Bildumaren zerrendara itzuli


 

ETA KITO

 

mundua zeharkatuko duzu

ostatuz ostatu

gelatik atera gabe

argazki bat egingo diozu leihotik

une horretako bizitza zatiari

bilduma osatuko duzu

hilzorian denari erakusteko

 

oroimenean zabaltzen zaizkizu arrakalak

munduko ostatuetako

ur zikinarekin bete orduko

 

mundua zeharkatuko duzu

ostatuz ostatu

gelatik atera gabe

herrialde ezezagun batera iritsi eta

taxi edo autobus edo metroko leihotik

begiratu gabe egingo duzu

oherako bidea

 

gorazde

berlin

lhasa

montreal

oussouye

eta quito

 

itzuliko zara minbiziaren berri

ez duten kale gaixotuetara

ikusezina izango zara

zure iragana oroitzen dutenen leihoetan

pilula lasaigarri kadukatuak bilduko dituzu patriketan

eta denborari irentsaraziko dizkiozu

egunerokoa idatzi ostean

pertsona maitatuen berri eman ezinik

 

mundua zeharkatuko duzu

ostatuz ostatu

gelatik atera gabe

argazki bat egingo diozu leihotik

une horretako bizitza zatiari

 

atzera kontua ezarriko diezu zure hezurrei

une jakin batean eztanda egin dezaten

 

 

© Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus