Bildumaren zerrendara itzuli


 

IHES EGINGO DUZU

 

Esango dizut noiz

hasten den ubelduren katea:

haur garaia zaizu erbeste gozoena,

lau hormen arteko airearen berri izan arren

zabalagoa delako irudimenaren neurria.

 

Zortzi urterekin zure mundutik

ihes egin beharrean zaude,

zure jostailu preziatuenak plastikozko

poltsa batean sartzeko esan dizute

eta gaua leihoaz bestaldean hazten dela

ulertu duzu bat-batean.

Une horretan hasiko zara

ahaztu nahi duzun hura guztia oroitzen.

 

Esku txikiak ikus ditzakezu oraindik

zure esku handi zartatuen barruan,

ez dakizu ziur zu zeu hazi zaren edo

joanaren pisuak txikitu ote dituen helduak.

Bada une bat zeinean

ihes egingo duzun loturetatik,

ihes egingo duzun denboran atzera,

ihes egingo duzun utzi zenuen lekutik

utzi zenuen lekura.

 

 

 

© Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus