LORONTZIAK ETA HAIZEA
Lorontzietan landatzen ditut sabelak
gosez ditudalako gabeziak.
Balkoian kolore irekien uholdea
aldarrikatzen du geroak,
egun hautsi batek nola.
Buru baten tamainako ontzietan jaioko zaizkit
kondoi erabiliak,
arma herdoilduak,
mendeku ekologikoak,
body milk poteak,
begi zuloak nabarmentzeko pintura beltzak,
askatasuna akabatu duten definizioak,
aurreiritzi elbarriak,
inora ez doazen bideak,
aurpegi batera datozenak.
like a bird on the wire
like a drunk in a midnight choir
I have tried in my way to be free...
Loreei musika jartzen zaie haz daitezen,
espaloietako geometriara jausten da euria,
bizilagunei hots egiten diet: Birika!!!
eta ez dute ezer ulertzen,
oihu egitean datzalako gakoa.
Haziko zaizkit
borrokarako estrategiak,
udako kanta mutuak,
ileorde urdinak,
izerdi ezkutuak,
ortzimuga errariak,
gorbatadun burusoilen gainean
pixa egiteko gogoa.
Bizitza amu bat da
Birika!!!
eta ez dago haize egunetan
lorontzien eztanda geldi dezakeen aterkirik.
© Oier Guillan