten, dirudinez bi aldiz gure arbasoak bere Ipar eta Hegoaldeko hauzoen bildurra izan ziren: lehen aldikotz, Pireneus haraindiko aldiriak Garonna ibairaino —eta haratago ere— errautsi, soildu ala bereganatu zituztenean Nafarroako menditarrek; bigarrenekotz Hispaniaren ‘reconquista’ zela zio nafartar Estatua eraiki zutenean Afrikatarren aurka... bai eta hauzo kristauen aurka ere. Hau dira gure historia modemuko egintza nagusiak: haiengatik batez ere, zuzenbide dugu Euskaldun izanaz burgoi izatera, enda sendo eta azkar bat izan garela baiterakutsate; enda sendo, azkar ororen antzera hauzo ahulagoren bizkarretik hedatzera eta aberastera ekarriak ginelarik»39.

      Gora eta ohoragarri dira, horregatik, erlijio guduetan protestantismoaren alde gudukatu ziren euskaldunak (protestantismoak, Miranderen ikusi dugun interpretazioan, bere jatortasun pagano apur bat itzultzen zion Europari), nahiz galtzaile atera azkenean: «Gurt gakizkien, halaz ere, Erreforman alderdi hartu zuten Zuberotar eta Nafar aitunen seme zintzo heiei: hobe baita gudukatu eta galtzea batere ez gudukatzea baino»40.

      Esandakoetatik oso erraz ulergarri gertatuko da Mirandek ematen digun euskaldun jatorraren defínizio soziologikoa: «Euskaldunetaz mintzatu izan den errankhunik zuhurrena Le Play soziologuarena zait: lurrgin-zalduntza bat zirela, alegia. Zaldun eta aitorseme ziran egiaz, beren burua ‘etxeko iaun’ izendatzen zuten lurrginek, etxeko guztien, emazte, haurr, eta sehien nagosi zirenok, ez nabaski Romako paterfamilias garratzen antzoan, haatik ere gutiago feminismuak eta ‘puerismuak’ indarrgabetzen duten sendi modemuan bezala»41.

      Arras eta erabat Spengleren zentzuan, beraz, horretan ere: esana dugunez, «noblezia nekazaritza goratu bat bait da hain zuzen (...), oinondoaren lurretan sakon errotua», etab42. «Guk egun gustora bizikemena deritzoguna (bizitasuna), aurrera eta gora kosta ala kosta eragiten diguna, ezagumendu eta botere grina itsu kosmikoa, landaretiarki eta arrazatsuki lurrari itsatsita dagoena, ‘sorlekuari’, finkatuta egotea nora-begira eta behar izatea ihardun, hori da, gizon goren artean edonon erabaki haundiak bilatzen dituena eta behar izaten dituena bilatu, bizitza politiko gisa, ala bera patua izateko ala jasateko. Zeren-eta, ala hazi ala hil, egiten bait da. Hirugarren irtenbiderik ez dago. — Horregatik da noblezia, arraza sendo baten espresio gisa, estamentu propioki politikoa, eta hezkuntzaren era propioki politikoa disziplina, ez eskolapena»43.

