Aurkibidea
1.12 Intuizio naturala adimenak itota
1.14 Ezagupide parapsikologikoak
1.21 Ohartxo bat arrazoizaleentzat
1.22 Hiltzea gaizki omen dago: nola dakigu?
2.12 Ezagutzailearen barrena edo Lehen Izatea
2.13 «Oro den Arima» — Lehen Izatea
2.14 Nitasun bakarra eta bakoitza
III.— MIRANDEREN BORROKA: ETIKA
3.13 Kristautasuna, paganismoa
3.22 Iragaitza: epistemologiatik ontologia eta politikara
IV.— MIRANDEREN BORROKA: POLITIKA
4.11 Mendebalearen dekadentzia
4.12 Euskal Herriaren dekadentzia
V.— KULTUR KRISIAREN FILOSOFIA: OHARRAK
5.11 Idealismo alemanaren birrinketa
5.12 Euskal kultura tradizionalaren krisia
Aurkibidea
1.12 Intuizio naturala adimenak itota
1.14 Ezagupide parapsikologikoak
1.21 Ohartxo bat arrazoizaleentzat
1.22 Hiltzea gaizki omen dago: nola dakigu?
2.12 Ezagutzailearen barrena edo Lehen Izatea
2.13 «Oro den Arima» — Lehen Izatea
2.14 Nitasun bakarra eta bakoitza
III.— MIRANDEREN BORROKA: ETIKA
3.13 Kristautasuna, paganismoa
3.22 Iragaitza: epistemologiatik ontologia eta politikara
IV.— MIRANDEREN BORROKA: POLITIKA
4.11 Mendebalearen dekadentzia
4.12 Euskal Herriaren dekadentzia
V.— KULTUR KRISIAREN FILOSOFIA: OHARRAK
5.11 Idealismo alemanaren birrinketa
5.12 Euskal kultura tradizionalaren krisia
2.11 Ezagutza sakonaren
baldinkizunak
Jadanik aipaturiko zenbait puntu gogoratuz hasiko dugu azalpen hau. Goian ikusitako iruzkinean poetak bere burua zeharo ahazten du, begien inpresioak xahutzeko. «Lo-antzeko egoera berezi» batean jartzen da, Adimena eta Oroimena bera sorgortzen zaizkio1. Gogora dezagun, baita, gaua dela eta poeta bere gelan bilduta dagoela, isiltasunean eta bakardadean2. Eta, azkenik, bere baitan, ez kanpoan, aurkitzen duela «egia haundia», egia hau berriz «egiazko Izatea» dela, letra haundiz3.
Ezagupide parapsikologikoaz aritu garenean ikusi dugu nola barneko begien ikustea aipatzen zen ezaguera berezi bezala, modu desberdinetako barne-begiz ikusteak gertatzen bait dira. Gizalekoreko izateak saioan, gizagaindikoak ikusi ahal izateko baldinkizunak aipatzen direnean, arrazoi hauxe ematen digu Mirandek: «barurak ere, soina eta soinarekiko berjakintza sorgortzen dituelarik, gizona transa antzeko egoera batean jar dezake (poetari ikusi diogun egoeran hortakoz), zenbait aldiz. Orduan, beste Jakintza gorago batez baliatuz, izadi eta gizadi gaindiko zerak “ikus” ditzake, barne-begiz»4. Beraz lo-antza bezala, gosea, barura, ezagutza sakonago baterako bide edo baldinkizun izan liteke.
Gorputzaren ahulaldiak, hortakoz, gizona «sentikorrago»5 bihurtzen duelako zalantza gabe, ezagutza sakona ekar dezake. Eta horregatixe, halaber, zalantza gabe, gaztetxoak errazago bihurtzen dira medium, larriak baino. «Esate baterako, harri-erauntsietan; gertari usu samar horien ikertzalea ohartzen da, kasik beti, hurbil dagoela neskatila edo mutil bat, berak uste gabean mediumean ari. Ezen gazteak gizaloratzen direnean, mediumtasuna baletorkieke zenbait aldiz»6. Gogora, orain, Haur Besoetakoa-n nola Theresa hamaika urteko neska txikiari jakintza gorago bat aitortzen zaion, heriotz ondorenean zer dagoenaz.
