BALANTZAKA
Beldurrez
so egingo dio
ortzadarrari
ordutegien babesean
Besoekin
estutuko du
gorputzen dardara
loaren arnasan abiatzean
Kantu
isil bat bezain
arrotz sentituko du ahotsa
izen baten bazterrean marrazterakoan
Igeri egingo du
malko baten oroimenean
azalaren pizgarriak bereiziz
lanean erabilitako arropa izerdituetatik
Tabakoaren
usaina uxatzeko
zabalduko ditu leihoak
Gauari
galdetuko dio
zertan den gaur mundua
Erlojuak
zorabiatzen du
Irudimenak
kamamilazko izua dakar
Kaleari
erreparatu dio
Iluntzean
ez dago auzoan aparkatzerik
Udazken
hasi berriak
lehenago ostentzen ditu behakoak
Eta berak
afalostean
ilea laztantzen dio
ihintzaren nekeari
eguna luzatzeko
© Oier Guillan