      Interpretazio historikoetan puntualki izan ditzaketen diferentzien gainetik, gure hirurak berriro batera datozkigu gizon jatorra delakoaren irudian: zaldun haidorra, indargin sendo eta ekintzale garratza, jaun burgoi printzipala, guduzalea, izpiritu aristokratikoduna, eta etxeko-jauna beti duzun bihotz haundiko gizon prestu eta nagusi horren irudian hain zuzen44. Kristautasunarekin zerikusirik ez duen balio-sistema daukagu. Zaldun gudu-zale jator hori indargintzan eta guduketan zaildu da, burutu da jaun zut gogor. Eta berak burutu digu euskal endaren jeinua. «Espezie bat ari da sortzen, ari da tipo bat baldinkizun funtsean berdin kontrarioetako borroka luzearen azpian gotor eta sendo bihurtzen (...). Begira bedi orain komunitate aristokratiko bat, antzinako polis greko bat esaterako edo Venezia, hazi-hautuaren xederako antolamendu nahitakoa zein eznahitakoa bezala: han, elkarren artean eta elkarren esku, beren modua gailentarazi nahi duten gizonak daude, gailendu beharra daukatelako gehienetan, edo arriskuan dabiltzalako, bildurgarriro erraustuak izateko (...). Espezieak espezie gisa bere buruaren beharra du, inola bai eta prezeski bere gogortasunari eskerrak, formaren soiltasunari, gailendu eta iraunkor bilakatu ahal litekeen zerbait gisa, etengabeko borrokan auzoekin, ala matxinoekin, ala matxinada egitea zemaitzen duten menpekoekin. Esperientzia askotarikoenak iraskasten dio, zeintzu propietateri zor dien printzipalki, jainko zein gizon guztiak gorabehera, beti ere nagusitu izana oraino: propietate horiei deritze birtuteak, birtute horiek bakarrik hazi-lantzen ditu gogotik (paganoen birtuteez gorago Mirandek esana gogora bedi). Gogortasunez iharduten du, nahi ere badu are gogortasuna: edozein moral aristokratiko intrantsigentea da (...), intrantsigentzia bera birtuteen artean zenbatzen du, ‘zuzenbidea’ izenarekin. Era horretan hazaldien joanetorriaren gainetik, aurpegi-zantzu urri, baina guztiz gogorretako tipo bat egiztatzen da, gizon mota bat garratza, gerrazalea, zuhur-isila, itxia eta uzkurra (eta sentimenik finenekoa horregatixe gizarteko xarmentzat eta nuances — Mirandek esaten zuen mendebaldarrak ekialdetarraren kontrastez maite omen dituen nuantzak horra hor!); kausa etengabeko borroka da beti baldinkizun berdin kontrarioetan, esan bezala, tipo zindoa eta gogorra bihur dadin»45.

      Mirandek, bada, odol garbiko euskaldun aitonsemearen ideia aranista nolabait bereganatu du (Arestik bezalaxe, bestalde, paristarra eta bilbotarra batera bait datozkigu euskal «jatortasunaren» ideia honetan: «nire aitaren etxea»), baina jeltzaleek ematen zioten zentzu kristau eta demokratikoa kendu eta edukin guztiz nietzscheanoz kargatu du zeharo.

      Nietzschegandik dauka, nik uste, «euskal endaren genioa» kontzeptua, Mirandek bezala ikusten baitzuen Nietzschek «genio alemana» zanpaturik eta faltseaturik, sortetxez nahiz sorterriz bere buruari arrotz bilakaturik, «entfremdet von Haus und Heimat»46. Gizandi nietzscheano, gerrazale, indargin gogo-basa hori da gizaseme jatorra. Nietzscheren Der Wille zur Macht-eko pasarte hau publikatu zuen Mirandek Igela-n: «Gizonaren hirur boztario zaharrenak eta funtsezkoenak, hirur elementuk egiten dituzte: sexualitatea, mozkortzea eta krudelitatea»47. Hori da, beraz, gizona, euskal jeinuaren euskarria. Hori zen, esan beharko da hobeki. Zeren eta orain atzerritarrek eta bereziki Elizak endakaturik bait dabil munduan ahuspez erorita, mengelto, esklabu, hagoaturik. Egin ote du harenak? Beharbada denborarekin Mirandek etsi egin du. Halere, batez ere Nietzschegandik daukana,izpiritu basa horren berbizkundearen kontzeptua eta esperantza da.

