Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Ihauteri-gaua

 

Norbait zure aurpegiaren mozorroan galdu da

eta berarekin nago eserita bizitza edateko prest

gizartetik 35000 arotan saihestuta.

Noranahiko hodeiek nahasten,

                                zabartzen dute zerua.

Eguzkia alkooletan erretzen da.

Bere urreak ezin du bedeinkatu lurraren hotza.

 

Edan, zuregatik edaten dut,

orduen gau belan mantentzen ez zaren zerorregatik.

Edaten dut benenoa edaten den bezala,

kaliza betea eta ertzetan ezti gozoa,

ezpainak eta mingaina ohartu ez daitezen,

hilgarri mingotsa errazago irensteko.

 

Edaten dut kaliza betea,

ertzetan lasaitasuna, arimaren sosegua.

Kanpoan txoriek negua eramaten dute beren kabietara,

elurrak estaltzen du aurretik inork zikindu ez duena,

haizeak bere eskutik darama arratsaldea

eta leihotik ikusten dut arbaztak okertzen direla isiltasunezko zirimolapean.

Edaten dut bakardadea bizitza edaten dudalakoan.

 

Nire adimena nagitzen da

landu eta zaindu ez den sagastia bezala

eta orduan ikusten zaitut

eseri garen denboraren mahaiean.

Mozorroa kendu duzu

eta iluntzen zara.

 

w1986