Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—6—

 

Behar ere, Keiles parke horaileko tamarindo lilizuen maldako ttottogiaren batetarik, sanpez eta larderiaz iratzarrarazi ninduela polizia munizipalak, bestela ez nintzen sekula Taberna deitu tokian izango, arratsaldeko zazpietan Jason Gonzalez de Mendaviaren haiduru.

        Oren alferren segidan, ostatuan sartu bezain laster, ohartu nintzen telebistan «Lehen Musuak» ari zirela eta txunga-txunga gisako musika entzun zitekeela. Baina nere sohakoak ez zuen Jasonen itzalik kausitu, eta halatan kontzientziaren osoki esnatzeko, kontuarrean bermatu nintzen kafea manaturik, ametsetan oraino.

        Urrats bakoitzean izerdia gorputzean behera nazkagarriki lerratzen sentitu arren, azkenean maite nuen ezezaguna eta aldi berean deigarria zitzaidan hiri hau. Turismo Bulegoko andereak eman zidan kartañoak ez ninduen anitz laguntzen, bertan monumentoak, elizak, katedralak, komentuak eta palazioak baizik ez baitziren seinalatuak. Arrotzaren moldean beraz, abiatu nintzen itsumandoka, Tuterako karriketan zehar, erdiaro goraipatuko hizkuntzen, ohituren eta fedeen nahasketa baketsua harrapatu asmoz.

        Ordea, Foruen Plaza abandonatu nuelarik, Parte Zaharreko ziruditen kaletxoetan, nahasketa baketsuaren aztarnak denborak ehortzi zituela konturatu nintzen. Egunerokotasun dorpea zitzaidan mintzo, eta 'aurkako linea' mentalki osatu nuen PSOEren egoitzaren horman odol ttantta irudikatzen zuen tindu gorrizko tatxa begimentzean. Bapatean Donostian, Gazteizen, Bilbon edo Baionan aurkitu nintzen. Theseuren maneran hariari lotu nintzaion eta karrika batek hurrengoa urrats azpira gomitatzen zuela, aitzina nindoan, denbora eta lekuak urtaraziz.

        Karrika hertsi ugarietan ekiak indar gutiago zuen. Hiru ostatuz hornitu gurutzategi batera heldu nintzen. Han zegoen Tabernan neukan hitzordua: tenorea jin artean, bisitatzeaz beste egitekorik ez neukan ordea. Izpiritua huts zerabiladan. Joanaz doi-doia oroitzen nintzen, adibidez, oharpen baten ahozkatzeko gutizia nigan jaukitzen nabaritzen nuenean, 'Jerusalem' honenganako arras harkor sentitzen nintzelako.

        Espaloirik gabeko karriketan nindabilan. Bazterretako etxeak estaia bakarrekoak ziren, bakoitza lorez edertu balkoidun, ate eta leiho banarekin. Paretak, gisu koloreko zuri argitsukoak, edo gorrailak, edo urdinarinak, edo berdeak. Zenbaitetan, murruen altxatzeko erabili ziren brikatxo arrosak agerian zeuden, karrikari zahar eta muntto itxura emanez; zenbaitetan ere, beroa zela kausa agian, briken gordetzeko zimenta grisegia ezpalkatzen, errausten eta purruskatzen ari zen. Burua zerura bermatzen nuelarik, ikusten nuen, euri gutiko herrialdearen fama edukiarren, ontsa zaindu burdin-xurizko itaxurak jausten zirela teilatu izkinetarik karrikarantz. Etxe bederaren loiroan, baratze usaintsuak imaginatzen nituen, eta noiztenka egiaren errateko, borta erdi-irekietarik Iturri elekariak asma nitzazkeen. Mediterraneo urrina zerion hiriari.

