Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

ZENTRIFUGATUA

 

Gogorra egiten zaie batzuei.

Gauzak era pragmatiko batean ikustean datza gakoa:

han esertzea, bat ile-apaindegian esertzen den

patxada berdinaz

ilea gehitxo moztuko ote dioten kezkarekin soilik.

Edota bestela

trapero salerosleen begiekin

elektrogailu bat gehiago bailitzan begiratzea

trasteari.

Geratzen direnen burmuinetan

maitasunean eta zitalkerian xahututako fotogramak

izozten dituen

hozkailu bat bailitzan aulki hura, edo hobeto

ispiluaren bestaldeko erregearen tronua edo

garbigailu bat bailitzan.

Bizitzako arropa zikin guztiak hartu,

anabasa batean kiribildu

eta limoiaren lurrina erantsi arte ahoan

biraka erabiltzen dituen

garbigailu lerdejario bat bailitzan begiratzea

trasteari:

zuzentzen zaituzte bereganaino, bertan eserarazi,

hedez lotu, azkenekoz hitz egiteko aukera eman

eta trantzerako itxaronaldian

Hugo Pratten komikiren bat eskatu.

Zigarro bat erretzen ere utziko dizute akaso

—nondik ematen dien, arauak arauak baitira—.

Eta badakizu arropa zintzilik jarri beharrik ez duzula

gehiago izanen

estalaktita tanta gogaikarriei adio

zuretzat dena bukatua dagoela.

Eta dena, hitz hori,

oraindik ajatu gabeko blujean parea

begitantzen zaizu

aulki elektrikoa zentrifugatzen hasten denean.

 

Traperoen furgonetak bihurgunea harrapatu du

eta dantza egin dute azkenekoz

kondenatuaren alkandorek.

 

Agure tximaluze batek limoi-azal bat zurrupatu

eta oinez jarraitzen du.

Kale hutsetan arrasto

garratz bat edo beste.