 

 

1 NIETZSCHE, F., KSA V, 126.

2 Ib., 127-128.

3 SPENGLER, O., UA 1112.

4 Ib., 1113.

5 Ib.

6 Ib., 1193.

7 Ib., 1194. «Es handelt sich in der Geschichte um das Leben und immer nur um das Leben, die Rasse, den Triumph des Willens zur Macht, und nicht um den Sieg von Wahrheiten, Erfindungen oder Geld. Die Weltgeschichte ist das Weltgericht: sie hat immer dem starkeren, volleren, seiner selbst gewisseren Leben Recht gegeben, Recht nämlich auf das Dasein, gleichviel ob es vor dem Wachsein recht war, und sie hat immer die Wahrheit und Gerechtigkeit der Macht, der Rasse geopfert und die Menschen und Volker zum Tode verurteilt, denen die Wahrheit wichtiger war ais Taten, und Gerechtigkeit wesentlicher ais Macht». Azken Judizioa dela (Judizio Unibertsala) Historia Unibertsala, Schillerena da berez esaldia (Resignation poesian, 17. estrofan), eta arrakasta haundikoa izan da Filosofia Alemanean. Historia bera da orain historiaren Jainko Epaile eta Epai batera bihurtu dena. HEGEL, G.W.F., Enciclopedia de las ciencias filosóficas, 1980, 279: «El espíritu determinado de un pueblo (...) pasa a la historia universal, cuyas vicisitudes están representadas por la dialéctica de los espíritus de los varios pueblos particulares, por el juicio del mundo». Testu luzeago eta osoagoa, zentzu berean, ik. Principios de la Filosofía del Derecho, 1975, 382 ($ 340). KAUFMANN, W., Hegel, 1979, 256. LUCAS, H.Ch., «La Historia Universal como Juicio Universal», in: JARAUTA, F.(ed.), La crisis de la razón, 1986, 25-45. Ik., baita ere, SCHOPENHAUER, A., El mundo como voluntad y representación, 1983, 272-276 ($ 63), baina justizia unibertsalaren zentzu kosmikoan, anaximandrotarrean, historikoan baino gehiago.

8 Ib., 1101.

9 Ib., 1102.

10 MIRANDE, J., «Euskaldun gudu-zalduntza baten beharrkiaz», in: Euzko Gogoa 9/10 (1952) 18-19.

11 FINK, E.,aip. lib., 174-175.

12 SPENGLER, O., UA 780.

13 Ib., 764. Berdin Ortega y Gassetek, cfr. Obras Completas, 1946-1982, III, 93: «Una nación es una masa humana organizada, estructurada por una minoría de individuos selectos». Horregatixe nahiko du Mirandek nukleo edo mun bezala «gudu-zalduntza» bat, ordena militar bat; Ortega y Gassetek «dictadura regeneracionista» bat nahiko duen bezala Espainiarentzat, xedearekin «hacer de la materia corrompida que es nuestra raza un nuevo Poder histórico»: ik. ELORZA, A., La razón y la sombra, 1984, 169. Ideia franko zabalduak dira, ideologia arrunt elitisten garai batean, horien edozein koloretan ere (ik. Ib., 154). Marxismoan bertan abangoardia iraultzailearen teoria leninista gailendu da, stalinismoa gero. Ik. baita ere BAROJA, P., El árbol de la ciencia, 1973, 192-193.

14 MIRANDE, J., Orhoituz, 1976, 24. Are 1949ko testu bat, gazteria berri baten gudu-kantua (zergatik ez digu norbaitek, dokumentu gisa besterik ez bada, Mirandek nahi zuen melodiarekin, abesten?), ik. Poemak 1950-1966, 1984, 33-34. Berton, orobat, 59-60, «Belarri-motzai», hori ere 1950ekoa.

