Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Entropia 1

 

Zer zinen zu denborarik ez zenean?

Zu eta denbora jaio baitzarete batera.

Orain haizeak jotzen zaitu aurpegian,

Eguzkiak egiten dizu keinu

Kapeluaren azpiko zure begi arraietan.

Hegan dagite zikoinek zeruertzean

Eta enarak jira-bueltaka dabiltza ibai ondoan.

Begiratzen duzu aurrera eta atzera.

Espero zenuena ez da agertu zitara.

 

Orduan ez zen kontzeptu abstraktorik.

Denborarik ez zenean ez zen espaziorik.

Geografiarik ez, historiarik ez, filosofiarik ez.

Mundu hura alaiagoa zen, eta sinpleagoa.

Hitzik ez halako egoera adierazteko.

—Hitza baita instante bat mila zatitan hautsia—.

Izenik ez gauzak bataiatzeko.

—Zerbait izendatzea, iraupena ematea da.

Geroaz bustitzea haren zainak—

Baina ura bazen itsasorainoko bidean

Eta hondartzan baretzen ziren olatuak.

Orainik ez zen, ez iraganik.

Dorrean ez erlojurik, ariman ez minik,

Ekintzetan ez engainurik, bihotzetan ez damurik.

Inor ez zen berandutzen, ez goiz etortzen.

Baina kafea hartzen ari zara, arrenkuratuta

Terraza triste bateko mahai bakartian.

Leihoan kardantxilo bat kantari.

Haur batek uso luma grisa nahi du harrapatu.

Beroak bustitzen dizu ahoa,

Mendi-muino baten gisa kiribildua.

Suzko bi arbola gozo dira zure iztarrak.

Ezer ez zen gaur den modura.

Zu ezberdina izango zinen.

 

Bizitzarik ba ote zen? Ez dakit.

Arduratuegi nengoen zita hori prestatzen.

Beste bat ez baita egongo.

Aspertuta joango zara, ez zara itzuliko.

Ezer ez da errepikatzen, dena da aldatzen.

Ezer ez da berritzen, dena da galtzen,

Baita oroimena ere, habiarik gabeko txoria.

Ez zaitut berriro ikusiko

Zure hodeizko soinekoarekin, gorputz argiarekin.

 

w1992