Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

BILUZTEN

 

bizitzaren alde banatan ezarri gaitu barnemin honek

ilunduran arrakala areagotu egin da

eta hitzarmenik gabeko desioak aldezten ditugu

arnasaren epelera egiten dugun bakoitzean

 

berba galduaren ondoren isiltzen ari dira

garai bateko kantuen oihartzunak

batzuetan egun honek beste egun bat ematen du

oraindik orain olgeta berrien bila gara hasiko

handik edo hemendik sentimendu sakonenei jarraiki

 

badakigu bestelako izenak asmatuko dituztela

bularrotan gorde dardarizoak berpiztuko direla

etorriko diren inbernadei eusteko

 

helduko dira maileguzko udazkenak

hosto gabetzen hasiak

laztanentzat lekua eginez

 

ahazten jakiteko memoria txarra behar da zinez

horregatik zauzkat gogoan

orbel galduaren antzera gal ez dadin akordua

 

horregatik zaitut biluzten hostoz hosto

azalaren muinera heldu arte

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Ibarguren

 


www.susa-literatura.eus