Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

CUL DE SAC

 

                        Gizaki gehienen antzekoa zen bera;

                        besterik bururatzen ez zitzaionean baino

                        ez zuen jainkoen aholkua onartzen.

                                                              Gábor Thurzó

 

Ez zegoen beherago egiterik animoan eta eskaileretan.

Zure aurpegia ezaguna egiten zait, bota nion.

Askori gertatzen zaie: Arthur Rimbaud naiz, esan zidan

Rimbaud poeta ala trafikatzailea?, ausartu nintzaion.

Biak, erantzun zidan.

Hunkitu egin ninduen, aitortzen dut.

Hain tipo serioa ematen zuen

aguafuerte eta grabatuetan

eta hantxe zebilen morroia, hilkor arrunta bailitzan

absenta trago batzuk borrokatzen.

 

Nire aurpegia galdera ikur eta puntu suspentsibozko

bozeto ikaratua zen.

 

Irribarre egin zuen, mahasti lurperatuak,

bere altxorrak,

seinalatuz.

 

Bai, hau duk sasoi baterako lekua, esan zidan,

iritsi haiz.