Bildumaren zerrendara itzuli


 

                leer la Biblia del revés

                envidiar a un panadero

                fumar

                dormir

                eructar en una gala benéfica

                hacer teatro

                no hacer teatro

                mirar al escote de las embarazadas

                llorar con una película horrible

                trabajar

                oír las sirenas y cerrar los ojos

                       Breve historia de los conquistadores

                       Oscar Manso

 

 

Begira iezadazue.

        Zirriborro baten antza dut.

        Marra zaharkituarena.

        Ohartzeke asetzen den egarriarena.

 

Zer naiz?

        Kolorerik gabeko marrazki bat

        haurtzaindegiko horma zikinean.

        Mundua ulertzearren pinturak jaten dituen

        lau urteko umea, bost urtekoa, sei urtekoa.

 

Usain nazazue.

        Txikia nintzelarik

        hamahiru urte betetzean

        jendea erotu egiten zela uste nuen.

        Hamar. Bederatzi. Zortzi. Zazpi. Sei.

        Jolas garaia atzera kontu bat zen.

        Bost. Lau. Hiru. Bi. Har.

 

Noraino luzatzen utz diezaioket atzazal bati?

 

Uki nazazue.

        Zartaturik nago,

        orbainak ditut zakil muturrean,

        zauri irekiak hortzetan,

        eta guztiarekin ere dutxan

        neure burua kantatzera derrigortzen dut

        pozik eta gaizki gehienetan.

        Asperdura da errendiziorik zailena.

 

Zenbat aldiz egin du txortan nire belarriak?

 

Tristezia homologatuaren kontra

borrokatzen naizela pentsatu nahi dut,

zentzurik gabeko galderak eginez,

bestela biziko ez nituzkeen biografiak asmatuz

paperean eta oholtza gainean.

 

Zer litzateke historia alfabetorik gabe?

 

Haurren isileko estrategia da sormena,

sano jarraitzeko hamahiru urteak bete ostean.

Gezurra da nire gorputza eta samina

presondegitik ihes egin duen

gaizkile eder bat.

 

Nola da posible munduan

hainbeste aurpegi ezberdin egotea?

 

Txikitan karrikan jolasten ginelarik

polizia izan nahi genuen,

telebistan haiek zirelako onak.

Orain onak dira amesgaiztoa,

hotzikararik demokratikoena.

 

Hiru. Bat. Hamaika. Ehun... Hamahiru.

 

Existitzen al dira demokrazia demokratikoak?

 

Baina haurrek ezin dute manifesturik idatzi,

ez protestarik antolatu,

ez isolamendua barkamenarekin mendekatu.

Babesgabeak dira,

apatikoek behin eta berriz bortxatutako ametsen jabeak,

adin txikikoak esaten zaien arren

adin txikitukoak askotan.

Alkoholaren, tabakoaren eta gezurraren

hatsa dute helduon muxuek.

 

Zergatik aldatzen da zerua?

 

Erotu naiz.

Aukeratu dezadan behintzat

zer nolako eroa izan nahi dudan.

 

Zortzi. Berrehun. Mila. Milioia. Infinitu!

Eta hamahiru.

 

Nork erabakitzen du zer den gehiengo bat?

 

Dasta nazazue.

        Lur honetan jolasten naiz,

        jada ez dut polizia izan nahi.

        Lur honetan eraikitzen ditut

        nire panpinentzako etxeak, txabolak,

        futbol zelaiak, abenturak.

 

Mapetan apopilo,

uneetan maizter,

bizitzak irudikatzeko

askatasuna imajinatu behar da lehenik.

 

Ozen galdetzen diet

(publikoki, hau da, ilegalizatua izateko arriskuarekin)

mandatari ofizial eta ez ofizialei:

 

Nora doaz dutxan galdutako ileak?

 

Mugi nazazue.

        Zer naiz?

        Argazki baten antza dut.

 

Haurren galderak erantzutea

literatura egitea ote da?

 

Edan zarata zakarraren kamioiak esnatzean,

arnastu neguko geruzen lerdea ortzadarra biluztean,

zapaldu adiskide minen ilargi burusoilak.

 

JARRI PERTSONA IZENA LORE BATI.

 

Aldarrikatu matematika ezinezkoak

mundua ulertzeari uzteko,

jolastu justizia posiblea den minutuetan

denborak haurrak ustel ez ditzan.

 

ZABALDU ZULOAK URAREN AZPIAN.

 

Txikia naiz egunean behin

edo bitan, eta ez da posible;

eta hala ere atzoko erantzunek

biharko galderak lotzen dituzte.

 

PIZTU BI IRRATI BATERA ETA ENTZUN.

 

Belarra hazi zait

bularrean, sorbaldetan, hankartean.

Titiburuak sukartzen zaizkidanean

eztanda egiten du jostailu batek.

 

GAIZKI ULERTU EDER BAT DA MAITASUNA.

 

Udazkeneko zeruen distira basatia nahi dut

inoiz pintatuko ez ditudan koadroak gogoratzeko.

 

Non arraio birziklatzen dira ideologiak?

(papera-plastikoa-beira, kontainer erreak)

 

Biluz nazazue.

        Ezten baten antza dut.

        Haurra izan nahi dut,

        eta banaiz eta ez naiz.

 

Zergatik ez ditugu kalean usoen kumeak ikusten?

 

Harrapa nazazue.

 

Eta lau eta bost eta hamahiru eta abar.

 

Arnas nazazue basoen gerizpean.

        Zuhaitzek memoria eusten dute,

        baina inor ez da gai

        haien oroitzapenak zenbatzeko.

 

Zenbat hosto hazten zaizkio pago bati?

 

Orbela ez zait besoetan sartzen krosk,

ibilian zapaltzen dut iragana krask.

 

Laztan nazazue.

        Ile baten antza dut.

        Zer naiz?

 

Begira iezadazue.

 

Nola ikusten da mundua betaurrekorik gabe?

 

Belarra hazi zait bularrean.

Plastilinazko lorategi batean bizi naiz.

Simaur usaina dago berton

baina gaurko zerua ikusten da.

 

Haurren galderei erantzutea

iraultza egiteko modu bat ote da?

 

 

 

© Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus