Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

—1—

 

La Voz de la Ribera egunkaria nolanahi tolesturik, kirol berriak zitzaizkion gehien bat gustatzen, egiaren errateko, eta mahaitik altxatzean, maleta beltza esku-ahurrean tinkatu zuen. Bihotzean halako zimiko bat nabaritu zuen, antsiaren gisako ausikia, amodioak eta maletak zeramaten misterioak eraginik. Bazen abantxu urtea Anaz amorostu zela Iruñeko San Ferminetan, eta bi egun doi Bardeetan zebilelarik maleta kausitu zuela; gainera intsumiso deklaratu zenez geroztik haiduru zegoen presondegira eramateko Polizia bila noiz jinen zitzaion. Egoera nahasiegia zen gizon gaztearen gogoaren lasai atxikitzeko.

        Erriberako zeru mugagabea gorrailtzen zuen eguzki-sartzearen mirestea laket zitzaion hala ere. Barneko durduzadurak ahanzten zituen orduan. Han, itsasalde urrunean, ilunabar erromantikoagoak imagina zitzakeela bistakoa zen: hondar fina, uhinen fereka oinetan eta urak presaka desegiten zituen ametsak. Gau zohardietan ilargia eta eguzkia biltzen ziren lurrekoa zen dudarik gabe. Apiril hastapen hartan Tuteran haizea mehetzen ari zen, egunaldiko bero ziztakorraren labankadak jabalduz. Uritzek unea berezia zela pentsatzen zuen. Laster, diamantearen zorroztasuneko gaua zatekeen eta mutiko zaintsua bere egitekoetara bermatzen saiatuko zen.

        Hitzordua Tafallan zeukan hamaikak eta erditan, hango intsumiso lagun batekin. Bederatziak hurbil ziren jadanik eta tarrapataka egongela zeharkatu zuen. Ihardesgailua martxan jarri eta banpez etxeko atea hertsiz, karrikan aurkitu zen Uritz, autoaren ondoan. Kanpoko epeltasun samurrak kateastatu zuen mutikoa, antsia biderkatuz. Behakoak bazter guzietara botaz volvo zurian aterbetu zen, maleta, aitzineko ttottoan erreposki pausatuz. Lehen giltza-tornuan berean piztu zen Uritzen kotxea.

        Autoan sartzean, beti bezala pentsamendua haiatua sentitzen zuen gazteak, batez ere irrati-zintan zebilen Mikel Laboaren K7a entzuten hasten zenean. Itsasaldeko kantariaren ahotsak Herriaren xoko minartuak eztiz gozatzen zituela eta, bideak, delako oinarrizko pentsatzeko ahala bizirik zatxikala zirudion. Halatan, hiriko plazara heltzearekin, burrasoak ez zirela Uritzek hautatu intsumisioaren xedearekin oso ados oroitu zen. Esplikatzeko hitzak ugari izan ziren eta ez beti alegerazkoak. Debadio luzearen ondotik, ikusirik semea tematzen zitzaiola, amak erran zion:

        — Egin ezazu sinesten duzunaren arabera!

        Egiaz, zenbaitetan kartzelaren ideiak Uritz beldurtzen zuen: zelda murritzak, espazio eskasak, libertatearen bahiketa bekaitza; hots, kartzela. Baina orain, Euskal Herriko intsumiso ororen untzi berdinean lerratzen zen eta debaldezkoak ziren damuak.

        Gogoeta frango zebilzkion kasko-zokoan dantzan, irrati-zintan ozenduak ziren Mikel Laboaren kitarra joko magikoak begiak zerualdera altxarazi zizkiolarik: Tutera Komarkako lur biluzi erreak, abeslariak goraipatzen zuen Baztan berdearen egarriz susmatu zituen:

                ez nago ziur baña

                egunsentiarekin izango zen

                Baztango bazterrak nire logelan

                hasi ziren sartzen eta sartzen

                lekurik ezak nonbait

                esnatu ninduen...

        Ekialdeko mantra lanzinate aluzinatu baten gisa deiadarkatu «Baztan baitan Baztan izan nintzeeeen!» hitzek ur desiraz kilikatu zioten barnea, eta mentalki arras deboilatu baino lehen, ardura karrikan gidatzeari uztartu zion.

        Betetzekoak zerrendatu zituen, hiriko garraioen ibilbidea noiztenka ebakitzen zuten suetan geldirik zegoen bitartean: Tafallan Jon zelakoari maleta 'entregatuko' zion, gero Iruñera abiatuko zen Anerekin gauaren higatzera eta, biharamunean, arratsaldeko seietan Tuteran beharra zen zazpi ikasle bihurriei Erriberako AEKren kondu, berak ikasi zuen eran, hitzak hautsiz, traukatuz, purruskatuz, puskatuz eta hondarrean bostehun urte hauetako Erriberako elesail elkortua isiltasunaren lorez apaintzeko.

