Bildumaren zerrendara itzuli


 

DESAGERTUEN AMAK

 

heriotza ikusi duten zuen begien aurrean paratzen dut

nire gaztetasun zauritua

 

besarkada kutsatu batekin aitortuko dizuet kea

utopia eta mundua bezalako gezurrekin batera

 

irribarre zintzoak ehunduko ditut hala ere

ehunka irribarre

 

zakila ebakirik sabela irekirik galdu duzuen semearen edo

alabaren adin bera izan nezake neguko gau honetan

 

beldurtzeko gaitasun bera

kontakizun maitekorren sutondoan

 

eta ez naiz baina banaiz

zuen ahotsa entzuteko nor

 

ametsen aitzakian sor litekeen krudeltasuna zor

zama dut asun labana galeren oihartzun

 

nire bihotzari erreparatu diot eta bai taupada bat izoztu ere

zuen seme-alaben oroimenez hilik nago istant batez

 

eta ez naiz eta ez dut izan nahi ere

mendeen ile jasoa zuritzen duen segundoaren neurria

 

banoa zuen oroimena neurearekin kolpatuz

izenak mutu dituzten hobietako zenbakiak bortizki hautatuz

 

banoa nire eguneroko borroka ezin ezdeusagoetara

bizirik egoteko konpromiso sendoarekin

 

 

 

© Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus