Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

POESIA FIKZIOA DA (BAITA ZERA ERE)

 

Ez dut uste pertsona tormentatuegia naizenik.

Batzuetan etsipen ikaragarri bat jabetzen da nitaz

zer egingo zaio, gauzak aldatzen doaz

gure garai bateko eskolakidea

opuseko neska batekin ezkontzekotan dago

eta beste batek legez kanpoko arrantzan

itsasoan daramatza bederatzi hilabete

haurdunaldi oso bat

agian pertsona bihurtuko zen itsasoaren sabelean

amarenean egin ez zenez gero.

Eta batzuetan etsipen ikaragarri bat jabetzen da

nitaz

zure

bakardadeak nirearen aurka talka egindakoan

min ematen didalako

sentipen honek zeraren antza dauka,

nola esan, hogeita bat urte betetzean

guk hamahiru genituenean bederatzi zituzten neskek

jada hamazazpi dituztela deskubritzearen antzeko

zerbait.

Gau baten amaieran ohartzea, bortitz eta bat-batean.

Egunsenti errudun hori eta izango zirenik ere

imajinatzera ausartu ez ginen bular guri horiek

ez zirela egundo gureak.

Ez dakit ulertzen den horrela esanda.

Konturatzen garela honetaz eta hartaz

gure injenuitateari zegozkion edalontzi guztiak

hustu ditugula.

Akatsik ttikienengatik galtzen dugula zorion handia:

horregatik dira akats ttikienak mingarrienak.

Akats handiak ez hainbeste.

Euren barruan bizi gaitezke,

edo biraka ibili haien inguruan.

Zer egin ordea,

intsektu baten hegoa den akatsarekin?

 

Larritu gintuzten zenbait gauzari buruz

barre egitea liteke terapia bakarra

eta hori ere ez nahikoa

ikusezin bihurtzeko ispiluak izaraz estaltzea

aski ez den bezala.

 

Hori batez ere. Hori eta bizitzan galtzen dugun

guztia,

agur edo konplizitate keinu bat

garaiz eta aspaldi ez egiteagatik

 

galdu dugula.