15 Ib., 23.

16 NIETZSCHE, F., KSA IV, 59.

17 MIRANDE, J., IH 50-51.

18 Ib., 51. Ik. halaber Egan 3/6 (1960) 238-239: «Denek dakitenez Frantzia libertatearen jaioterria da —Matxinada Aunditik hona behintzat (beren libertateak orduantxe galdu zituzten erri eta jendakiak kontuan hartzen ez baditugu, hala nola Zuberoa, Lapurdi eta Be-Nafarroako Euskaldunak...) eta horrengatik beren biotzeko erriari bezala begiratzen diote mundu guztiko liberalek, bai eta mugaz bestaldeko Euskalerritar zenbaitzuek ere (...). Geu Frantzian libre garela, beste erresumetan bezala geronen iritzi bereziak eukitzeko, erriko buruzagien iritziekin bat datozenean. Bestela ez». LARREA, J.M. (argle.), Miranderen lan kritikoak, 1985, 42-43, 45, 49 eta hur., bereziki 52-53: «Egia den bezala aitortu behar da, frantses errepublikaren miresle amorratuak diran euskal-abertzale zenbaiti mingots izango bazaie ere: Frantzian ez dute herri txipiek Españan baino askatasunik gehiago».

19 MIRANDE, J., «Euskaldun gudu-zalduntza baten beharrkiaz», loc. cit., 18.

20 Ib.

21 ID., «Euskaldungoaren etsaiak», in: Anaitasuna 77/12/15, 24. Sentsibilitate kristauari eta kristautu modernoari (ematuari, esango zukeen Spenglerek) gaitzi zaiena, guztiz bidezkoa eta arrazoizkoa ikusten zuen Aristotele batek: hots, gizaki goragoak apalagoa menpean hartzea morroin eta zerbitzari (grekoak barbaroa, adibidez), cfr. REALE, G., Introduzione a Aristotele, 1982, 128-129. ARISTOTELES, La Política, 1977, 55: «Está claro que, por naturaleza, unos son libres y y los otros esclavos. Y que a éstos les conviene la esclavitud, y es justa». Ik. konparazioa Nietzscherekin: RUSSELL, B., Historia de la filosofía occidental, vol.I, 1978, 198. Eskubidezkoa ezezik, era berean, arrazoizko çta justiziazkoa deritzo Hobbesek ere indartsuenak ahulagoa menpetasunean lotzeari, cfr. Vom Menschen. Vom Bürger, 1977, 84-85 [De Cive, $ 14]. «Naturalismo» honen formulatzaile klasikoena Tukidide izan da noski (batez ere «Meloko Elkarrizketa»n): «Nuestras creencias en los dioses y nuestros conocimientos de los hombres nos enseñan que universalmente impera, por necesidad natural, el que es superior». Eta: «Ha prevalecido desde siempre que el más débil deba someterse al más fuerte», cfr. GUTHRIE, W.K.C., Historia de la filosofía griega, vol.III, 1988, 93-94. Tukidide horretantxe aurkitzen du Nietzschek hain zuzen salbazioa moralismo eta kristautasun guztietatik, cfr. Crepúsculo de los ídolos, 1984, 131-132: «Mi recreación, mi predileción, mi cura de todo platonismo ha sido en todo tiempo Tucídides. Tucídides, y, acaso, el Príncipe de Maquiavelo son los más afines a mí por la voluntad incondicional de no dejarse embaucar en nada y de ver la razón en la realidad, — no en la ‘razón’, y menos aün en la ‘moral’... Del deplorable embellecimiento de los griegos con los colores del ideal, que es el premio que el joven ‘de formación clásica’ obtiene de su adiestramiento en la enseñanza media para la vida, ninguna otra cosa cura más radicalmente que Tucídides. Hay que examinar con detalle cada una de sus líneas y descifrar sus pensamientos ocultos con igual claridad que sus palabras: hay pocos pensadores tan ricos de pensamientos ocultos. En él alcanza su expresión perfecta la cultura de los sofistas, quiero decir, la cultura de los realistas: ese inestimable movimiento en medio de la patraña de la moral y del ideal propia de las escuelas socráticas, que entonces comenzaba a irrumpir por todas partes. La filosofía griega como décadence del instinto griego; Tucídides, como la gran suma, la última revelación de aquella objetividad fuerte, rigurosa, dura, que el heleno antiguo tenía en su instinto. El valor frente a la realidad es lo que en última instancia diferencia a naturalezas tales como Tucídides y Platón: Platón es un cobarde frente a la realidad, — por consiguiente, huye al ideal; Tucídides tiene dominio de sí, — por consiguiente, tiene también dominio de las cosas...»

