Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Musika

 

Lurralde urrutikoan elizak daude kanpairik gabeak

Gerrak eraman ditu brontzea, haurrak eta mutil gazteak.

Dir-dir sakona dagi zelaian, urre eta zilar gordeak.

Gertatuko denaren beldurrez ikara, emakumeak.

 

Gorrak dauzka zentzumen guztiak nekazari adindunak,

Bihotzetik bihotzera jotzen munduko isiltasunak.

Barne-muinak bortizki astindu dizkio bala lizunak

Mundura itsu, ez du indarrik geroko etorkizunak.

 

Igali arboletan zintzilik armiarmen errege nagi.

Ihintza-amarauna eskuetan, neskatoak jolas dagi.

Arrotza etorri da bidetik, buruan hautsa ugari.

Neskatoari eskatu dio, amodio iluna sari.

 

Argi-izpiak leun lerratzen, zoru heze hostotsuan.

Ezti gozoa eme isurtzen, basoko abar sarritsuan.

Suzko mihi goria zelatan, larre ohe taxutuan.

Izotz-puskak osoro kraskatzen, ondoko mendi goituan.

 

Soinuen gurdia bat-batean geldi eta baketurik.

Kilker isila zuloan gorde, zaldi zuria etzanik.

Zikoina desagertu zerutik, txoriak zuhaitzetatik.

Goiz-oihala desio beroak ezarian urraturik.

Begi-ninietan pausatzen da, maitaleen arrastoa.

Aita, alaba, arrotz, kilker, bihurtzen itsas lausoa.

Goroldioak estaltzen ditu irritsa eta gogoa.

Zelaian nahas, seda, soineko; neskaren atsegin loa.

 

w1997