Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

MOMENTUA

 

                Nire gaztaroa ikusten dut ene begien aurrean

                zabaldutako maparen eran.

                                                              W. H. Auden

 

Nire gaztaroa ikusten dut ene begien aurrean

zabaldutako maparen eran.

Ikusten dut dardara guztiak arkatza altxa gabe lotuz

honek izan lezakeela zentzu bat.

Ikusten dut horrela funtzionatzen dugula:

Saihetsen arteko barrunbeak harramazkatu norbaiti

eman dezakeen onenaren hoditeria urratu arte.

Eta gero ihes egin, urduri lehortuz

itoginak eskuetan utzi dizkigun arrastoak.

 

Momentura hurbiltzen garela dirudien

une eskukada bat.

 

Geronen azala ere ez zaigu

hezurretara atxikitzen

ez da errukitzen, ez du gutaz ezer jakin nahi.

 

Momentuaz hitz eginen dugu gero,

zerbait bageneki bezala.

Momentura hurbiltzen garela dirudien

une eskukada bat.

Ukazio samur batzuk, eztiki erranak.

Begietako eraztunetan ere, enbor ebakietan bezala

adina irakur zitekeela erakutsi zizun

osaba hura.

 

Agian ez zen izan emakume batekin ohean,

agian ez zen izan harrotasunez bete zintuen

bihozkada bat bete zenekoa

momentura gehien hurbildu zinen unea.

Orain oroitzen duzu: zure osaba

txahal hilberriaren burua aizkoraz ebakitzen.

Zureak ireki zenituen txahalaren

begi hiletako eraztunak azkar zenbatzeko

eta orduan nekez zenekien arren

hura izango zen zure bizitza osoan momentura

gehien hurbilduko zinen unea.

 

Zuk bost urte zenituen

hotz zen kanpoan

eta txahala zu baino gazteagoa zen.

Aste askotan zure amari galdetu izan zenion

ea hildakoen begietan azkena ikusi zuten hura

mantentzen ote zen luzaro.

 

Txahala piezatan txikitu eta hirira eraman zuten.

Eta txahalarekin, momentua.