22 NIETZSCHE, F., KSA V, 208.

23 Ib., 207. Ik. bedi konparazio baterako hemen ere BAROJA, P., Comunistas, judíos y demás ralea, Valladolid 1939, 193-194: «Hay que atacar para triunfar en la vida. Toda la existencia es lucha, desde respirar hasta pensar. Seamos duros, hermanos, como dice Nietzsche; duros para la labor; más parecidos al diamante que al carbón de cocina. — Los pueblos fuertes, pletóricos, deben intervenir enérgicamente a su alrededor, con procedimientos nuevos, con ideales nuevos. — Los que sean capaces de dirigir a los pueblos vigorosos y activos deben crear cuanto antes el arma de la Cultura, y afilarla, como quien afila un estoque; deben marchar por su camino, sin pensar en si hay fracasos, siguiendo la mágica recomendación de Zaratustra, que nos aconseja vivir en peligro. — Los españoles hemos sido grandes en otra época, amamantados por la guerra, por el peligro y por la acción; hoy no lo somos. Mientras no tengamos más ideal que el de una pobre tranquilidad burguesa, seremos insignificantes y mezquinos. Hay que atraer el rayo, si el rayo purifica; hay que atraer la guerra, el peligro, la acción, y llevarlos a la Cultura y a la vida moderna». 1920ko otsailean Bilbon esandako hitzak dira konferentzia batean.

24 SPENGLER, O., UA 1007. «Die harte Notwendigkeit des Krieges züchtet Manner. Volker wachsen an Vólkem und gegen Vólker zu innerer Grosse heran». Heraklitoren sententziaren harribizia azken finean, gerra dela alegia denon aita.

25 Ib., 1006.

26 Ib., 1109.

27 Ib., 1015. P. Baroja: «Hechos, hechos siempre, y una filosofía fría, realista, basada sobre los hechos, y una moral basada en la acción», cfr. SOBEJANO, G., Nietzsche en España, 1967, 375. Cfr. NIETZSCHE, F., Más allá del bien y del mal, 1985, 99, $ 108: «No existen fenómenos morales, sino sólo una interpretación moral de los fenómenos».

28 Ib., 1013.

29 Ib., 403.

30 Ib., 445. Gizandien indargintza beren indarraren emaitza naturala da, berezkoa, ez da krudelkeria. «Una gran figura que camina, aplasta muchas flores inocentes, destruye por fuerza muchas cosas, a su paso»: cfr. HEGEL, G.W.F., Lecciones sobre la filosofía de la historia universal, 1985, 97. Oroit Epiktetorena, in Los Estoicos, 1963, $ 79: «Perdonar es propio de una naturaleza buena y humana. Vengarse, sólo de una naturaleza feroz y brutal».

31 Ib., 445. Horrela, bada, «un guerrero esforzado y un sabio» izango da Barojarentzat Jaun Altzatekoa. Eta F. Savaterentzat, cfr. Conocer Nietzsche y su obra, 1979, 130, gudari filosofoa izango da gizagaindiko nietzschearra. Politiko haundia politikoa eta intelektuala izango den eran Ortegarentzat, cfr. Mirabeau o el político, 1986, 45-50. Basakeria hutsa indar desegile hutsa da. Indargintzak ez du «morala» izan behar, baina bai guztiz inteligentea.