        Karriken dedaloak plaza hertsi batera eraman ninduen. Han, eliza handi baten parean nindagoen. Biribilean zizelkatu sei harrizko lerro, lurretik lurrera txertatuak miretsi nituen. Turismo Bulegoan ukan papera irakurriz agertu zitzaidanez, Tuterako Katedralaren sarreran nintzen. Harriak ipuin bat kondatzen zidan, hain zuzen ere Judizio Jeneralarena. Xeheki baino xehekiago herrokatzen ziren suplizioak, deiadar karroindatuak, min erreak, gorputz mutilatuak eta damuzko barkamen eske ahulak. Eiheralarreko Bernat Etxepareren hitzak jin zitzaizkidan gogora:

                Manamendu igortzen du mundu guzietarik

                Jende oro bat dakion Iosafaten bildurik,

                Ehon ere ehor ere eskapatu gaberik

                Zeru eta lur guziak daude ikaraturik.

        Lotsaturik bezala nintzen. Ekiak jo arren, hotza neukan hezur-muinetan: arraposki eta menturaz amoroski mailukatu gorputzak dolorez plegatuak ziren, ebakiak, puskatuak, biluziak eta zenbaitek denboraren higamena jasanez, buru edo beso zatia galdurik zeukaten. Errekonkistaren ikurra zen, Amaiurgo Gaztelu Baltzarena, Irunberriko sagu-xederrarena, Gurutzeren azken oihuarena. Etxepareren koblak labaindu ninduen berriz:

                Egundaino ez da izan, ez izanen jagoitik

                Iudizio hain handirik ez etare borthitzik;

                Sortu eta sortzekoak hilez geroz pizturik

                Orok hara behar dute eskusatu gaberik.

        Ate monumentalak zapaltzen ninduen. Iraganaren eta orainaren minberatasunak inarrosten zidan golkoa. Mosen Bernaten Eleas orazionez oroitu nahi nuen, salbatu makil gisa, baina Pottaren Galdatzia zelakoaren hitz gezi-gozoak iraulka zabilzkidan barnean: nitarik urrun zegoen Joana eta ihes behar nuen lehenbailehen. Ez nukeen sutan erretzeko gutiziarik, larruan nabaritzen nuen eguzkiaren kiskaildura aski zitzaidan.

        Izpiritua huts nahi nuen. Ezustean, igotzen hasi nintzen. Espaloirik gabeko karrikak, patar eta eskaileradun bilakatu ziren. Bazter idorrak kolpatzen zituen ekiak, landare lehor bezain gizenen usainak orotan zabalduz. Gibelera so egin nuelarik, hiria zolan lauz agertu zitzaidan. Zirudienez, hiriko ikustokirik gorenera heldua nintzen. Animaleko ahurrak zeuzkan harri arruntezko tailu erraldoiaren itzalak gerizatzen ninduen. Geroxeago, Tuterako nere lagunei galdegin nielarik tailu-zut hura zer edo nor zen, ihardetsi aitzin irriz karkazailka lehertu ziren:

        — Hura? Manazas!

        — Baia? Heroi bat?

        — Ez, Jesus da. Hala deitzen diogu esku-gaitzak dituelako. Francoren garaian eraiki zuten. Berdina bada Zangozan, Tafallan, eta herri askotan. Denboran, euskaldun-abertzaleek ikurriña jartzen zioten gainean gauez, eta egunez hiriko langileek haserrez handik ateratzen zuten gure izatearen seinalea. Protohistoriako gertakariak dira hauexek. Ez ahal dituzu Antso Azkarraren Gazteluaren hondarrak ikusi?

        — Harriak bai!

        Pentsamenduka narraikan, lagunekilako solasa ahantzirik bezala. Manazas salbu, gunea eder zitzaidan: mila dorredun hiria, dorre bakoizean amiamoko edo zikoina habia bat, Ebro ibaiaren nagia, Mejanako baratzak, Erromatarren zubia, eta ortzaizean, Turismo Bulegoko dokumentoaren arabera, Bardeak ubel zehaztu nituen. Egonaldi labur bat egin nuen, amorosak paseatzeko egoki ziruditan leku lasaian. Iosafateko Sohoan nintzena?

        Bizkitartean Tabernan nindagoen. Ibili ondoan pausaturik, aire kondizionatuak amiñi bat freskatzen ninduela, ostatuan, ardoz hanpatu godalet pantzazuak hustu nituen. Etengabe errepikatzen nuen maite nuela hiri arraro hau; menturaz are maiteagoko nukeen, Jason Gonzalez de Mendaviak sortzen zizkidan dudak ezabatuko zitzaizkidalarik.