        Noski lan gaitza zen, baina deretxoko ixtudioek denbora librea uzten zioten AEKan irakasle izateko, Bardeetan paseatzen ez zenean behintzat. Ordutegi zehatza zeukan Uritzek, eta zenbaitetan bere autokritika egiterakoan iduritzen zitzaion haitxalili edo pinpilin-pausa baten maneran alor batetik bestera ibiltzen zela, funtsik gabe.

        Erromatarren Zubia trabeskatuz Tuteratik jalgitzea maite zuen. Hebrongo exiliobidetik Jerusalemeren kitatzea bezala zen: hiria, atzikusgailuan nagi, sapatsu, lizun eta xume hedatzen amiratu zuen. Tenore auher honetan Idir eta Bachir lagun iparrafrikarrak zeuzkan buruan: bi aste zuela arrestatuak izan ziren, paper eta eskubide bagerik esparrago eta alkatxofa zelaietan lanean zirelako akusaziopean. Egun parrasta bat pasatu zituzten komisaldegian eta, menturaz atzerritarren legea aplikatuz, botere zentralek kanporatu zituzketen. Haien berririk ez zuen aspaldian. Miseriaz miseria lerratzen zen mundua, eta Erromatarren Zubitik zerua sekula baino ubelagoa nabaritu zuen, zeru partekatua baina ez usu zoriontsua.

        Zaldunen Ejeako juntara heldu zelarik, burdinan moldatu zezen erraldoiaren parera, Europara errekonkista katoliko-kapitalista garaiak, juduen zein arabeenganako erdiaro hondarreko izu larriko denborak itzuliak zirela komentatu zuen. Ordea, gaurko integrismo nazionalen borrokan ez zuen Nafarroak 'katerik' irabaziko, ez baitzen gehiago errege gosetu erorik Nafarroako errege-aulkian, gerlari eta armada mota guziei uko zegioten gazteak baino. Mikel Laboak «Zaude lasai» errepikatzen zuen bizkitartean autoko irrati-zintan.

        Ahotsaren indar soilaz egoera ez zen aldatzen ahal, eta Uritz oroitu zen ostatuko egutera batean behin adituaz:

        — Arabeen ondotik emazteak dira lur honetako kalamitateak!

        Ez zekien zuzen non zegoen hori entzun zuelarik, baina odola burbuilaka hasi zitzaiola bai, eta gizon espantosekin aharratzeko enbeiak plegatu zuela: gaztigu gabeko erramerran arrazistak airatzen ziren arras naturalki prentsan, telebistako komiko estatalen ahoetarik, lan edo ikaskideen ezpainetarik eta guti aski zen orokorki Mouloud edo Malika bat atzemanik haren zanpatzeko edo ibaira aurdikitzeko tentazionetik ez urruntzeko. Justifikazioa, geriza modukoa, kolektiboa zatekeen.

        Argedasko bide puska linealean zebilen orain Uritz, 180 kilometro oreneko markatzen ziola autoko abiadura orratzak. Ibilgailua prestua zuen, eta orozbat laster gidatzea laket zitzaion, partikulazki Argedasko zati leunaren segurtasunaren babesean. Plazerra gainditzen sentitzen zuen eta behialako ideia jorra zezakeen bukaeraraino: mendea ez zen erraza, baina noiz izan zen aisa bizitzea, irautea, oldartzea baztertuentzat? Halatan, ertaroan nola eta progrearen ondoriozko kalteak multiplikaturik, sozietateko parte ahulenek zuten eraikin industrial-militarraren bekaizkeria jasaten: kanpotarrek, emazteek, gazteek, haurrek eta desertu kulturaletan bakardadean, eske eta mutu ziharduten indigenek. Ezintasunak hazten zuen pobrezia zen aberastasunik barreiatuena.

        Eki biribil gorria ilunago zen Korella aldetik.

        Bapatean, Aneren aurpegi eztiak pentsamendua ebaki zion. Ane... Ane... Bazekien aurtengo San Ferminak ez zituztela iaz bezala elkarrekin jastatuko. Festaren oihartzunak kartzelako leihotik etorriko zitzaizkion eta, musu-balaken hurbiltasuna debekaturik, Ane barroteen artetik baizik ez zukeen hizketatzen ahalko. Anartean gozo zitzaion neskaren sahetsean luzadan etzaten zela eta mihiaz haren bularrak laztantzen zituela itxuratzea. Amodio unea asmatzean, zangartean zakila malgortzen sentitu zuen eta, hasperen batez, oinaz autoaren abiadura berrehunetara helarazi zuen.

        Maitatzea eta maitatua izatea eder zen, epe laburrerako izan arren, emaztearen ondoan iratzarri eta laster, desiraz hatsanga, eskuaz baztertu ile kixkurretan barna begitartea haren aluaren heze gazian kokatzea. Neskak gero zakila milikatzen zion. Eta husturik jaikitzen ziren. Aharrausika. Hurrengo hitzorduaren haiduru. Ostatuetan zebiltzanean, larrua jotzeko tiria bortitzegia zen: probokazione ttikiz osatua zen Ane lizunegiaren etxeko ohe lauzean bukatzen zen haien bidea.

