Bildumaren zerrendara itzuli


 

ZATOZ

 

Nekatuta zaudenean

gorroto duzu mundua

pisutsua zaizu

eta mundu horren parte suertatzen naiz

ni ere ezinbestean

 

Nekatuta zaudenean

masailak gorritzen zaizkizu

eta ez dira iraultza gosez

Nekatuta zaudenean

ez dago zure begiak esaldi baten parean

itxiko ez dituen istoriorik

 

Nekatuta zaudenean

zure besoetan desagertzen naiz

bekainek ez dute atsedenik hartzen

nagituta esnatzen zara nire besoetan

 

Asko dago egiteko

ideien bizitza gaizki doa

eta zu lanean nekatu egiten zara

 

Nekatuta zaudenean

egunak motzagoak dira

zure hatzak koloreen bila luzatzen direlako

nirea ez den zeruaren azalean

 

Etxera iritsi eta nekatuta zaudelako

esan nahi nizuke zerbait goxoa belarrira

zurekin nagoela eta

eskua bizkarrean pausatuz

zure iritziekin bat egiten dudala aitortu

sutsu hitzetan gorputzean

 

Nekatuta zaudenean

oihu egin nahiko nizuke kontuz

nekatuko zara nekatuta egoteaz

 

Edo nekatuko naiz ni

nork daki

nekearen nekez

begiak ixten dituzunean

ikusezin bilakatzen bainauzu

 

Baina gaur ez da bihar

Zatoz

Negar egingo dugu elkarrekin

Atseden emango diogu nekeari

 

 

 

© Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus