Redakzioan
Gustatuko litzaidake lanordu guztiak zurekin
konpartitzea.
Elkarri zuzendutako edozein zeinuk estaliko lituzke
lanaren asperra eta pisua,
mututuko idatz-makinen zarata ritmikoa.
Parra egingo genuke, teletipoek beren martxa
monotonoan jarraitzen zuten bitartean,
biharamonean inon agertuko ez ziren
notiziak komentatuz eta tarte hori
«Aizu, irakurri hau» aprobetxatuko genuke
bestearen eskua ferekatzeko.
Elkarrenganako begiratuek adieraziko lukete airean
iragan gauaren magia eta nekea.
Eta despistatuko bazina aurpegian errotuladore
gorriaz marraztuko nizkizuke
izar ahaztuen mapa edo Lawrence de Arabia
galdu zen oasirako bidea.
«Zuk ere atzo zure ezpainen arrosaz margotu ninduzun»
esan eta alde egin
teletipoek kanpaia jotzen zutelako.
«Hara, beste estatu-kolpe bat Trapisondako erreinuan»
«Zenbat mosu sartzen diren masail batetan
eta zenbat aho gorputz biluzi batetan
jakiteko zen, gero kontu-koadernoan zenbatzeko»
erantzungo zenidan.
Eta atsedenaldian salto batetan jeitsiko
ginateke kafea hartzera,
bidenabar relajatzera
egunerotasunak arratsaldeko seiretan zorabiatzen
gaitu eta.
Bakoitzak azalean edo larruan besteak utzitako
markak errekorrituko genituzke.
«Hemen musukatu ninduzun eta ez da berriz
eguzkia sartuko»
«Lur konkistatua izendatzen dut orduan» eta
zurrupada batez kafea irentsi,
inongo nazio batetan ez dakit zenbatgarreneko
gerra piztu zelako.
Idatz-makinari eragin,
kea sortuz.
«Zure begiek bai gerra piztuko luketela eta
Ekialde Mendebalde arteko
oreka airean jarri» pentsatu.
Eta inkonsziente nazioarteko kronikan idatzita utzi.
Hurrengo goizean titularretan jakin zenezan
zutaz pentsatu nuela, eguna hil zen arte.
w1986