Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ETSITZEN EZ DUTEN DESIRAK

itsasgora bakoitzaren ondotik

urak berez etorriko dira baztertuen irribarreetara

gauzak sobera aldatu ez diren arren

ez dugu aiduru egon beharko

mende honen amaiera arte

suaren erdian harresien bestaldean

mezurik gabeko naufragoen antzera

 

iraganaren sasiak hartu du ahazmena

ezereza nagusi den errebal haietan

inularra heltzean joango gara

sarrailak gakotzen dituen jendearekin

debeku guztien gainetik

hausturak osatuko ditugu ibili-ibilian

gorputzak berreginez elkarren gogaide izanez

 

neu naiz eta ez beste inor

neure buruaren erantzule bakar

kezkak ditut buruan harrespilan

arnasa estutzen ari zait apurka

odola zait mehetu zainetan

baina oparoa izan daiteke

ereindako desiretatik jaso dezakegun uzta

helburu bihurtu gabeko ametsak gordetzen joateko

 

errealitatearen gidoian idatzirik dago

mindura gutxien espero denean itzuliko dela

ilargirik gabeko gauerdien eldarniora

 

ez etsitzen ere badakit

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Ibarguren

 


www.susa-literatura.eus