Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

ELURRETAN IDATZIA

 

Kasetoi eta aldamio nabarmenegiak

eskultura liburu koadro kantu edo dantza hori

sostengatzen.

Huts egindako lan mingarriak dira.

Polea, kontrapisu, metafora, soka-joko

horiengatik ez balitz

amilduak ziren

eskultura liburu koadro kantu edo dantzak oro.

Ihesean elurretan utzitako aztarnek

salatzen dute ahaleginaren ustela.

Poema batera sartu eta galtzarbe anonimoen usaina

eta sukalde tresneria erabiliaren zantzuak

topatzea bezala,

aurreko maizterrak poeman

izara zikin eta ohe deseginetan

desesperazioaren artesiak utzi dituela ohartzen zara.

Saka eta maka hondatu dituztela

zureak izan behar zuten hitzak.

Gogaiturik beti ikusteaz artistaren eskua bere lanean

elurte honetan bekit betiko ezkutatzea haizu:

 

elur erori berrian idatzi nahi nuke poema hau

hatz hormatuez

eta poema bertan behera utziz desagertu gero

elurretan

oinatzik

izara zikinik

ohe deseginik

batere utzi gabe nire ihesean.

 

Horixe baino ez. Poema xume bat elurretan idatzia

Williamsburgeko zubiko pilareen pean.

Eta ideiarik ez inork hara hura idaztera

nolatan ailegatu naizen

eta ideiarik ez inork nolatan lortu dudan

ihes egitea gero

gibelean batere arrastorik utzi gabe.

Norberak aurki dezan bere bidea

norbaitek ezaba dezan utzi dut

elurretan idatzia poema xume bat, hau lakoxea,

ohiko bakardade eta hortz-estutze eta

hagin hobietara hotza eta mina ez egokitzeaz

eta gutun faltagatiko kexu zerrendaz haratago

deus berririk ez dioena, bestalde.