% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Bide handiak zailtasun izpirik ez du,
baina ez da hautatu behar. Amodio eta gorrototik
aska zaitez, orduan agertuko baitzaizu bidea
bere argitasun betean.

 

Luzaz berant oheratu naiz, haspiturak kateztatu Marcel gaixo hura ez bezala. Hara, ene gaurko ipuina, literatura tradizio finko, ohoretsu eta unibertsalean kokatzen dudala, perpaus soil baten bidez. Beraz, luzaz berant oheratu naiz diot, ez axolakeriaz hainbatetan, bilkuraz bilkura gauak pasaturik, batez ere ezezko ihardespenen ahoskatzen ez dakidalako. Ene inguruan zenbait izugarri abilak dira: Bai erantzun dezakete ozenki, eta Ez egin. Gutxiagotan ordea alderantziz, nahiz eta gure artean faltsu anitz baden, txoria eho eta eskua gordeka ari dena. Ez dut nehoiz trebezia hori ukan, beti hein bat gogoz kontra zorri-zaku itxurako elkarte eta ekintzetan leporaino sartu naizelako, urak daroatzan haritz erraldoietarik haizeak hautsi eta erori abartxoen antzera.

        Ez dezaket hargatik erran, gaueko ibilaldi-ihesaldi horiek gozoak ez zirenik: tentsio handiko uneak bizitzen genituen, eta, ardura, aparkaleku abandonatu, anonimo eta zurpail argituetan trukatu hitz ahulek gure izpirituak garbitzen zituzten, itsas aldetik mehatxuz zetozen eurien gisa. Funtsean, batzarretara heltzeko ilunpe haietan usu euri zaparradak pairatzen genituen bide etengabearen haraindian. Loa kausi ezinez, geure buruari maiz eskatzen genion: nola iraun horrela? Suizidio iragarria, planifikatua, homeopatikoa eta patetikoa zen. Eta aho zokoan josirik zebilkigun gasna klikatuaren gustu minberan aurkitzen genukeen ihardespen existentzialaren zati bat.

        Oheratu baino lehen, eri artean bihikatu etxe-gasna xerra fin baten irenstea, ogi poxi batez lagundurik, ohitura sakratua bilakatua zitzaidan. Goizeko edozein tenoretan. Non-nahitik itzultzean. Eta aldi oroz egiaztatzen zen gasnaren mirakulua, bilkuran zehar irudiz lasai ihardukitzearen saria bide zen, kristauentzat, herstura eta dolore frankoren lehia zerua zen manera sinple eta errebesean. Itxaropen bat. Muga hel eta gaindi ezina. Lehia saindua. Pentsatzean berean, berregituratze ideologikoak aktibaraziz bihotza uxkail zezakeena. Sariarena alderantziz ere irakurtzen ahal zen bistan dena: astoa aitzinarazten zuen zaldalea izan zitekeen. Kontsolatzen nintzen, neurri batean, bi zangotakoak salbu, astoak abere maitagarriak zirela sinetsiz.

        Gasnaren jabetasun psikologikoak bazuen oinarri sozio-kultural indartsua. Urre zuria trumilka ekoizten zen Euskal Herrian. Ikusten ziren, autoko faroen menpean, gaueko horma haboroxienetan, gasna sal-markak %100 BASQUE moldatzen gintuela deiadarkatzen zuten afixak. Beste gasnategi handiak espazio publizitarioak erosten zituen, Basque de Caractère omen zen gasnaren goraipatzeko, mesfidanta, biolentoa eta naturak goastatu produktua zela alegia, euskaldunak garen bezala. Azken hilabeteetan ohartu nintzen harriturik bazela ardi gasna mota bat Qui Parle Basque, molekuletan benetako taraka-taraka mintzaira hegaldaraziz. Nola deklinatzen zen gasna izugarri horren nortasun agiria? Europako sanotasun neurriei egokitzen zena? Frantziako konstituzioaren bigarren artikuluaz zer erran? Zirudienez, euskaraduntasuna ukatzen zitzaigun garaiotan, merkatuaren sigi-saga zirristatsuen artetik gasnak zekarren gure izatearen hondar zigilu zilegia.

