HELDU OSTEAN
bizitza mingarria delako da denbora gorria
ezusteak errepide baten luzera duelako
diote matxinsaltoek grebarako garaia dela
jolas aroak adina zamatzen du
jausi da zuri-beltzezko telebista mendi zokora
egunsentia koloreetan korapilatuz
oroitzapen isilduen hatsa tiritekin sendatzean
zabaltzen dira bekainak
parentesi maiteminduen ohean
urteak pasa ahala
errazago lerratzen dira malkoak zimurretatik
horregatik etsi dio euriak
aurpegiak maitasunez estaltzeari
etsipena ezabatzea bezalako lehia xumeak ahaztuak dira
hogeita hamabost orduko lan astea duten zaurietan
sudurretik jaiotzen dira lur sagarrak
eta goseak eta aterkiak
erotu zaigu adina
azpititulua eskatu dute argazkiek
alaitasuna digitala eta tristezia demokratikoa dela
dio ezer ez jakiteaz asko dakien batek
heldu ostean haur izan nahi nuke
baina ez atzoko hura ez bazterrekoa
ipuinen esanahia misterio bat zeneko ahur ura
© Oier Guillan