        Bihurgune antzeko bizkar batean, Argedas ortzaiz damutuan pindarka agertzen zelarik, abiadura moteldu zuen Uritzek. Baltierra eta Kaparroso bitarteko leku desolaturen batean gelditu beharko...

        Izpirituaren haiatzeko «Bardenas Reales de Navarra» zeraman bide-seinalea irakurri zuen, eta handik piripita herdoilduaren aldamenean, aspalditik ezagutzen zuen Migelin artzainaren forma traketsa itzalez itzal zila zezakeen. Burua makurtuz agurra luzatu zion: adiskide gisa hartzen zuen gizona. Agurrari ihardesteko Migelinek eskua inarrosi zuen. Uritz, mende desberdin batean sortu izan balitz, menturaz artzain zatekeen, hala gustatuko litzaioke bederen, baina edozein garaietan 'bortuko' bizia ez sekulan aiseta. Mutiko gaztea ordea ez zen bakardaderako jaioa, eta preseski gaztetasunaren iunfa eta odol-beroak zeramatzan zainetan: gauza handietarako munduratua zen; hots: abokatu ikasketak amaitzeko edo jargian zekusan maletaren Tafallako lagunari emateko eta Anerekin amodioaren hurrupatzeko. Libertaterako...

        Hain zuzen, maletaren Bardeetan abandonatua kausitzea harrigarri zitzaion. Molde berekoa ikusi zuen Bill kaliforniar kidearen etxean: koinzidentzia zitekeen agian. Zena zela, ez zen heldu maletaren irekitzera eta halaz barnean zeukanaren mirazkatzeko ideia baztertu zuen, Jonen proposamena eskuratu artean. Jonek alabaina jukutria batez zabal zezakeen maleta misteriotsua. Ororen buru, segitu zuen pentsatzen, maleta Billena izaten ahal zen. Billen lanbidea arras bitxi zitzaion, tiro-poligonoaren inguruetan ardura harrapatzen baitzuen, bospasei laguntzaileekin bere paralitiko-aulkian barandan, fauna eta flora ikertzen zioen bezala.

        Bideak duda izpirik ez zeukan. Argedas gibelaldeko harrizko Bardea-mihietan zilatu aterbeak ikusmenean zituen Uritzek.

        — Basamortu hau! —xuxurlatu zuen abiadura oraino apalduz.

        Eta gogoratu zen urte zenbait zuela burrasoekin etortzen zela hamaika kilometro luze horietan tusta gotorka landatuak ziren arbolen itzalpera, bero handiegietako igandeetan. Egun batez ordea, ohartu zen pinudi nasaiak moztu zituztela eta ipularrak errekai bilakatu zirela. Zenbaitek zioten, Bardeak manera berdinean, oixe denboretan, oihan oparoz estaliak zitezkeela, ezen gaur ez baitzen buztin, errauts, gatz eta landare usaintsu txipilik baizik.

        Hargatik Bardeak udaberrian bizi ziren, eta Uritzek maite zituen negu idorraren ondotik xoko guzietarik jaukitzen zitzaizkien indar-oldar kemenak. Banpez berdetzen zen eremu desolatua, koloreztatzen, txori kanta airosez oihartzuntzen, eta Bardeetako arrasberak zoragarriak zirela burutu zuen unean... Argedas aldetik suzko bola erraldoia ziztuan gainera zetorkiola ikusi zuen.

        Judizio Jeneralaren ordua zena? Nola ezkon zitekeen Bardeen samurtasuna, garraren mendeku-mehatxuarekin?

        Arresta zaplastatu zuen, papoaz bolanta joz. Bitrak purruskatzen entzun zituen. Segundu batez konturatu zen autoa zartatzen zihoakiola eta Uritzek ez zezakeen gerrikoa aska: metalez eta plastikoz eraiki ibilgailua presondegi bihurtu zitzaion. Bide ertzeko arroilara lerratu zen autoa. Handik laster, su-mihi gosetien krix-krax ozentsuek hautsi zuten isiltasuna. Zintan, teman nola, etengabe zarraikan Mikel Laboaren ahotsa urruna iduritu zitzaion: kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean...

        Pentsamenduak zirauen. Mutikoak Aneren laztantzeko desia bortitza jasan zuen, baina mihise-arteko berotasun itxuratuak ez zion gorputzean hedatzen ari zen hotza den-mendrenik ere geldiarazten. Imaginatu zuen begiak zerura altxatzen zituela eta mentalki erran zuen:

        — Eskerrak ortzea urdin eta izartsu dela!

        Hotza zeukan hezurretan: herioa.