        Horixe ohorea! Sakoneko egoera baten erakusle propioa! Normalean, irakurle, zuhaurk frogatu ahal izan duzunez, basque hitzaren ahoskatzeak bi ondorio baditu: lehena, irriño trufaria, gorakoia, lurra larruari sobera lotua daukanaren ahalkearen ikurra; bigarrena aldiz haserre gorria, minoritate —beti kanpotik etorria!— ekile baten bekaizkeria, izpiritu hertsikeria, burugabekeria, bortizkeria, atzerakoikeria etengabe salatzearren. Bi jarrera horien erdian, planeta honetako kideen gisa "jendeki" bizitzerik ez geneukala argi zegoen, edozein ordutan estereotipo finkoei moldatzea eskatzen zitzaigulako: artzain moduko basa ona edo goi mailako terrorista trebea. Korronte nahasiek ahazmen osoaren eta gaztigurik karioenaren arteko uretan itoarazten gintuzten. Gasna ote zen gure salbatze eremu bakarra jadanik?

        Dioten "euskal gatazkaren" muina bihurtua zen gasna, eta partikulazki ardi gasnaren inguruan eramaten ziren eztabaidak, borrokak eta aterabideak. Esnearen prezioaren apaltzea, haragiaren kutsadura, erremedioen gastuak, hobekuntza genetiko sailak, euskararen galtzea baino zarata handiagoarekin, deitoratzeko manifestaldiak antolatzen ziren, letxeria okupazioak, gehienek irratien bidez hurbiletik segitzen genituenak. Tokian tokiko arrazen —ederrak baina agorrak...— eta animaleko errapeak zituzten nonbaitetik ekarri azienden aldekoak eta aurkakoak ere, lakonikoki, aharratzen ziren Herriko Plazetan, erreboteak odolez ttakatzeraino, mahaietan patxaran botilen hutsak baizik ez zituelarik kalapitariak bereizten, eta mozkorrak hondarrak baketzen. Errateko zuhurki, euskalduntasunarenaz aparte, gasnak biltzen zituela bere mami zuriaren leunean, hemen gaindiko arazo politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta psikologikoak batera.

        Ez zuen jagoitik balio teoria politikoak itsumandoka orraztatzeak: gasnarik gabe genbiltzan egun eta gauetan, euskaldunak galduak ginen purki. Doloreak jasaten ikasiak ginen, panpox izateko bezala euskaldun jarduteko isilik sufritu behar baitzen baiki, frustrazioengatik irauten, hurbilduko zitzaigun askatasun goiztiria arte esperatzen, baina ezin genuen bazkari edo auhari bat buka gasna ments. Tragedia honek ez zuen bururik ez buztanik. Bizkitartean, otorduan bospasei gasna xerra mehe, hain mehar non zirudien alde bat bakarrik ez zutela, uste zenuen aste batentzat aserik zinela, libertate mikatzaren aitzin-gela gelberetan sartua, hots! Mana sakratua haginetan errauts: gasnak bere gutxitasunean, sosegatzen eta soleitzen zintuen, bekatuaren ildoetan barna suntsitzera utzi gabe.

        Pontault Combault eskualdeko ogi zelai usaintsuetan Guermantesko kondesaren atzetik, tarrapataka ibiltzen zen Marcel gaixoaren antzera hasi dut nostalgiaz eta bakardade gastronomikoz hantu ipuin hau, Sarako elizako prediku aulkian, jende beldurtu eta plegatuen aurrean oihuka, bekatuari erdeinu eta uxaka bere denbora pasatzen zuen Axular itzalbakoaren moldean finitzeko. Gasnak idazkera manatzen dit, aldizka, herritar eta mundutar. Gasna, naka-naka irenstean, edozein sukalde ilunetan, lur azaleko nomada guztiekin, ahataraka haurridetzen naiz. Ene debalde izaerak munduko debalde guztiak juntatzen dituenean, inutiltasunaren unibertsaltasunaren ateak jotzen ditut. Eta horrek merezi du Axular eta Prousten hizpideen ezkontzea, ez?