Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Perspektiva Nevstky

 

1 izatea baino gehiago da bakarrik egotea.

2 izatea baino gehiago, gutxienik.

2 baita interesatzen zaigun guztia.

Eta batzuetan bakarrik egoteak esan nahi du

Batean bizi direla multzoak.

 

Noizbait bakarrik egon denak

Bereaz gain bizi ditu beste bizitzak,

Aspaldiko oihartzunek hartua diote ezaguera,

Urrutiko musikak ezkutatzen dira haren bihotzean,

Arima lausotzen diote milaka

Jainko ezezagun eta harrizkoren otoitzek.

 

Noizbait bakarrik egon denak

Bereaz gain ibili ditu beste bideak;

Atsedena bilatu du ilunabar izoztuetan,

Ahantziaren iturria goizalba loretsuetan,

Seguruak, argizko uztaien artean ernalduak.

Badaki zeruertzaren lerroa nahastu egiten dela

Gorputz behin eta berriro maitatu izanarekin.

Ez dagoela beste lurrik atzean geratu dena baino.

 

Noizbait bakarrik egon dena

Galdu izan da denboraren azpilduretan,

Denbora orainaren oroitzapen luze urezkoan,

Geure baitan dagoena bildurik eta lo

Hondar aleak esku-kuskuilu batean bezala.

 

Zeren bakarrik dagoena ez baita inondar.

Geografia zaio itsaso ordokiz betea.

Ihesi doa ziurtasunetik, desertore gisa.

Icaro berritua, airean barrena biluzik hegan.

Baina babestuko lukeen tenplurik aurkitzen ez.

Pentsamenduak gorritzen diren lorebaratzerik ez.

Fedearen begiez ez baitu so egiten.

 

Jakituna izanik inoiz ez da sentitu arrotz.

Joan-etorri dabil, inora mugitu gabe.

Hitz egiten du hitzik gabe, baina esanez

Den guztia badela eta izango dela

Norberak barruan daramanean.

 

Bakarrik dagoenarentzako oroitarririk ederrena

Parke abandonatutako banku hutsa.

Umez eta txori erraustuz inguraturik.

 

w1992