Ikusi dugu, orobat, nola Miranderen nobelako protagonistak ezagutza sakona alkoholaren bidez indartzen duen. Agian norbaitek usteko du nobelariaren baliapide soila dela, ez duela zerikusirik filosofiarekin. Baina bai, badu bere lekua Miranderen filosofian. Sorginak ere arte horietaz baliatzen ziren, esaten digu Mirandek, beren ezagutza ahalmenen boterea haunditzeko: «beharrezko den transa egoeran sorgina jartzeko, edari mozkorgarri bereziak iruntsiz eta irudimena astintzen duten ohikunak ospatuz» (akelarreak alegia)7. Eta berriro: «sorginek, beren nahi hutsez, edo erabiltzen zituzten droga eta gantzugailuen bidez, beren burua trance bezalatsuko izaera batean ezartzen zuten, eta orduan metagnomia, psikokinesia eta horrelako fenomenuak agertzen zituzten»8.
Erabakiorra, beti ere, bere buruaz ahaztea eta bere buruaren (zentzuen, adimenaren, nahimenaren) loturetatik askatzea eta izpirituari jare uztea da. Die dionynisische Weltanschauung saioan Nietzschek dioen gisa: «Indar bi dira batez ere, gizaki natural naiboa bere buruaz ahazteko eldarniora jasotzen dutenak, udaberriko odolberoa eta edari narkotikoa. Beren eragipenak Dionisoren irudian daude sinbolizatuta»9. Eta berak ematen digu eragin miresgarri honen arrazoia: «Egoera bietan porrokatuta geratzen da principium individuationis, subjektiboa desagertu egiten da, gainezka egiten duen Arrunt-Gizatiarraren, are Arrunt-Naturalaren azpian. Dionisoren jaialdiek, ez bakarrik ituna egiten dute gizonaren eta gizonaren artean, baina gizonaren eta naturaren artean abenikoa ere»10.
Bi ezagupide dagoen bezala, intuitiboa eta kontzeptu bitartezkoa, bi errealitate maila dago, eguneroko esperientziena eta dionisiakoa. Egoera normalean gizona eguneroko errealitatearen menpean dago. Egoera dionisiakoak ematen dio lotura eta mugapen horiek denak puskatzea, barnagoratzeko. «Egoera dionisiakoan, dirauen artean, arrobamenduak, ohizko existentziaren langa eta mugen lurreraketaz batera, elementu letargiko bat izaten du (poetaren lo-antza), iraganean bizituriko guztia bertan murgiltzen bait da. Horrela, errealitate egunerokoaren eta dionisiakoaren munduak bata bestetik ahazpenaren leize honen bitartez banatzen dira»11.
Mirandek Nietzsche bezala dakarkigu berriro hemen ere Nietzschek atzetik Schopenhauer. Utz ditzagun ezagutza sakonerako baldintza edo lagungarri gisa aipatzen dituenak (bainu hotza, etab; opioa eta, alderantziz, espreski baztertzen dira). Esan dugu ezagutza arrunta eta zientifikoa (funtsean natura berdinekoak) erlazioen araberakoa dela, intuitiboak aldiz Ideiak berak eta beren horretantxe atzematen dituela. «Ideia baten atzematea —jarraitzen dugu Schopenhauerekin—, gure kontzientzian hura sartzea, aldakuntza baten bidez gure baitan gertatzen da, auto-ukapen ekintza bat bezala ere kontsidera litekeena, ezagutza hain zuzen gure Nahi propiotik erabat aldentzen denez gero hemen»12.
Bere buruaren erabateko ahazte honek irekitzen du gauzen barrenaren intuizioa eta hori hobekienik lortzen duena jeinua da. «Goian deskribaturiko moduan bakarrik atzeman daitezke Ideiak, objektuan guztiz urtzen den kontenplazio garbiaren bitartez, eta jeinuaren esentzia horretantxe datza, kontenplazio hartarako gaitasun jeikian: honek norbere burua eta norbere erlazioak zeharo ahaztea eskatzen duenez gero, bada, jeinutasuna besterik ezer ez da objektitate bete-betegina baizik, h.d., izpirituaren norabide objektiboa, subjektiboari kontrajarria, hots, norbere bururantza doanari, norbere Nahirantza. Hortakoz jeinutasuna kontenplatiboki soil-soil iharduteko gaitasuna da, kontenplazio hutsean burua galtzekoa, eta ezagutza, jatorriz Nahiaren zerbitzurako dena, zerbitzu horretatik askatzekoa, h.d., bere interesa, bere Nahia, bere jomugak arras begien bistatik alderagitekoa, beraz aldi baterako bere nortasunaz osoki bestentzekoa, subjektu ezagutzaile huts-huts bezala geratzeko, mundu-begi garden: hori, ordea, ez lipar txiki batzuez, baina iraunkorki aski eta atzemandakoa gero arte gogoetatuz birregiteko behar den adina konortez»13.
