Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

BUZOIAK DIRA NIRE ABERRIA

 

Beren jaioterriko argazkiak erakusten zizkidaten,

vodka botila inportatuetako etiketak,

min gorriaren mapak, besoetan tatuatu Bulgariako

banderak, eraikin esanguratsuenen postalak.

«Ez al dituk sentitzen?

Sakonak dituk norbere lurraren taupadak motel!.

Ez hadi itsutu hire errautsak postara kondenatuz».

Pobrea irizten zioten goizero biluzik egiten nuen

postontzirako erromesaldiari.

Eskaileran behera biluzik ikusten ninduten auzoek

beren dutxako alfonbra eskaintzen zidaten

errukiz, eskuzabal,

errezatzeko edo estaltzeko, ez jakin:

meka bat behar nuela uste zuten.

 

Deserriaren patrikan gatibu neuzkan

eskuak eta begiak

baina zure gutuna jasotzen nuenean

buzoiak ziren nire aberri bakarra.

 

Helbide jakinik utzi gabe alde egin nuen, geroztik

zuhaitz batean atseden hartzen dudanero

zapata bat jartzen dut adarretik zintzilik eta

nire izena zolan

idazten diot.

Adarra ez da sekula adarrik altuena

baina hori ez da preziso:

haizeak kulunkatzen du horma-erlojuko

penduluaren eran

zapata bakartua.

 

Herren ibiltzen naiz gero, espaloia berdindu ezinik

zapata besapean

ogi bat balitz bezala.

 

Eta zapata itxurako nire buzoia delako

nire aberri bakarra

itxoiten dut

elurrak edo desesperoak edo lurrunak edo

adats iluneko postariak

bete dezan nire aberri pendularra

 

oinatz itxurako

kartazal urrun zigilatuekin.