AURPEGIAK
Aurpegi ebatzi batek bonbardatu du iragana.
Zarratu behar dira leihoak,
prezintatu hormak,
usteltzeraino hustu hiztegiak;
eztandarazi inprimategiak
behinolako zubien moduan,
garapenaren trenak zapal ditzan oin hotsak.
Aurpegiak estali ditu zarataz betetako isiltasunak.
Eskuburdina hotzen tintarekin
albiste bat marraztu dute
mintzo denaren eskuan.
Aurpegi zedarritu batek zartatu du oraina.
Ehortzi behar dira gutunak,
irakatsi itsutasuna,
lurperatu besarkadak;
ez daitezela izan
maitasunera lotzen zaituzten kateak.
Ezabatu aurpegiak seme-alaben marrazkietatik.
Erauzi denak oroimenetik.
Ekarri argazkietara
kaskoen berdintasun demokratikoa.
Baztertu kokotsa, masaila, pertsona.
Erosi Justiziaren malkoak
saminaren odolarekin.
Eta bakea ostentzean zenbatu berriz aurpegiak.
Aurpegiek ez diote, baina badira.
© Oier Guillan