        Jason neukan gogoan eta horra, Iruñeko Ziudadelako harresietan elestatu gizona Tabernan sartzen zela, «Hola!» ozena ahozkatuz. Txapela erantzi zuen eta baratx-baratxa hurbildu zitzaidan:

        — Gustatzen zaizu hiria? Bisitatzeko denborarik ukan duzu?

        — Bai, nola ez! Misteriotsua zait. Nahi nuke sakonkiago ezagutu.

        — Parada badukezu, neure semeari gertatzen zaiona argitzeko xedearekin baldin bazaude beti!

        — Zer agitu zako?

        — Gorri bat?

        Iduri zuen gizonak solasaldia luzatu gei zuela, belarri indiskretoz setiaturik izan bagina bezala. Alde orotara lehiatzen zen haren soa, eta hitza askatu zuen:

        — Hemen euskaraz ari direnak derrigorrez euskaldun-berriak dira. Zu euskaldun-zaharra zara ezta?

        — Baiki, baina ikasi dugu nolazpait.

        — Argi dago... —murmuzikatu zuen isildu baino lehen.

        Noiz, bada, lerratuko zen 'gaiaren bihotzera'? Zein lan mota suertatuko zitzaidan jakitea berantetsia nuen, lanik baldin bazen. Deplauki galdatu nion:

        — Nork erran dizu 'lan' horretan ari nintzela?

        — Begira, lehengusua badugu Frantzian, eta hark galdu bi behorrak aurkitu zenizkion amen batean...

        — Baaaii... Oroit naiz: Juanjo Petrikorena, Anauzekoa. Udatiar baten residence secondaireko baratzan atzeman niozkan, honek bereganatuak zituela, ustez bortuan errebelatuak zirela!

        Irria ezpainetan hedatzen zitzaidan, hargatik nerrana kontutan hartu gabe, Jasonek segitu zuen:

        — Salatu dit Juanjok, laguntzen ahal gintuzula. Semeak Argedas inguruetan, apirileko gau batez, auto istripu larria jasan zuen, eta geroztik ez da ezertaz jabetzen.

        — Amnesikoa da?

        — Bai, eta gainera, bilatuarren, autoaren arrastorik ez dugu nehon kausitu, are gutiago istripuaren berririk irakurri egunkarietan; La Voz de La Riberan, adibidez.

        — Bitxia da! Normalean, gisa hortako ezbeharrak beti aipatzen dira, egunkarietako azken orrialdeetan baizik ez bada ere... Zuzen zer da nere egitekoa?

        — Istripua zerk eragin duen zilatzea... Luze bada, luze. Lasai: apartamendu bat badaukagu Parte Zaharrean eta, inkestak iraungo dueno, zure esku dagoke. Bihar goizean Reina Sofia Ospital Probintzialera joanen gara biok.

        — Ados.

        — Ondo saristaturen zaitugu.

        — Zaitugu?

        — Bai, andreak eta biok. Andreak batez ere, oso gaizki baitago azkenaldi honetan: jakin nahi du.

        Hara ilunbeak urratu zitzaizkidan. Keinu laino batez, Jasonek basoak berriz betearazi zituen. Esplikatu zidan mediku ofizioa zeukala, hiruzpalau hondar hilabeteotan loak ihes zegiola, Uritzen istripua zela kausa. Niri berdin, istripua —istripurik izan baldin bazen— drolexka neritzon, eta nondik has ez nekiela, ospitalera abiatzea ideia ona zitakeela iduritu zitzaidan.

        Ostatuz ostatu eraman ninduen Jasonek, mintzakide bat harrapatu zuelako itxuraz bederen, latzaren zamaz arindurik. Egiaz zama orain neure sorbaldan zegoen. Anartean, poteo xuguna ahal bezain sotilki 'pairatzen' nuen: Muskarian jotak entzunez, Omenaldi ardotik zurrutatu genuen. Herrikon Egin hostokatu, Estrellan Jasonek bere kabineteko sekretaria aurkeztu zidan eta, Tabernara itzultzean, jende-talde harrotsua behatu nuen Nafarroa Oinez goraipatzen:

        — Oinezerako baimenak oro dauzkagu!