32 Ib., 446.

33 MIRANDE, J., IH 42.

34 ID., «Euskaldungoaren etsaiak», loc. cit., 24.

35 ID., «Euskaldun gudu-zalduntza baten beharrkiaz», loc. cit., 18. Gogora dezagun berriro ORTEGA Y GASSET, J., op. cit., 41, ideion garai bateko zabaleroa erakusteko (Mirandez haraindi) eta baita «Europaren salbazioaren» arazoa tradizio honetan nola planteatzen zen, orain beharbada bitxi samarra emango duen tonu batean (eta salbazioa hain zuzen moral kristau-demokratikoaren zapartetik itxaroten delarik beti ere): «(...) No creo posible la salvación de Europa si no se decide la humanidad de Occidente, perforando todos los prejuicios y remilgos de una vieja civilización, a buscar el contacto inmediato con la más nuda realidad de la vida, es decir, a aceptar ésta íntegramente en todas sus condiciones, sin aspavientos de un artificioso pudor. Durante siglos se ha obstinado Europa en evitar ese sincero reconocimiento. Una hipocresía radical nos ha llevado a no querer ver de la vida lo que las sucesivas morales declaraban indeseable, como si esto bastase para poder prescindir de ello». Ortega, gero, ez da «faxista»; jakina, ezpada liberal kritiko bat eta «rebelde constructor», ik. ELORZA, A., op. cit., 71 ss.

36 NIETZSCHE, F., KSA I, 124.

37 Ib., 125. Hemen salatzen den optimismoaren formulaziorik espekulatiboena (jatorrizko agustindarra aparte behintzat) Hegelena izan da, cfr. Lecciones sobre la filosofía de la historia universal, 1985, 44: «Es necesario llevar a la historia la fe y el pensamiento de que el mundo de la voluntad no está entregado al acaso. Damos por supuesto, como verdad, que en los acontecimientos de los pueblos domina un fin último, que en la historia universal hay una razón —no la razón de un sujeto particular, sino la razón divina y absoluta». Lehenago Leibniz egon da, noski, bere mundu posibleetarik hoberen honekin. Kant, gero, konfidantza osoarekin Probidentzian. Eta guztion aurka dator Schopenhauer: «No he de ocultar que el optimismo, cuando no es un mero discurso irreflexivo de personas, cuyo obtuso cerebro no encierra más que palabras, me parece no sólo absurdo, sino verdaderamente impío, pues es un sarcasmo contra los dolores sin cuento de la humanidad», cfr. El mundo como voluntad y representación, 1983, 254.

38 MIRANDE, J., «Euskaldun gudu-zalduntza baten beharrkiaz», loc. cit., 19. Guzti honetaz ik. orain STÜRTZE. A., Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian, 1988.

39 ID., «Euskaldungoaren etsaiak», loc. cit., 24.

40 Ib., 25.

41 ID., «Euskaldun gudu-zalduntza baten beharrkiaz», loc. cit., 19. Ameslari galdu bat ote zen? Mirandek berak zeritzonez, bere politika-kontzeptuokin, «en contact» zegoen «avec les aspirations, soit du monde rural paysan dans sa forme traditionelle, soit du monde guerrier et aristocratique», cfr. LARREA, J.M.(argle.), Miranderen lan kritikoak, 1985, 129.

42 SPENGLER, 0.,UA 973.

43 Ib., 1109.

44 MIRANDE, J., «Euskaldungoaren etsaiak», loc. cit., 24. Kontrasta bedi, esaterako, Garoa-ko Joanes artzaiarekin, edo Mireio-ren hitzaurrean Orixek marraztu digun familia patriarkal jatorraren estanparekin.

45 NIETZSCHE, F., KSA V, 214-215. Cfr. Más allá del bien y del mal, loc. cit., $31: «En los años jóvenes veneramos y despreciamos careciendo aún de aquel arte de la nuance que constituye el mejor beneficio de la vida...»

46 KSA I, 154. Lan guztian bezala, ez zaio jaramonik egiten Nietzscheren eboluzioari. Baina haren autokritika ikus daiteke (KSA I, 20), pasarte honexetaz bait dihardu prezeski, «izpiritu alemana»ri buruz behiala izandako itxaropenen errausketa adieraziz. Miranderen antzeko zerbait, beraz.

47 MIRANDE, J., «Hirur boztarioak», in: Igela, 1979, 135.