KALTE KOLATERALAK
Etxe hartan retrobisoreen antza zuten labanek,
atzetik gerturatzen zen hori
ez zetorren inoiz bizkarra emanda,
aurpegia eman behar zitzaion beldurrari
begietara so egiteko adina adore izanez gero.
Umea baino unea zen bera,
istant batean ezkutatu eta
hantxe bizi zelako,
haragizkoak ez ziren munduetan.
Inora ez zihoan bidaia
maleta baten barruan gorderik zegoen
amaren ohe azpian,
etxeko itzalak zenbatu gabe
irakurri nahi lituzkeen liburuez betea.
Denbora astiroago doa
argiak azalari ihes egiten dionean.
Une bat zen bera:
askatasun tanta bat bizitzarik itsasoenean,
izarrak zenbatzeko estrategia,
itxarongelarik gabeko esperantza,
gizonkeriak kateaturik haziko den gizona.
Etxe hartan eguneroko ogia ideologia bat zen,
besteekin hitz egitea bizitzeko modu bat,
elkartasuna kaleko jendearen oporretatik at
zabaltzen zen konstelazio arrotza.
Etxe hartan maitasunaren zorroztasunarekin
ebakitzen zitzaion lepoa gorrotoari,
odolaren abizenak lekuz aldatzeraino.
Une bat zen bera:
bisaia makillajez apaindu ordez
egurra sutara kondenatu gura zuen txinparta.
© Oier Guillan