Klasikotasuna ez da bakarrik antzinatea, handiaren handiz zama zanpatzaile gerta litekeen tradizio hori. Inoizko eta inongo maisulanek eduki ohi duten erritmoaren gozoa, apainduren egokia, esatearen zehatza... hitz batean, oreka esaten dioguna daukan poema oro sar tzen da klasikotasunean. Ezaugarri horietan definitzen da Felipe Juaristiren poesia ere: inspirazio kultuak jotzen du, baina ez da kultista; dotorezia dauka, baina ez da formalista; badu ikuspegi filosofikotik, baina ez da kontzeptuala; eta sentimentala ez bada ere, hain gutxi dugu hotza... Karrankarik egiten ez duen poesia dugu berea, inteligentziaren eta sentiberatasunaren arteko oreka zail horixe da Felipe Juaristiren obra, literaturaren une poetiko gailenen jabetze kon tziente baten ondorio pertsonala. Eta horrexek bihurtzen ditu ezinbesteko han-hemenka kokatzen dizkigun aipamen literarioak. Troiako zaldia hartzen baldin badu, esaterako, ez da arrasortze historiko bat egiteko, maitasunezko goibelaldi baten berri emateko baizik: «heroi triste hori» esaten dio bihotzari, eta orduan lehertzen da bere edertasun osoan metafora, «Troiako zaldi abandonatua». Horra hor biho tza bezalako topiko alboragaitza, alegoria klasiko batez duintasun poetikora ekarria. Horretarako behar du Juaristik erreferentzia, ez beste ezertarako. Klasikotasuna lortzeko poemak eskatzen duen gainerakoa, bere zakukoa du.
Oreka hori, ordea, ez da etsipenak ekarri ohi duen baretasun erraza. Juaristiren poemek duten oreka miresgarri hori atezuan lortua da beti ere, «bizi-pozaren eta bizi-minaren artean», poetak berak aitortua duenez. Bere lehen poemetan, adibidez, maitearen urruntasunak behartzen du memoriaren eraikitzera, eta poetak zenbaitetan ageri duen etsi-planta antidoto salbagarri antzeko bat da funtsean, sobera zoritxarreko izan ez gaitezen baliatzen duen zuhurtzia, derrota askoren lekukotasun atzarria. Jakinaren gainean jarri nahi baikaitu tristetasun horrek. Poeta giro ilun batean ageri baldin bazaigu, izan ere, egunerokotasunaren logika antipoetikoa delako da. Moralista da, nolabait: soberakeriaren ondorioez abisatzen digu. Ez da Juaristi, hala ere, ni-ka eta nago-ka jardutearen zalea, bere buruarekikoak bakanak dira, eta pudore handiz adieraziak. Diskrezio berdinaz egin da bere azken bilduman esplizitoago mezuan eta aldi berean laburrago moldean, gero eta pairagaitzago egiten zaion inguruak hitzak ito eginen balizkio bezala. Poemak naufragio baten hondakin salbatuez osatuak daudela dirudi, guztioi luzatzen digun itsasketa seguruago baterako eskaintza.
Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957) kazetaria da ikasketez eta lanbidez, baina literaturari bereziki emana. Aldizkari sortzaile (Porrot, Literatur Gazeta), nobelagile (Arinago duk haizea, Absalon), narradore (In tzen tsua lurrean bezala), hainbat lan egin ditu gazte literaturan ere (Ilargi lapurra, Animalien inauteria...). Editore jardun izan du (Baroja, Ber min gham), eta bi aldiz irabazi du Euskadi Saria.