Aurkibidea
Sismografia
Poesia fikzioa da
(baita zera ere)
Beltzarana txirrina jotzen ari da eta zu
12 sardinzahar lehenbailehen kontsumituak izateko
Ez ginateke hondoratuko aparraitzezkoak bagina
Sute-eskaileretan bizi direnak
Teilatuetan lan egiten duen jendea
Boris Vian, Truman Capote, zu eta biok mahai baten inguruan
Erregurik kontuan hartu ez ziotena
Brooklynerako hirugarren irteera
Gizon bat korrika lur hartze pistan
Gospel meza bat (koiotearen alde)
Williamsburgeko zubia egiteko iltzeak nondik atera dituzten
Aurkibidea
Sismografia
Poesia fikzioa da
(baita zera ere)
Beltzarana txirrina jotzen ari da eta zu
12 sardinzahar lehenbailehen kontsumituak izateko
Ez ginateke hondoratuko aparraitzezkoak bagina
Sute-eskaileretan bizi direnak
Teilatuetan lan egiten duen jendea
Boris Vian, Truman Capote, zu eta biok mahai baten inguruan
Erregurik kontuan hartu ez ziotena
Brooklynerako hirugarren irteera
Gizon bat korrika lur hartze pistan
Gospel meza bat (koiotearen alde)
Williamsburgeko zubia egiteko iltzeak nondik atera dituzten
DARDAREN INTERPRETATZAILEA
Pertsona arrunta nintzen ni.
Behin etxeko atarian esku ahurra altxatu nuen
euria ari ote zuen ziurtatzeko eta emakume batek
txanpon bat jarri zuen nire eskuan
eskalea nintzelakoan.
Jakin gabe, nire bizitza aldatu zuen.
Geroztik kalean bizi naiz.
Kartoiek aurkituko dute nire falta joaten naizenean.
Zahartzeak dakarren pisu hau ezingo nuke eraman
ikasi izan ez banu urteekin interpretatzen
inguruko dardaretan mundua.
Haizeak astintzen duen alanbrean harrapatutako
egunkari zatia.
Lepo hunkituak zotin egiteko daukan era.
Wolframio hariaren haustura iragarlea.
Neskatilaren eskuak elkar igurzten eta bekain keinu
parkinsonaren aurrekari nerabe eta inprobablea
trenean hizketan ari zaion mutilari begira.
Txorakeriez mintzo da baina neskak maite du,
adi itxuran dago.
Dardara egiten duten hatzak gose dira elkar ukitzen.
Neskatilak heldu egin behar die bere hatzei
lasterka abia ez daitezen
mutil ikaratiaren belaunak oratzera, beren kabuz,
mutilaren begietan setio errefusaezina marraztera.
Jaitsi dira.
Trena da orain dardara egiten duen bakarra
ziraldoetan sentikor dela ezkutatzen saiatuz.
Bakarrik nago eta ez diot estimu handiegia bizitzari.
Ez gaizki ulertu: gaurko kontua bakarrik da
eta agian biharkoa.
Baina ez bihar guztietakoa.
Ez diot estimu handirik bizitzari baina
harro esan dezaket:
ibaiaren alde honetan ez dago
dardarak interpretatzen gain hartuko didan inor.
Oraindik gordetzen dut bizitza
irauli zidan txanpon hura.
Dardara egiten dut eskuetan hartzean.
Hau da nire istorioa,
hau eta txanpon bat behar dudala,
eskertuko nizukeela txanpon bat.
Erran nahi baita, beste txanpon bat.