Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

BASQUIAT

 

Ni naiz Jean Michel Basquiat

artista beltza, gorriak pasatakoa

beltzek eta zuriek baztertua

gustu orokorraren begietan

eta kantari blonden ipurtzuloetan

hatza sartzen zuena

bere etxeko ateetan eta errezeletan margotzen zuena

hil zenean bere hozkailu margotua

lagunek merkezurrean saltzeko lapurtu ziotena

hil zenean hirugarren abenidako

tailer mekaniko bateko berrehun kiloko atea

lapurtu ziotena

bertan bere graffiti bat zegoelako.

Ni naiz Jean Michel Basquiat

lientzoen gainean kafea hartu, bazkaldu,

haserretu, poztu, desesperatu eta uzten ziotenean

lo egiten zuena

lientzoetan bere neskalagunen telefonoak apuntatu

eta haiekin haserretzean ezabatu egiten zituena

gauzak ongi nabarmentzeko eta

jendeak haiei kasu egiteko

marraztutakoak oro ezabatzea baita biderik onena

eta bakarra.

Ni naiz Basquiat,

Warholekin boxeoan aritu eta irabazi egin ziona.

Ni naiz.

New Yorkeko downtowneko

neska zuri progre usteko guztiekin larrua jo zuena

bi astetan eta hamar segundotan

margotutako koadroak prezio berean saltzen zituena

hamar segundo horietako eskumuturraren dardaran

bizitza guztia zegoelako.

 

Ni naiz Basquiat

haur problematikoa

topera bizi nahi zuen rasta ileko gazte

xalo

merkatuak irentsia

maitagarria

jasangaitza

sakona

azalekoa

naturala

artifiziala

zuk nahi duzuna, jada hilik nagoenez gero.

Ni naiz hori

dirurik ez zeukanean edo

bere gameluak huts egiten zionean

Washington Squaren lo egiten zuena

bi telebista eta bi gramola

topera jarrita pintatzen zuena

lapurra

bilaua

aingerua

errege koroatua

frakasoaren ama eta amama

arrakastaren semea eta bilo rasta bis biloba

begien hondoan

haur bozatu baten tristura bistakoa zuena

nola ez hogeita zazpi urterekin gaindosiaz hil zena

lurpetik besoa atera nahi duena

hilarriari bere gustuko azken zertzelada margotu

azken telefono zenbakia apuntatu

eta ezabatzeko

ezgauza

Brooklyngo hilerri honetan

eta bere koadro bakoitzean

datzana.

 

Ni naiz Basquiat.