Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

NEURE KOLKORAKO

 

bakarrizketa baino ez da hau

 

etengabeko hausnarketan murgilduta

iragan den urte hondarretik

berbok baino ez ditut elikatzen

eta ez dut ezer esateko neure kolkorako ez bada

 

batzuetan akigarria da hasperen ezinduetan

inoren babesik gabe ibiltze hau

ereite berrien aiduru egon beharra

deslekuan loak hartu ezinez

 

saminaren hiriburuan bizi naiz egun

ikararen deklinabideak osatzen

erdizka irauten dut aspaldion

flakeziaren orrazian desitxuraturik

besarkadetan estutzen gomutarik zaharrenak

beste aukerarik izango dudan jakin gabe

 

idatzi gabeko adioetan bilduko ditut

musuen inperfekzio malenkoniatsuak

kantu berriak osa ditzadan

 

neuretzat ari naizelarik

ohartu gabe gatibu gelditu naiz amaraunean

ukaldi guztiak inarrosiz

 

gauak zer pentsatua ematen dit

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Ibarguren

 


www.susa-literatura.eus