Honez gero ulertuko da, noski, Mirandek zergatik sorginkerian «euskal endaren genioa» ikusten zuen nolabait eta haien obra bezala aitortzen duen «gure leinuak asmaturiko theologia zaharra». Ipuin eta mito horietan «gure herriaren arima» 14 ikasten dugu, «elezahar horietan bait dago Euskal Endaren egiazko folklorea», hitz hau zuzen ulertuz gero15.
Hau berau, honez gero ez gaitu harrituko, berdintsu aurkitzen bait da Nietzsche baitan. Alegia, mitoa «das zusammengezogene Weltbild» dela, herri baten edo kultura baten mundu-ikuskera laburbildua. «Kultura orok alabaina, mitoa falta badu, (jatorrizko) sortze indar (natural) sendoa galtzen du: mitoz inguratutako horizonteak bakarrik damaio herstura eta batasuna kultur mugimendu oso bati»16.
1 MIRANDE, J.,IH 372.
2 Ib., 371.
3 Ib., 373.
4 Ib., 271.
5 Ib., 338.
6 Ib., 337.
7 Ib., 342. Intuizioaren (alegia, zolitasun intuitiboaren) eta drogaren arazo zaharra hemen ere. Gure sorginek beren dohain naturgaindikoak azkartzeko «belarrak» hartzen omen/ote zituzten moduan, Pitonisa grekoak ere drogaren bat erabili izango omen zuen bere profezietarako, cfr. FARRINGTON, B., Ciencia y política en el mundo antiguo, 1980, 224 (ik. oin-ohar 36). Eritzi kontrarioa, aldiz, DODDS, E.R., Los griegos y lo irracional, 1981, 79. Seinalatu nahi genuena, Miranderen protagonista alkoholzalea izatearen esanahi positiboa zen, in HB, intuizioaren filosofia schopenhauer-nietzscheanoen testuinguruan.
8 Ib., 354. BAROJA, P., La leyenda de Jaun de Alzate, 1964, 101, «Sorguiñ-eche» aldearen deskribapenean: «Abundan también allí los hongos rojos y venenosos, la amanita phalloides de aspecto sucio, la amanita muscaria, el beleño y la belladona».
9 NIETZSCHE, F, KSA I, 554.
10 Ib., 555, ii 28-29. «Das principium individuationis wird in beiden Zustanden durchbrochen, das Subjektive verschwindet ganz vor der hervorbrechenden Gewalt des Generell-Menschlichen, ja des Allgemein-Natürlichen. Die Dionysos-Feste schliessen nicht nur den Bund zwischen Mensch und Mensch, sie versohnen auch Mensch und Natur».
11 Ib., 556.
12 SCHOPENHAUER, A., WZB IV, 435. «Zur Auffassung einer Idee, zum Eintritt derselben in unser Bewusstsein, kommt es nur mittelst einer Veränderung in uns, die man auch ais einen Akt der Selbstverleugnung betrachten könnte, sofern sie darin besteht, dass die Erkenntnis sich einmal vom eigenen Willen gànzlich abwendet».
13 WZB I, 240.
14 MIRANDE, J., IH 265.
15 Ib. 40 eta hur. «Euskal arimak» teologia edo mitologia horretan espresatu baditu bere esperientziak, teologia horren aztarnak oraindik ere soma daitezke euskal ariman: «Euskal gogoaren idioplasman aitzinako paganismuaren hondakinik asko edireiten ahal ditu edozein psykhologuk edo folklore-ikhertzailek», cfr. LARREA, J.M. (ed.), Miranderen lan kritikoak, 1985, 37. Bere barne barneenean euskalduna oraindik funtsean paganoa zela, pentsatzean, Mirandek beharbada bere desirari jarraitzen zion, edo Chaoren testuari agian, euskaldunetan zinez ageri zitzaionari baino gehiago.
16 NIETZSCHE, F., KSA I, 145. «Ohne Mythus aber geht jede Cultur ihrer gesunden schöpferischen Naturkraft verlustig: erst ein mit Mythen umstellter Horizont schliesst eine ganze Culturbewegung zur Einheit ab».