Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

5. 13 Testuinguru politikoa

 

      Mirande filosofikoki ondo situatzeko, politikoki ere hobeto kokaturik eduki beharko genuke. Ez da erraza halere.

      Mirande kontserbakoi gogorra da, ez da dudarik. Berak aitorten du: «Ni, apeztiar ez banaiz ere, eskuintiar naiz, ene maneran, edo hobeki ‘faxista’ jende xinpleek dioten bezala» Ipar Euskadik ez zuela Frantzia alemanen aurka defendatu behar, uste zuen, baina alemanekin elkar hartu Frantziaren aurka: «Frantzia euskaldungoaren etsaia eta Alemania, gurea ez baina gure etsaiaren etsaia izaiki»2. Askotan, horregatik, Mirande beste gabe faxistatzat jo izan da eta kito.

      Europako intelektual askoren «faxismoaz» edo-eta «stalinismoaz» egon diren eztabaiden erresulta eskasak ikusita, ez du merezi berriro bide horretatik jarraitzea, batez ere faxista/stalinista terminoen zentzua, intelektualei gagozkiela, oso desberdina eta anizkorra izanik.

      Nolanahi ere Mirande abertzaletasun kristau-demokratarekin borrokan eta oposizioan aritu da beti, hala burutu du bere pentsamendua ere. Oposizio honek argitzen du haren ideia askoren barnea, h.d., haren filosofia asko funtsean politika da, edo iturburu politiko batetik argitzen da.

      «Aberkabe» bat zen beharbada Mirande, Nietzsche bezala: «Gu aberkabeok. —Gaurko europarren artean ez dira falta, zentzu bereizkor eta ohoragarri batean aberkabeak leritzaiekeenak (...). Etorkizunaren umeok, gaur-egun honetan nola sentitu ahal izango ginateke gu etxean!»3. Biharraren umea, egungo egunarekin etsi ezin zuena: denboran ere aberri bat daukagun aldetik; espazioko aberriari buruz, aldiz, Pariseko zuberotarrak ez han eta ez hemen zuen egiazko pausa eta gustalekurik. Mirande, nik uste, ukaziozko abertzaletasun absolutu batean bildu zen, bai gure denbora hau eta bai gure leku eta jende hau de fakto den bezala ukatuz, arbuiatuz. «Iragaitzaldi apurterraz apurtu honetan norbaitek oraindik etxetiar sentitu ahal izango lituzkeen idealak, guri denak gaitzi zaizkigu (...). Guk ez dugu deus ‘kontserbatzen’, ezein iraganalditara ere ez dugu nahi itzuli, ‘liberalak’ ez gara inondik, ez gara progresoarengatik lehiatzen, belarriak ez daukagu zergatik butxatu azokako etorkizun-sirenengatik —kantari dihardutenak, «eskubide berdinak», «gizarte librea», «ugazabarik ez eta ezta morroinik ere», horrek ez gaitu erakartzen gu!— ez daukagu batere desiragarritzat, justiziaren eta bihozkidetasunaren erresuma lurrean sorterro ledin (mediokrizaziorik eta txineseriarik apalenaren erresuma izango litzatekeelako edozein kasutan ere), poztu egiten gara arriskua, gerra, bentura maite duten guztiekin guk ere bezalaxe, ez direnekin konformatzen, ez dutenekin uzten ehizatu egin ditzatela, ongundeak egitea eta irenduak izatea, geure burok guk konkistatzaileen artean zenbatzen ditugu, ordenaketa berrien premiaz aritzen gara gogoetan, esklaberia berri batenaz orobat— ‘gizona’ tipoaren indarpen eta gorapen bakoitzari dagokiolako esklabutzaren mota berri bat ere— ezta?, guzti horrekin, nekez senti gintezke etxean, bere buruaren ohoretzat daukan aro batean, eguzkiak inoiz ikusi duen arorik gizatiarrena, gozoena, legezkoena izenarekin deitzea»4. Berdintsu Mirande, ez bere denborarekin eta ez bere herrikideekin zetorren bat.

      Jarrera hau azkenean apolitikoa, antipolitikoa, bilakatzen da, bere ustez bederen, kulturala bihurtzeko. Kulturala eta morala. Unibertsalismo eta humanismo demokratikoak mesprezatzen dituen adina mesprezatzen ditu nazionalismoak, politika nazionalista herstu kaskarrak. «Europa federal baten barruan —idazten du Mirandek— bere nortasuna, bere etnia jatortasuna begiratuko dituen Euskal Herri batentzat borrokatu nahi dugu; beraz izpiritu zuri eta lotsorrei beldur emateko lain den ekintza bat gogoan hartu behar dugu, eta nahiz politika itxura beharrezko duen, gure xedea ez da abertzaletasun ohil eta kanpotarren etsaikerian sartuko dena (...). Baina jarraitzen dugun xedea kulturazkoa da»5.