        — Hauxe suertea! Agian ez gara Beran bezala Oinazeztatuko?

        — Espero dut ezetz! Milaka etorriko dira gure sustengatzera!

        Antolatzaileek zoriontsu eta tematsu ziruditen. Jasonek azaldu zidan xeheki, Tuterako Argia ikastolak hamar urte konplitu zituela, ehun haur bazirela bertan ikasle suhar eta aurten aterbe berriaren eraikitzen hasiak zirela Fontellasen. Kezka zozo batek inarrosi zidan golkoa:

        — Eta, zein euskalkitan ari dira hemen?

        — Euskara batuaz. Erriberan hazten dira euskara batua ezpainetan ibiliko diren lehen euskaldun-zaharrak —Jasonen elasturia lasaitu zen eta niri bihotza sutu zitzaidan.

        Joanarekin iragan gauen ondotik ahantzixea nuen Zeldari deitzeko xedea bermatu zen nigan bortizki.

        — Telefonatu behar dut...

        — Goazen afaltzera lehendabizi. Ez ahal zara gose?

        — Segurki, goseak hila naiz.

        — Gero pisura eramango zaitut.

        Jasonen atzetik atera nintzen Tabernatik, Erriberako airea fresko izanagatik, nitan berotasun ikaragarria sumatuz. Ardoaren gain jarri nuen barneko labakia. Zangoak karrika idorretan herrestatzen nituen artean, Larragako joteroen ahaidea bultzaka ari zitzaidan aho sabaian kolpeka, biharamunaren beldurra ezeztatuz:

                Zubero ta Nafarroa,

                Raimundo Lanas ta Etxahun

                Biei kantatzen diegu

                Larragako joteroak!

        Zeldaren begitartea zerabilkidan gogoan. Zelda hain amoltsua, hain ederra hain... Hitzik aski ez nuen aurkitzen, Maulen laxoki abandonatu nukeen maitalearen kalitateen zerrenda hornitzeko. San Fermin arras bekaitzen gutizia neukala aitor nezakeen, eta gainera han Joana Garalda gurutzatu! Orain, Tuteran, Jasonen gibeletik ibiltzen nintzen, istorioak itzultzerik ez zuelako iduripenaz bustirik. Uritz gazteari gertatua zakutik edo zorotik argituko nuen. Menturaz denbora beharko zen, eta bizia, amodioz erretzean, laburra zitekeen.

        Burua nahasirik, Jasonek seinalatu jatetxean kokatu ginen. Gerokoak geroko, bizkitartean Pimientos rellenos eztiak gozatzen ari nintzen. Edanak leizetu sabelaren betetzen. Jason gai guzietaz mintzo zitzaidan, salbu Uritzen istripuaz. Halatan, lurralde honen iraganaren bideak marrazten zizkidan, eta haur nintzenean nola amamaren ipuinei beha, ezpainetara so nengokion.

        — Sertoriusen arabera, herri hauek Ager Vasconum zirelako segurtamena zegoen. Orduko hiri handiak Cascantum, Kortes, Argedas eta Muskaria omen ziren. Muskaria hain zuzen, gaurko Tuteraren amasoa zen. Tutera bera mauregiek eraiki zuten eta nonbait idatzia denez, 841ean Amir Ibn Kulaybek gobernatzen zuen. Iruñeko jaure soil zen Antso I Garzezen eta mauregien arteko bataila bat izan zen Bardeetan 914ko uztailaren 7an, eta emeki emeki Banu Quasitarrek Tudela Nafarroako erregeen esku utzi zuten. Hamabigarren mendean erregeen konkista bukatu zen, 1119ko Tuteraren menperatzearekin, eta orduan altxatu zituzten dorre gotikodun katedralak mezkita ohien oinarriak erabiliz...

        Jasonen azalpenen haria moztu nuen jakin-minez:

        — Eta juduak?

