Aurkibidea
Sismografia
Poesia fikzioa da
(baita zera ere)
Beltzarana txirrina jotzen ari da eta zu
12 sardinzahar lehenbailehen kontsumituak izateko
Ez ginateke hondoratuko aparraitzezkoak bagina
Sute-eskaileretan bizi direnak
Teilatuetan lan egiten duen jendea
Boris Vian, Truman Capote, zu eta biok mahai baten inguruan
Erregurik kontuan hartu ez ziotena
Brooklynerako hirugarren irteera
Gizon bat korrika lur hartze pistan
Gospel meza bat (koiotearen alde)
Williamsburgeko zubia egiteko iltzeak nondik atera dituzten
Aurkibidea
Sismografia
Poesia fikzioa da
(baita zera ere)
Beltzarana txirrina jotzen ari da eta zu
12 sardinzahar lehenbailehen kontsumituak izateko
Ez ginateke hondoratuko aparraitzezkoak bagina
Sute-eskaileretan bizi direnak
Teilatuetan lan egiten duen jendea
Boris Vian, Truman Capote, zu eta biok mahai baten inguruan
Erregurik kontuan hartu ez ziotena
Brooklynerako hirugarren irteera
Gizon bat korrika lur hartze pistan
Gospel meza bat (koiotearen alde)
Williamsburgeko zubia egiteko iltzeak nondik atera dituzten
MAIAKOVSKIREN ESKAILERA
Istorioa arraro samarra da:
batzuek geure bihotzak jartzen ditugu,
beste batzuek euren bisturiak sar ditzaten.
Benjamin Prado
Entzun dezakezu
norbait dabil
sute-eskaileran
Maiakovski berbera
errebolberraz
bere bihotzari tiro eman
edo tiroari bihotza
eman ondoren.
Bere hurrengo bizitzan
sekuoia zulatu
izanen da
geyser aurreikusezina
autoendako tunel
izozkailu-kamioi baten
neumatiko.
Bere hurrengo bizitzan ate izanen da
bere bihotzeko behatxulotik
zelatatuko dituzte moskutarrek
etxera datozkien bisitak
begiak kizkurtuz.
Maiakovski Promenade:
bost errublo.
Batzuetan pentsatzen dut
agian mendazko
karameluaren eran
zurrupatuko zuela
bere bihotzak
bala,
emetasunez.
«Ez da hau bidea
(ez diot inori jarri nahi burutan)»
idatzi zuen
Maiakovskik
«bukatu gabeko poemak
emazkiezue briktarrei.
Beraiek deszifratuko dituzte.»
Kontsolamendu bat da
norbaitek bihotz bala zurrupatzaileak
deszifratzen jakitea.
Aintza eta bizitza luzea
briktarrei!
Ixo eskaileratan behera
zapata garbiak
mendazko tiro bat
bihotzean
eta paperetan
keinu bat eta hitz batzuk:
«Maitasunaren txalupa
eguneroko bizimoduaren kontra
lehertu da.
Vladimir Maiakovski.
Izan zaitezte zoriontsu»
Denok idatzi nahi izango
genukeen denon
poema hori
xaloa litzateke ordea
bere bihotza
ate bateko behatxulo
bihurtu ez duen beste edonork
idatzi izan balu.
Horrek frogatzen du arteak
ez duela zentzurik
bizitzatik aparte.
Maiakovskiren bihotzeko
behatxulotik begiratzeak
lasaituko gaitu
Maiakovski Photomuseum
bista ederrak
bost errubloren truke.
Vladimir: esadazu
zein karrikatan dagoen
zure ile-moztailea
non erosten dituzun
gorbatak eta kapeluak
zertan diren berdin
Lili Brik eta Brooklyngo
zubia
(badakit zer esango didazun:
ura ukitu gabe
airean
sostengatzen diren
naturaren mirakuluak
dira biak).
Vladimir:
badut zertaz errudun sentitu:
nik fabrikatu nuen
bihotzak miazkatu zizun bala.
Badut zertaz errudun
sentitu:
bala fabrikatu nuen, ez bihotza.
Mendazko karameluaz
errebolberraren danborra
kargatuta
nire mihiaren azpian Mosku
eta mendazko lurrinaren
propaganda.
Zuk behintzat briktarrak
zenituen.
Baina nortzuk dira gure
briktarrak?
Nortzuk izanen dira
abandonatzen ditugun puskak
deszifratu,
gure borondatea irakurriko
dutenak?
Nire epaiketan defenda nazaten
nahi dut
irakur dezaten
hozkailuko atean
utziko dudan
azken mezua
nire armarioak itxi eta postalak bidali
isunak eta fakturak
kittotu ditzaten.
Mendazko karamelu batekin
sartuko naiz infernura,
Vladimir
nire ahoko listuarekin
itsatsiko dizut
mendazko karamelua
zure bihotzeko behatxuloan
nik fabrikatutako
balak
egin zizun
geyser
berberean
jarriko dizut
lore bat.