      Nietzsche nazionalismoaren oso kritiko zakarra da: «Borborkada nazionalen, itolarri patriotikoen eta edotariko beste sentimentu arkaikoen urgainezkaldi orduak», «aberriteria eta txokomin-gaitzaren atake atavikoak», etab.6 erabiliko ditu espresioak. Nietzschek Europa nahi du: «Gu, hitz batean —eta ohorezko gure hitza izan bedi— europar onak gara»7. Euronazionalismo bat da hortakoz, daukaguna: horregatik mintzo ohi da Mirande ere «europar kulturaz», «europar arrazaz», etab.

      Baina zer da europar onek batu nahi duten Europa hori? Hura batzea eginkizun politikoa ez, baino kulturala omen dena? Nietzschek ematen digu erantzuna: jeinu haundi guztietan prefiguraturik dagoen «gogo basaren» Europa da. «Mende honetako (XIX) gizakume sakonen eta zabalen guztien norabide orokorra, beren arimen lan misteriotsuan, bidea prestatzea izan da sintesi berri hartarako, eta esperimentu gisa etorkizuneko europarra aldeaurregitea»8. Jeinu haundi horiek izan omen dira «virtuosoak aldenik alde, sarbide izugarriekin seduzitzen, erakartzen, derrigortzen, lurreratzen duen orotara, logikaren eta lerro zuzenen etsai halaxe jaiotakoak, arrotzaren, exotikoaren, espantagarriaren, bere baitan kontraesankorraren, makurraren irrikatsuak; pertsona gisa, nahimenaren Tantaloak (...), uhalgabeko langileak, ia berporrokatzaileak lanean; antinomistak eta bihurriak moralean, oreka gabeko anbiziotsuak eta hasegaitzak (...), gizatasun mota bipil-zirtizartarikoak, galant-oldargin, goihegalari eta goijeikikoak, lehenengo irakatsi egin behar izan diotenak beren mendeari —eta saldoaren mendea da!— ‘gizakume goragoa’ren kontzeptua»9.

      Beraz, azkenean ez da propioki euronazionalismorik ere, geratzen zaiguna, elitismo arradikal bat baino, Europan leku hartuta: «giza tipo gorena», supergizona. Hau da, finean, ideia zentrala; berau, ordea, Mirandek kulturala baderitzo ere (gogora bedi Krutwig halaber), ideia politikoa da oso, erarik txarreneko elitismo-aristokratismo bat alegia.

      Mirandek abertzaletasun klasikotik hartu dituen ideiak bere supergizonaren edo «gogo basaren» ideiari zegozkionak izan dira gehienbat: euskaldunon nobleziarena, etab. Ideia horren ondorioz sortu da harekiko kontrastea ere. Arrazismoaren gorabeheran adibidez, Mirandek ez dut uste berritasun haundia suposatzen duenik aranismoaren aldean, nahiz difererentziak egon (Miranderentzat europar arraza bat badago, arraza hau nahasketa batek hondatzen du gaur egun, etb.). Baina xehekiago begiratuta, puntu hau berau ere Mirande baitan supergizonaren edo gizon gorenaren ideiarekin agertzen da lotuta, eta euskaldun jatorraren birtuteak hein horretan ikusiko dira. Horrela kultura, arraza, abertzaletasuna, supergizona, morala, elkarrekin lotu-lotuta dabiltza. Eta guzti honekin lotuta dator baita Miranderen tesi eskandalagarriena ere: indargintza edo biolentziarena. Biolentziarena Mirande baitan ideia bat besterik ez da: baina berehalaxe errealitate bilakatu denez gero gizarte honetan (nahiz apenas izan Miranderen eraginagatik), puntu gogoangarria da.

      Nietzscheren eta Miranderen pentsamenduan biolentziaren ideia dekadentziarenari dagokio, ikusita daukagunez. Euskal Herrian, Mirande biolentzia predikatzen hasten den momentuan, dekadentzia oso modu konkretuan ageri da. Euskal Herri «demokratikoak», h.d., Errepublikak gerra galdu du (reketeek irabazi, h.d. faxistek). Demokraten laguntza espero baldin bazuten euskaldunek, horiek ere alde bat utzi dituzte euskaldunen interesak, Francorekin ondo etortzea interesgarriago agertu zaien orduko. Euskaldunak berak (abertzaleak) harro-harro dabiltza, berak oso zintzo eta gizatiar ibili omen zirelako gerratean, etab.; beste inor baino katolikoago eta demokratago direlakoan enpeinatzen dira, etc, eta, belaunaldi honetan askok inpresioa izan duenez nonbait, bere demokratismoz eta bakezaletasunez, paralisi batean amildu da. Bere etsaiak berak losintxatzen eta zerbitzatzen ari da Euskal Herria (Eliza, Frantzia, etc.) Miranderen ustez. Gogora bitez hemen euskaldunak beti demokratak izan omen diren ustearen orduko Txillardegiren kritikak10, edo baita haretxen «zintzoen» kritikak ere11. Testuinguru honetan sortzen da Miranderen indargintzaren predikazioa.