        — Juduak? Beranduago etorri ziren. Hispainia osotik haizaturik zetozen Nafarroako legea mauregiekin bezala juduekin samurrago zelako. Jendalde bakoitza bere auzoan bizi zen: mauregiak Morerian zeuden, berrehun bat familia, bertzegile, zurgin, zapatari, espartingile, teilero, harakin, okin... Gaurko Herrerias aldean. Han dago zure pisua! Juduak aldiz Tuterako Aljaman zeuden. Poetak baziren, pentsalariak, merkatariak, bidaiatzaileak eta prestamugileak. Judah-Ha-Levi olerkari ospetsua zen eta Benjamin famatua Bagdaderaino ibili zen, 1136 eta 1173 artean. Abolfazon anaiek dirua maileguz prestatzen zuten...

        Tutera, xinaurritegi gisa imaginatu nuen, edozein uneetan pizteko gai eta musika orientalez usaintsu. Baina iduripen idilikoa ebakitzen zidaten Jasonen hitzek:

        — Alabaina, mauregien eta juduen libertateak garestiak ziren, eta Nafarroako Erregeen gerizak ez zuen iraun. Hamalaugarren mendean Europan zehar zabaldu fobia berdintsuek ito zituzten Tuterako Aljama eta Alkatia. 1373an adibidez Tuteran sutea egin zuten, krypto-judaismo bekatuan harrapatu judutar emazte batentzat.

        Jason mintzo zen ahoak eman ahala eta nik ardoa bezain segurki edaten nion hitz bakoitza. Haraintzineko mauregien eta judu konbertsoen ondorengoak baziren menturaz oraino ere, euskaldunekin batera denak krypto-bizitzara behartuak. Ikusiz Jason elestan segitzeko arras umorean zela, Erriberako sozietatearen osatzeko falta zitzaidan elementuaz galdetu nion:

        — Nafartarrak?

        — Nafartarrak, manatzen, 'petxa'ren biltzen eta gerlaren egiten. Nafarroako erreinua bermatu zen hiru mende bekanetan lurralde menperatzen, borrokatzen, seme-alabak abilki ezkontzen, armaden hazteko diru-mailegatzen, Ebrotik Aturrirainoko mugetan gaztelu eraikitzen, eremuak zedarritzen, zaintzen, kutxak ebatsi urrez betetzen, menia dekretatzen eta abian hausten ari izan ziren. Eta zer da gelditzen handios lehia horretarik?

        — Nik dakita? Oroitzapena...

        — Pentsa! Preso gauzkaten kate herdoilduak Nafarroako armarrian!

        — Las Navas de Tolosa batailakoak?

        — Alaina! Ikasle ona zara!

        — Gaztetan Antso Azkarra pastorala ikusi nuen harriturik...

        Jasonen ezpainak hertsi ziren. Nonbaitetik aurdiki azkonak urratu balu bezala isildu xifritu zen. Ardoa zurrutatu nuen, ametsa apurtu bailitzan. Bapatean, historia akabatzeko gisan, gizonari hitza askatu zitzaion:

        — Antso Azkarra hain zuzen ere, Tuteran itzali zen 1234ko apirilaren7an, sifilisak xurgaturik, segidarik gabe. Las Navas de Tolosatik landa, Tutera kosmopolita honetan egon zen, Manazas dagoen tokian zegoen gazteluan zentzeko.

        Jasoni so geratu nintzaion, pena hitsa bihotzean eta Zelda zein Joanarekin hitz egiteko asmo garratzarekin. Pentsamendua ordea larrutu zitzaidan eta zilotik asmatu nituen Antso Azkarraren gorputza Tuteratik Ibañetako kaperaraino eraman zuten beltzez jantzi hil kohorteko mila besoak. Emazteak plañiderak kantatzen, gaita kabiliarren oihartzun saminak, zintzurrak larrantziz deiadarkatu jotak, irrintziak, populu-anonimo eta nahasia, bere erregea bezainbat arrotzen eskuetara lerratu erresumaren dolutan apaindurik.

        Zelda...