Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-07-X
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

Ekainak 21

trein maltzurrek sardeskatzen ziguten gorputza

eta udako arrats beroetan

itsas amniotikoen uren zain zinaudela

haragi puska kiskailduen garrasiak

haize epeletan zalapartatzen

entzuten zenituen.

 

ahurreko destinuaren burdin bide meharretan

odola ttanttaka ixuri zitzaizun

eta udako arrats beroetan

hil zeinuek iratzartu zituzten mortuak

borroka luze bezain gogorraren

azken auhenak eskainiz.

 

geroztik sabel borobiletan pausatzen dituzu

ezpain xifrituak, trein garaileen

madarikazioak mentalki zerrendatuz

eta udako arrats beroetan

begirada samur batetaz oroitzen zara

erranahirik ez duen gauean.

 

lotsarik gabe ihardungo zutenen artean zinauden

hitzeman gero hobeagoaren

menturan, baina orain diozu nekez erditzen

direla askatasun hodeiak zeruan

eta udako arrats beroetan

betiko galtzaleen zama ikasten duzu.

 

ba ote dakizu zergatik airatzen diren ikarak

nola hiltzen auzoko jendeak

non bizitzen ehortzi gogo gaituztenak

noiz abiatzen gure asmo ederrak

zintzilikatu behar dituzten treinak

eta udako arrats beroetan,

 

w1987