      Machiavelli eta Hobbesekin dagoen problema dago apika Nietzscherekin ere biolentziaren kontuan: predikatu, ala konstatatu bakarrik egin nahi izan dute? G. Collik deritzonez «piztia hilegorriaren, indargintza agresiboaren tesi famatuak, Jaunen moral orok hor hartzen du oina, zera esan nahi du: gizarte humanoa ikaragarrizko krimenetan dago fundatuta, eta hori beti horrelaxe izango da» 12. Beraz, Nietzschek ez luke predikatuko, egon zer dagoen esango baino... Horretaraz gero, bion arteko diferentzia, oso haundia ez da agian, predikazioari berdintzen zaion konstatazio modua egiten da eta. Hau da, Mirande baitan behintzat, eta niri halaxe iruditzen zait Nietzsche eta Spengler baitan ere, konstatazioa omen delakoa egitea (jatorrizko naturaren gogo basa) predikazio modu bat da.

      Ez dago beraz Miranderen filosofia hutsik; doktrina politikoa da une berean. Horregatixe ere diferentea izan daiteke gauzek, ideiek edo usteek, hartzen duten aldian aldiko zentzua eta balioa. Lukácsek azpimarratzen duenak betiko balio du nolanahi ere: «...no hay ninguna ideología ‘inocente’. No la hay en ningún sentido, pero sobre todo en relación con nuestro problema y muy en especial en lo que se refiere cabalmente al sentido filosófico: la actitud favorable o contraria a la razón decide, al mismo tiempo, en cuanto a la esencia de una filosofía como tal filosofía, en cuanto a la misión que está llamada a cumplir en el desarrollo social» 13.

 

 

1 MIRANDE, J., IH 58. Ik. ARESTI, G., Gabriel Arestiren literatur lanak, X, 1986, 207. «Gure artean faszista seguru bakar bat dago. Hori Jon Mirande. Eta bere egiaztasunagatik, bere prestutasunagatik miresten dut. Bai, hain poeta handia eta eskritore trebea delakotz (edo izan delakotz) miresten dut. Baina urte honetan, 1971. urte honetan, edozein bekatu batere lotsarik gabe aitor ahal daitekeenean (edozeinek erran ahal dezake «pederasta naiz» edo «lapurra naiz», eta ez da ezer gertatzen), baina faszismoaren bekatua guztiek ezkutatzen eta ukatzen dutenean, Mirande, faszista dela aitortzen duenean, mirestekoa da». Baina egia ote da, ordea, Mirandek inon bere burua benetan faxista aitortzen duenik? Ala gauzak («sinpleen» sinplekeriak alegia) apropos bezala oker ulertzen gabiltza hemen beti? Gu gaudena baino belaunaldi deskargatuago batek birplanteatzeko utziko dugu arazo hori, topiko hauenganako beste menpegabezia batekin iharduki.

2 ID.,,«Euskaldungoaren etsaiak», in: Anaitasuna 77/12/15, 25.

3 NIETZSCHE, F., KSA III, 628.

4 Ib., 628-629.

5 MIRANDE, J., IH 40-41.

6 NIETZSCHE, F., KSA V, 180.

7 KSA III, 631.

8 KSA V, 201-202.

9 Ib., 203. Unamunorentzat hari honetan bertan ik. DIAZ, E., Revisión de Unamuno. Análisis crítico de su pensamiento político, 1968, 135 ss («Implicaciones generales de su pensamiento político: liberalismo elitista e irracionalismo antiliberal»), 147 ss.(«Sentido político del irracionalismo unamuniano: sus conexiones objetivas con las ideologías antiprogresistas y antiliberales»).

10 TXILLARDEGI, Huntaz eta Hartaz, 1965, 73-74: «Demokrazi-senak ezagutarazten omen gaitu, euzko-ek diotenez», etab. «Gainera, noiztanik dira aberkide edo herrikide, faxista guziak, jansenista guziak, edo etsistentzialista guziak? Gogalde izatea eta aberkide izatea, ez dira gauza bera. Sorterriak egiten ditu aberkideak; ez ideolojiak. «Euskaldun fededun» esaera, illara hortakoxe [beste] ipui bat da». Garai hartako gerrak ziren, beraz, horiek.

11 Ib., 94-95. Seinalatu izan dudan bezala, gerra galdu, demokraziek abandonatu, eta Eusko Jaurlaritzaren lehenengo estrategiak porrot eginik, zuzentasunaren galderaren lekuan, efikaziaren galdera jeikitzen da tenore honetan, nolabait Miranderekin abiatu den krisialdiko linea batetik, ik. Hitzaurrea, in: MITXELENA, S., Idazlan Guztiak, II, 1984, XLIII ss.

12 COLLI, G., Nachwort, in: NIETZSCHE, F., KSA V, 418.

13 LUKACS, G., El Asalto a la razón, 1975,4-5.